Etxebizitza Sailak premiazko neurriak zabaldu ditu: babes ofizialeko etxebizitzen % 50 gazteei adjudikatzea agindu du, Bizigune eta Gaztelagun programak hobetu ditu eta lokalak etxebizitza bihurtzea erraztu du

0
PRUEBA
  • Denis Itxasok atzo sinatu zuen etxebizitzari buruzko erregelamendu-xedapenak premiaz aldatzeko dekretu-proiektuaren (Premiazko Neurrien Dekretua) aurretiazko onarpena. Hilabeteak dira dekretu-proiektu hori tramitatzen hasi zela, Legebiltzarrean tramitatzen ari den premiazko neurrien legearekin batera, bizitokiko larrialdi-egoerari aurre egingo dieten erreforma integralei heltzeko apustuan.
  • Dekretu-proiektua gaur argitaratu da Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian, eta eremu tentsionatuen irudia hartzen du aintzat. Bi hilabeteko barne-tramitazioa beharko du, urte honen amaieran Gobernu Kontseiluak onartu aurretik.

Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atariak gaur argitaratu du Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila joan den udaberritik tramitatzen ari den etxebizitzari buruzko erregelamendu-xedapenak premiaz aldatzeko dekretu-proiektuaren (Premiazko Neurrien Dekretua) aurretiazko onarpena. Dekretu horrek indarrean dauden hamabi arauren aldaketari heltzen dio, eta, batik bat, helburu hauek ditu: gazteei zuzendutako babes publikoko etxebizitzen kupoa handitzea; eskubide subjektiboaren aitorpenaren zenbatekoak eguneratzea, baita Gaztelagun programarenak, ASAP programarenak eta Bizigune programarenak ere; alokairua sustatzeko laguntzak eta etxebizitzak batzeko programak erakargarriago egitea; birgaitzeko laguntzak errazago eskuratzea; indarkeria matxistaren biktima diren emakumeek babes publikoko etxebizitzak eskuratzeko duten lehentasuna areagotzea; eta kolektibo jakin batzuei etxebizitza modu berezian edo zuzenean adjudikatzeko aukera bermatzea.

Itxaso sailburuaren hitzetan, “Eusko Jaurlaritza etxebizitza-eskatzaileak babesteko eta etxebizitza-eskaintza maximizatzeko eskura dituen bitarteko guztiak erabiltzen ari da”. Eta erantsi duenez, egungo bizitoki-larrialdiaren aurrean, berak zuzentzen duen Saila “eskura dituen lege- eta aurrekontu-tresna guztiak baliatzen ari da alokairuaren merkatuko tentsio handiari aurre egiteko”.

Gazteek etxebizitza eskuratzearekin konpromisoa hartzea

Koalizio-gobernuaren programaren arabera, dekretuak alokairuko etxebizitza babestu guztien % 50 36 urtetik beherako gazteei eskaintzeko konpromisoa berresten du. Gazteentzako erreserba-kupoaz gain, aldaketa horiek nabarmen hobetzen dituzte alokairurako Gaztelagun laguntzak. Programak laguntzen zenbatekoak eguneratuko ditu etxebizitzen alokairuaren merkatuan izaten ari den prezio-igoerari aurre egiteko, eta, horretarako, eremu tentsionatuak kontuan hartuko ditu. Izatez, irudi horrek ezartzen duen prezioen erregulazioari esker, laguntzen igoerak ez du merkatua berotzea eragingo. Denis Itxasoren iritziz, “dekretu horrek eremu tentsionatuak alokairurako laguntza-programak baliatzeko elementu baliagarri gisa eta kudeaketa-irizpide gisa barne hartzen ditu gure politiketan”.

Gaztelagun programa baliatzeko gehieneko errentak 900 eurokoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan, 800 eurokoak horien eremu funtzionaletan eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 750 eurokoak gainerakoetan. Sailburua eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan neurriak izango duen inpaktuaz mintzatu da, eta baieztatu duenez, “laguntza jasotzeko gehieneko errenta hileko alokairuaren batez besteko prezioaren % 95 artekoa izan daiteke, Alokairuaren Merkatuaren Inkesta oinarritu hartuta”. Horrez gain, Premiazko Neurrien Dekretuak laguntza jasotzeko gehieneko diru-sarrerak handitu nahi ditu: 3.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko tarte berriak eskaera indibidualetarako; 3.000 eurotik 36.764 eurora bitarteko tarteak baterako eskaeretarako; eta 3.000 eurotik 39.184 eurora bitarteko tarteak familia ugarietarako. Halaber, Gaztelagun aginduaren aldaketak gelen alokairua eta azpierrentamendu-egoerak aintzat hartzeko aukera emango du.

