%100 energia berriztagarriekin sektore publiko osoa hornitzeko kontratazio zentralizatua onartu du Eusko Jaurlaritzak

0
PRUEBA

Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak baimena eman du kontratazio zentralizatu bat egiteko 2026-2027 aldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa eta beste erakunde batzuk energia elektrikoz hornitzeko. Energia horren iturriak %100 berriztagarriak izango dira eta kontratuaren aurrekontua guztira ia 144 milioi eurokoa da.

Kontratazio zentralizatu horren bitartez, hornidura elektrikoa emango zaie sektore publikoko erakunde guztiei eta beste ente batzuei, hala nola EHU, teknologia-parkeak, Osakidetza edo Euskotren. 1.638 sarbide-punturen hornidura kontratatu da, eta urteko kontsumoa, gutxi gorabehera, 325 GWh izango da.

Kontratatutako energia energia-iturri berriztagarrietatik eta/edo efizientzia handiko kogeneraziotik soil-soilik sortuko da. Horrela, aipatutako kontsumo-puntuetako energia elektrikoaren eskariari % 100ean energia berriztagarriarekin erantzutea aurreikusten da.

4 milioi eurotik gorako laguntzak gizarte ekonomia bultzatzeko

Era berean, Gobernu Kontseiluak, 4 milioi eurotik gorako laguntza berriak onartu ditu gizarte-ekonomia bultzatzeko.

Ubarretxenaren hitzetan, “2025eko deialdi honek aurreko laguntza-lerroak bateratzen ditu, hau da, lehengo «Gizarte-ekonomian ekiteko laguntzak» eta «Gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzak» izenekoak, eta tramiteak sinplifikatzea eta dirulaguntzen kudeaketaren efizientzia handitzea du helburu, ekintzailetza kolektiboa eta kooperatiba- eta lan-formulen bidez enpresak sor daitezen bultzatzeko”.

Laguntzak hiru multzo handitan egituratzen dira: gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko ekosistema mesedegarri bati eustea, enpresa berriak eratzea eta sustatzea, eta pertsona bazkideak sartzea, arreta berezia jarriz langabeengan edo desgaitasuna duten pertsonengan. Gainera, nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibei laguntzea aurreikusten da, lurraldeko ekoizpen- eta gizarte-sarea indartzeko.

Amaitzeko, bozeramaileak segurtasun arloan gaur Gobernu Kontseiluan jorratu eta onartutako gaien berri eman du.

Batetik, beste lau urtez luzatuko da 2021eko irailaren 27an Euskadik (Segurtasun Sailaren bidez) eta Valentziako Nazioarteko Unibertsitateak (VIU Valencian International University) sinatu zuten hezkuntza-lankidetzako hitzarmena.

“Horri esker, Valentziako unibertsitate horretako ikasleek Ertzaintzan jarraitu ahal izango dute kanpoko praktika akademikoak egiten, beren prestakuntza akademikoan eskuratutako ezagutzak aplikatzeko eta osatzeko, eta jarduera profesionaletarako behar dituzten eta enplegagarritasuna erraztuko dieten konpetentziak eskuratzen laguntzeko” jakinarazi du Ubarretxenak.

Horretaz gainera, Ertzaintzaren eta Microsoft Ibérica konpainiaren artean jarduketa-protokolo orokor bat sinatzea ere onartu da, zibersegurtasunaren arloan Ertzaintzaren barruan diharduen «Prebentzioa komunikazioaren bidez» izeneko taldea prestatzeko.  “Helburua da – azaldu du bozeramaileak- prebentzio-programa honetan lan egiten duten ertzainen gaitasunak hobetzea. Programa hori Euskadiko ikastetxeetako ikasleak zibersegurtasunaren arloan sentsibilizatzeaz, informatzeaz eta kontzientziatzeaz arduratzen da, besteak beste”.

“Ertzaintzaren eta Microsoften arteko lankidetzak nabarmen lagunduko du zibersegurtasunari buruzko azken joerak Euskadiko ingurunera hurbiltzen, Ertzaintzako agenteek ikasleei prestakuntza hobea eman ahal izan diezaieten ingurune digitalean beharrezkoa den autobabesari buruz” esan du Ubarretxenak.

Amaitzeko, Ubarretxenak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Jon Gurutz Gomez Goikolea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi izendatzea onartu duela gaur.

Goikolea arduratuko da Arkauteko Akademiako zuzendaritza nagusiaz, eta Olga Fernandino izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria. Goikolea eta Fernandino arduratuko dira Akademiaren hezkuntza-eredu berria gauzatzeaz. Besteak beste, aurrerantzean ikasleek gaua berriro Arkauten igaro beharko dute beraien prestakuntzak irauten duen bitartean eta Arkanpus plataforma digitalaren bidez online heziketa eredua ere garatuko da.

 

Prentsa-txostena

Gai-zerrenda