Euskadiko ikastetxeetan segurtasun publikoaren hainbat alderdiri buruz, horien artean zibersegurtasunari buruz, sentsibilizatzeko programak eskaintzeaz arduratzen den “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” programan parte hartzen duten Ertzaintzako agenteek prestakuntza jasoko dute gai horretan Microsoften eskutik
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran eman du Ertzaintzaren eta Microsoft Ibérica konpainiaren arteko jarduketa-protokolo orokor bat sinatzeko oniritzia, Ertzaintzaren “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” taldea zibersegurtasunaren arloan prestatzeko. Helburu zehatza da Euskadiko ikastetxeetako ikasleak, besteak beste, zibersegurtasunaren arloan sentsibilizatzeaz, informatzeaz eta kontzientziatzeaz arduratzen den prebentzio-programa horretan lan egiten duten ertzainen gaitasunak hobetzea.
Ertzaintzaren eta Microsoften arteko lankidetza horrek nabarmen lagunduko du zibersegurtasunari buruzko azken joerak Euskadira hurbiltzen, agenteek ikasleak ziurtasun handiagoz prestatu ahal izan ditzaten ingurune digitalean beharrezkoa den autobabesean.
Protokolo hori urtebetez egongo da indarrean, eta beste urtebetez luzatu ahal izango da. Lankidetza honako arlo hauetan garatuko da:
- Prestakuntza eta baliabideak partekatzea Ertzaintzako taldeei zibersegurtasunaren arloko trebetasun teknikoak eta gaitasunak garatzen eta eguneratuta mantentzen laguntzeko.
- Aholkularitza eta orientazioa ematea prebentzio- eta komunikazio-programen eraginkortasuna hobetzeko moduari buruz, bai eta Ertzaintzaren eta beste erakunde batzuen arteko komunikazioa eta lankidetza hobetzen lagundu dezaketen tresna eta teknologiei buruz ere.
- Lurraldean prebentzioa eta komunikazioa sustatzeko ekitaldien eta jardueren antolaketan elkarlanean jardutea.