Martxan da Beldur Barik bideo lehiaketaren hamaseigarren edizioa, gazteek indarkeria matxistaren aurrean beren jarrera erakusteko egitasmoa

0
PRUEBA
  • Donostiako Lauaizeta ikastetxeko ikasleekin egindako hausnarketa eta POV formatuko bideoak sortzeko lanketa tailer batekin abiatu da
  • Aurtengo edizioaren berrikuntza da gazteek sare sozialetan hain zabalduta dauden POV formatuan ere aurkeztu ahal izango dituztela bideoak

Gaur, Donostiako Lauaizeta ikastetxean egindako ekimenarekin eman zaio hasiera Beldur Barik 2025 ikus-entzunezko lehiaketari. Emakundek sustatzen du lehiaketa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek sustatutako ekimen zabala da Beldur Barik programa eta, gazteen artean indarkeria matxista saihesteko eta haiekin batera hausnarketa eta eztabaidak sustatzeko helburua du, Beldur Barik Jarrera bultzatuz.

Lauaizeta Ikastetxeko hainbat gazteri zuzendutako tailerraren baitan aurkeztu dituzte aurtengo edizioaren berrikuntzak. Lehendabizi Parean Elkarteko Miren Lanzek eta Oihana Llorentek indarkeria matxistaren adierazle diren egoerei eta horiei aurre egiteko moduei buruzko  hitzaldia eman diete eta Beldur Barik egitasmoko xehetasunak partekatzeko tartea ere hartu dute.

Ondoren, Anepe Acedo eduki sortzaileak sare sozialetan argitaratzeko POV (Point Of View) formatuko bideo laburrak sortzeko ikastaro praktikoa eman die. Modu honetan, gazteek hainbeste erabiltzen dituzten sare sozialak modu kontziente eta feminista batean baliatzeko hausnarketa eta formakuntza jaso dute. Izan ere, horixe da 2025eko Beldur Barik lehiaketaren berrikuntzetako bat, sare sozialetan hain zabaldua dagoen POV erako bideo laburrak ere aurkeztu ditzaketela gazteek, hain zuzen ere. Helburua da lehiaketa egokitzea, gazteek sareetara igo ohi dituzten bideo formatuak ere kontuan hartuz. Formatu horren bidez, indarkeria matxistaren inguruko egoera baten aurrean gazteek euren ikuspuntua edo erantzuna adieraz dezaten bilatzen da.

Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendariaren esanez, programaren helburua indarkeria matxista prebenitzea da gazteen artean, “nesken ahalduntzea lagunduz eta mutilei berdintasunaren beharraren inguruan hausnartzen lagunduz, denen parte hartzearekin gizarte berdinzaleago baten alde eginez”.

Horretarako, gazteen parte-hartzea eta sormena sustatzen dituen proiektu honek hausnarketarako espazioa eskaintzen die. Izan ere, Elgarrestak adierazi duenez, “sorkuntza-prozesua bera gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera bihurtzen da. Eta hori da helburua: gazteek estereotipoen, edertasun kanonen, bikotearen kontrolaren, indarkeria matxistaren eta antzeko gai askoren inguruan eztabaidatzea.”

 

Lehiaketaren xehetasunak

Lehiaketan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, banaka edo taldeka, bi kategoriatan banatuta:

  • 12-16 urte (2013-2009 artean jaiotakoak)
  • 17-20 urte (2008-2005 artean jaiotakoak)

Aurkeztutako ikus-entzunezkoek gazteen jarrera kritiko, eraikitzaile eta konprometitua islatu behar dute indarkeria matxistaren aurrean. Hau da, Beldur Barik Jarrera adierazi behar dute: parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Gazteak ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen  etxeen bitartez aurkeztu ahal dute haien lana edo haien kabuz.  Lehiaketaren oinarriak programako webgunean kontsulta daitezke, baita bideoen sorkuntzarako lagungarria izan daitekeen materiala. Parte hartzea zabalik egongo da irailaren 22tik azaroaren 9ra bitarte. Izen-ematea webgunearen bidez egin beharko da.

Sarien artean daude 650 euroko sariak taldeentzako eta 200 euro + liburu sorta banakako lanentzat, baita publikoaren saria (300 €) eta ikus-entzunezko lan onenaren saria (300 €) ere.

Lan sarituak azaroaren 28an egingo den Beldur Barik Topaketan ezagutzera emango dira, indarkeria sexista eta matxistaren aurkako borrokan ari diren gazteen topagune bilakatuko den ekitaldian.