Imanol Pradales: “Euskadi bezalako Estaturik gabeko nazioek ekarpen handia egin dezakegu Europa demokratikoki indartzeko”

0
PRUEBA
  • Europar Batasunak estatuan akreditatutako 21 enbaxadoreen bisita jaso du Lehendakariak Ajuria Enean, Danimarkak EBko Kontseiluko presidentetzaren esparruan antolatutako bisitaren harira
  • Pradalesek iragarri du Euskadik 2026ko otsailean bilera bat egingo duela Europako eskualde industrializatuenetako gobernuekin, zenbait erronkari aurre egiteko: adimen artifiziala, prozesadore kuantikoak, teknologia garbiak eta biozientziak
  • Europako erakundeetan “euskal herriaren ahotsa eta euskara entzutea” garrantzitsua dela aldarrikatu du lehendakariak

Imanol Pradales Lehendakariak Europar Batasunak Estatuan akreditatutako enbaxadoreak hartu ditu gaur goizean Ajuria Enea Jauregian, Michael Braad Danimarkako enbaxadoreak antolatutako bisitaren harira. Ordezkaritza diplomatikoa 21 estatu kidetako ordezkariek osatzen dute, eta irailaren 21etik 23ra egongo da Euskadin, Europar Batasuneko Kontseiluko Danimarkako presidentetzarekin batera.

Bisitaren programan, Euskadiko ekonomia-, kultura- eta energia-sektoreekin lotutako bilerak eta jarduerak egingo dituzte, eta, besteak beste, CIC energiGUNE, Bilboko Portua eta Guggenheim Bilbao Museoa bisitatuko dituzte. EBko Diplomaziak Euskadira egiten duen hirugarren bisita da, Herbehereek 2016an eta Esloveniak 2021ean antolatu ondoren.

Bileran, Imanol Pradalesek Euskadi bezalako naziorik gabeko estatuek Europako proiektua demokratikoki indartzeko izan dezaketen indarra eta zeregina aldarrikatu du, eta kontinente zaharrak aurre egin beharko dien erronka teknologiko eta estrategikoetan “parte aktiboa” izatea eskatu du, mugaz gaindiko lankidetza edo berrindustrializazioa bezalako esparruetan. Halaber, Europako funtsen kudeaketan eta birbanaketan zuzenean parte hartu ahal izatea.

Pradalesek azpimarratu du Europar Batasunak premiazko erreformak behar dituela gobernantzari dagokionez: “Txostenetatik ekintzetara pasatu behar dugu, eta gure autonomia bermatu behar dugu industrian, energian, defentsan, elikaduran, ekintza klimatikoan eta teknologian. Urte erabakigarriak datoz, eta horiei arrakastaz aurre egiteko benetako autonomia politikoa duen Europa behar dugu”.

Lehendakariak nabarmendu duenez, “egungo sistema gainditzeko garaia da, ez baitu ahalmenik garai berriei aurre egiteko; egungo paradigma guztien adostasuna da, eta horrek badu beste aldea: betoa”. Horren ordez, Pradalesek gehiengoen eta maila anitzeko gobernantzaren eredurantz egitea defendatu du, “subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioetan oinarrituta. Premiazkoa da banatutako botere justuagorantz eta elkarlaneko gobernantza eraginkorrago baterantz egitea”.

Era berean, Lehendakariak Makroeskualde Atlantikoa sortzeko aurrerapausoa ematea eskatu du: “Oztopoak gainditu eta behin betiko pausoa emateko garaia da. Berebizikoa da gure interes komunak defendatzeko”, eta gogorarazi du, Diplomatikoen 2021eko azken bileraz geroztik, “Europaren eta munduaren bilakaerak agerian uzten duela inoiz baino beharrezkoa dugula diplomazian eta lankidetzan sakontzea”.

“Harremanak behar ditugu Europako herrien artean, eta nazioartean aliantza eta aukera berriak ireki behar ditugu gure balioak partekatzen dituztenekin. Zuen lana ezinbestekoa da eta Euskadi Globalaren bidez partekatzen dugu”, adierazi du.

Era berean, Imanol Pradales Lehendakariak iragarri du Euskadik 2026ko otsailean bilera bat antolatuko duela Europako eskualde industrializatuetako gobernuekin. Adimen artifiziala, prozesadore kuantikoak, teknologia garbiak edo biozientziak bezalako erronka globalei emandako erantzunak aztertzeko balioko du.

Eta ordezkaritza diplomatiko garrantzitsua baliatu du, beste behin ere, Europako erakundeetan euskararen presentzia aldarrikatzeko. Hala, nabarmendu duenez, “Europan euskal herriaren eta euskararen ahotsa entzutea” garrantzitsua da.

EBren Danimarkako presidentetza

Euskadira etorri den ordezkaritza diplomatikoak 21 estatu kide ordezkatzen ditu: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Zipre, Kroazia, Danimarka, Eslovakia, Estonia, Finlandia, Hungaria, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal, Errumania eta Suedia.

Danimarkak uztailaren 1ean hartu zuen EBko Kontseiluaren txandakako presidentetza, ‘Europa indartsu bat mundu aldakor batean’ lelopean. 2025eko bigarren seihilekorako programak honako ardatz hauek ditu: autonomia estrategikoa indartzea, trantsizio berdean aurrera egitea eta batasuna, egonkortasun demokratikoa eta gizarte-kohesioa indartzea.

Danimarkako presidentetzak bi lehentasun nagusiren inguruan egituratu du jarduna: lehenengoaren oinarria Europa segurua lortzea da eta, bigarrenarena, Europa lehiakor eta berdea erdiestea.

2016ko ekainean egin zuen Diplomaziaren Taldeak Euskadira lehen bisita. Orduko hartan, Herbehereetako enbaxada arduratu zen bidaia antolatzeaz. 2021eko urrian, COVIDa gertatu eta urtebetera, Europar Batasuneko Diplomatikoen Taldeak Euskadira egin zuen bidaia, Esloveniako enbaxadak antolatuta.