Bizigune programaren eta etxebizitzarako eskubide subjektiboaren arloko hobekuntzak

Aurreko guztia ez da kudeaketa publikoko etxebizitzak eskuratzearen arloko berrikuntza bakarra. Bizigune programan aldaketak egingo dira alokairuko bitartekaritza publikoko programa horretan sartzen den etxebizitza bat eskuratzeko errentaren gehieneko atalasea 21.000 eurotik 45.022,57 eurora handitu dadin, eta, hala, “babes ofizialeko etxebizitzen erregimen orokorrarekin pareka dadin eta Euskadiko klase ertainen eskaera handiari hobeto erantzun dakion”, nabarmendu du Itxasok.

Aldi berean, Bizigune programan nabarmenduko da Alokabidek beren etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren esku jartzen duten jabeei formula horren bidez ordaintzen dien kanona (errenta) handituko dela oro har, eta oso bereziki eremu tentsionatuetan. Kanona merkatuko balioaren % 80ra iritsiko da, eta gehienez 700 eurora. Eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan, berriz, zenbateko hori Alokairuaren Merkatuaren Inkestaren % 95 arte igoko da, eta 800 eurora hurbilduko da Bilbon, eta 965 eurora Donostian.

Bestalde, etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen duten gehieneko diru-sarrerak 1.000 eurotan handituko dira bizikidetza-unitatearen hiru kasuetan: 14.000 euro urtean kide batekoentzat, 18.000 euro urtean bi kidekoentzat eta 20.000 euro urtean hiru kide edo gehiagokoentzat. Eskubide horrek errenta-maila horiek dituzten bizikidetza-unitateei ziurtatuko die alokairuko etxebizitza publikoa eskuratzea edo, bestela, etxebizitzarako prestazio ekonomikoa jasotzea (hilean 300 eurora arte). Osagarri gisa, gehitu da alokairuko etxebizitza publikoen adjudikaziodun izateko gutxienez 3 urteko antzinatasunarekin erroldatuta egotea Euskadin.

Hiri eraikia birdentsifikatzearen aldeko apustua

Dekretu horrek, halaber, aldaketak egin ditu merkataritza-lokalak eta industria-espazioak etxebizitza bihurtzeko aukeran. Etxebizitza horiek birgaitze baten ondoriozko etxebizitzekin parekatzen direnez gero, beheko solairuak, industria-eraikinak edo hirugarren sektoreko eraikinak, osorik edo modu partzialean, etxebizitza bihurtzeko aukera ematen du, lurzorua kontsumitu beharrik gabe eta hiri eraikia birdentsifikatzearen alde. Testuinguru horretan, bizigarritasunari buruzko dekretua aldatzeak lokalak etxebizitza bihurtzea ziurtatuko du, eguzkitze, orientazio eta barne-banaketako baldintzez salbuetsita eta hain zorrotzak ez diren birgaitze-jarduerekin parekatuta.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak modu positiboan baloratu du salbuespen hori, eta, aditzera eman duenez, “tresna baliagarria da merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera malgutu eta erraztu dadin, eta, horretarako, behar-beharrezkoa izango da udalek laguntzea eta haien araugintza-ahalmen guztia kausa horren alde jartzea”.

Dekretu berriaren irismen ekonomikoa eta arauzkoa

Dekretua indarrean sartzeak hamabi arau aldatzea eta sailaren urteko gastua 5 milioi eurotik gora handitzea ekarriko du; edonola ere, 2,5 milioi euro gehiago jasotzea ere aurreikusten du, Bizigune programaren onuradun diren maizterrekin sinatutako kontratuen bidez.

Laburbilduta, hauek dira dekretu berriaren aldaketak:

– 39/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-neurriei buruzkoa

– 466/2013 Dekretua, abenduaren 23koa, Bizigune etxebizitza hutsen programa arautzen duena

– 144/2019 Dekretua, irailaren 17koa, Merkatu libreko etxebizitzak alokatzeko ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) bitartekaritza-programa arautzeko dena

– 80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena

– 147/2023 Dekretua, urriaren 10ekoa, etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa

– Agindua, 2006ko urriaren 4koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat etxebizitzaren arloko ekintza positiboko neurriei buruzkoa

– Agindua, 2010eko urriaren 6koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzak erosteko finantza-neurriei buruzkoa

– Agindua, 2012ko urriaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa

– Agindua, 2021eko uztailaren 21ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzen eta eraikinen birgaitzearen, irisgarritasunaren eta energia-efizientziaren arloko jarduketa babesgarrietarako finantza-neurriei buruzkoa

– Agindua, 2021eko abenduaren 7koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, alokairua eta etxebizitzen eta bizitoki-eraikinen bestelako erabilerak sustatzeko jarduketei buruzkoa

– Agindua, 2022ko apirilaren 26koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Gaztelagun programaren etxebizitza-alokairurako laguntzak

– Agindua, 2022ko ekainaren 30ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona zehazteari buruzkoa