2024aren aldean % 19 jaitsi da nitrogeno dioxidoa, 2025 osoan ez da eguneko muga behin ere gainditu
Isuri Gutxiko Eremua (IGE) indarrean sartu eta urte erdira, airearen kalitatean izan duen eraginaren emaitzak aurkeztu ditu Udalak. Datuen arabera, nabarmen hobetu dira nitrogeno dioxido (NO₂) mailak hirigunean, bereziki Easo inguruan, han baitago airearen kalitatea monitorizatzeko estazio ofizial bakarra, Isuri Gutxiko Eremuaren barruan dena.
2025eko martxoaren 14an jarri zen indarrean Donostiako IGEa, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legeak mugikortasunaren ondoriozko isuriak murrizteko neurriak hartzeko agintzen baitie 50.000 biztanletik gorako udalerriei. Neurri hori Europako Itun Berdean eta airearen kalitateari buruzko zuzentarau berrian ere badago, eta zuzentarau horrek estutu egiten ditu nitrogeno dioxidoaren eta airean izaten diren beste partikula kutsatzaile batzuen eraginpean izateko mugak.
Emaitza nagusiak
Ingurumen Osasun eta Jasangarritasun Sailak Easoko estazioan hartutako datuetan oinarrituta egindako analisiek erakusten dutena da:
• 3,93 µg/m³ murriztu dela NO₂-a 2024aren aldean (–% 19),
• 7,33 µg/m³ 2021–2024ko batezbestekoaren aldean (–% 31),
• 2025ean ez dela gainditu 50 µg/m³ eguneko muga (2024an 1 izan zen, eta aurreko urteetan 6, batez beste), eta
• Ategorrietan eta Tolosa hiribidean lehen bezala edo pixka bat gora egin duela NO₂ mailak eta, beraz, Easoko jaitsiera zuzenean IGEari egotzi daitekeela.
PM10 eta PM2,5 partikulak pixka bat igo egin dira 2024aren aldean, baina joera orokorra beheranzkoa da oraindik ere. Partikula horiek iturri ugari dituzte, eta, beraz, horien bilakaera kanpoko faktore batzuen mende dago: Saharako hautsa eta industria-jarduera, adibidez.
Iñigo Garcia Villanueva Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak positibotzat baloratu du lehen balantze hau: «IGEa ezartzeak mugarri bat jarri zuen gure ingurumen-politikan. Sei hilabete pasa eta gero, norabide egokian goazela esaten dute datuek: nabarmen murrizten ari gara osasunerako oso kaltegarria den kutsatzaile bat, ibilgailuen trafikoari zuzenean lotuta dagoena».
Klimaren jarraipena egitea eta joerak finkatzea
Ingurumen Osasun Sailak gogorarazi du urteko aurreneko zortzi hilabeteetakoak bakarrik direla datu horiek, eta, beraz, behin-behinekotzat hartu behar direla. Baldintza meteorologikoek nabarmen eragiten diote kutsatzaileak sakabanatzeari, eta, hala, urteko garai guztiek ez dute berdin balio IGEaren eta horrelako neurrien inpaktua ebaluatzeko.
Udaberrian eta udan, esate baterako, tenperatura altua eta eguzki-erradiazio handia izaten da, eta ozono troposferikoa errazago sortzen da horrela. Hori dela eta, zailagoa izaten da airearen kalitatearen adierazleak hobetzea; hala diote AEMETek eta Europako Ingurumen Agentziak ere. Hala eta guztiz ere, orain arte lortutako datuak positiboak dira, batez ere nitrogeno dioxidoari (NO₂) dagokionez, eta horren jaitsierarik handiena Easoko estazioan izan da, IGEaren perimetroaren barruan.
Ingurumen Sailak adierazi du, orobat, udazkenean ere begiratu behar zaiola datuen bilakaerari –airearen kalitateak hobera egitea aurreikusten baita udazkenean–, eta, bereziki, negua pasatutakoan izango den bilakaerari, urte sasoi horretan baldintza atmosferikoak hobeak izaten baitira kutsatzaileak sakabanatzeko. Orduan bakarrik eduki ahal izango da serie konparatibo sendoago bat, ikusitako joerak finkatu eta IGEak hirian duen egiturazko inpaktua zehaztasun handiagoz baloratu ahal izateko.
«Airearen kalitatea hobetzeko erronka ez da hor amaituko», gaineratu du Iñigo Garciak. “IGEa funtsezko tresna da; baina, horrekin batera, izango dira beste neurri batzuk ere (mugikortasun jasangarria, garraio publikoa eta bizikletan eta oinez ibiltzea sustatzea, adibidez), eta baita herritarrak kontzientziatzeko kanpainak ere. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu hiri osasungarriagoa eta bizigarriagoa hurrengo belaunaldientzat».