Osasun Sailak 250.000 € bideratuko ditu tokiko eremuan osasuna sustatzeko proiektuetara

0
PRUEBA
  • Dirulaguntzen deialdiaren helburua herritarren bizi-baldintzak hobetzeko proiektu parte-hartzaileak finantzatzea da, eta jada aurkeztu ahal dira eskaerak
  • Osasuna sustatzera bideratutako jarduerak lagunduko dira diruz, jarduera fisikoarekin, elikadura osasungarriarekin, ongizate emozionalarekin, eta osasunean eta ongizatean laguntzen duten inguruneekin lotutakoak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2025ean Euskadiko tokiko eremuan parte hartze komunitarioko prozesuen baitan osasuna sustatzeko jardueretarako laguntzen deialdia egin du. Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago jada, eta urriaren 20ra arte bidali ahal izango da dokumentazioa www.euskadi.eus webgunearen bidez.

Laguntza horien bidez lortu nahi da parte-hartze komunitarioko proiektuak finantzatzea, bizikidetza-eremuko kideen bizi-baldintzak hobetzeko; osasuna eta ongizatea hobetzeko prozesuetan ekintza indibidualerako eta kolektiborako gaitasunak indartzea; eta loturak eta kohesio soziala sendotzea, kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboak barne.

Horretarako, diruz lagunduko dira osasuna sustatzeko jarduerak, jarduera fisikoarekin, elikadura osasungarriarekin, ongizate emozionalarekin, osasunaren edo ongizatearen aldeko inguruneekin eta komunitatearen osasunerako eta ongizaterako garrantzitsuak diren beste gai batzuekin lotuta egon daitezkeenak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 250.000 euro bideratu ditu aurten laguntza-ildo horretara, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak tokiko eremuan osasuna sustatzeko egindako apustuari erantzuteko, biztanleriaren osasun-egoera hobea lortzeko bitarteko gisa.

2024ko deialdian, 41 proiektu finantzatu ziren guztira (8 Araban, 4 Bizkaian eta 29 Gipuzkoan), guztiak ere pertsonen ongizatea eta osasuna hobetzeko ezagutza transmitituz eta trebetasunak garatuz. Diruz lagundutako proiektuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: hainbat udalerritan garatu den ttipi-ttapa ekimena, jarduera fisiko gidatuak, zahartze aktiboko eta/edo sortzaileko jarduerak edo ingurunea hobetzera bideratutako proiektuak.