Euskadik eta Bavariak bilera egiten dute erakundeen, ekonomiaren eta trantsizio energetikoaren arloetan lankidetza indartzeko

0
PRUEBA
Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia Eric Beißwenger Bavariako (Alemania) Europako eta Nazioarteko Gaietarako Estatuko ministroarekin bildu da gaur arratsaldean, bi lurraldeen arteko lankidetzan sakontzeko.
Bileran erakundeen arteko lankidetzari, industria eta enpresa arloari, goi-mailako hezkuntzari eta ikerketari, segurtasunari eta trantsizio energetikoaren eta digitalizazioaren erronkei buruzko funtsezko gaiak jorratu dituzte. Gainera, kohesio-politika berriro definitzeko eta lehiakortasuna, berrikuntza eta segurtasuna ardatz duen industria-bultzada berria bilatzeko une honetan —eta hori guztia Europako autonomia estrategikoa definitzeko ikuspegitik—, industria-eskualdeek Europako proiektuaren etorkizunean duten rol estrategikoa azpimarratu dute.
Euskadiren eta Bavariaren arteko harremanak elkarren arteko interesa izan du ezaugarri historikoki, antzekotasun handiak dituzte eta. Bi lurraldeotan industria funtsezko motor ekonomikoa da, eta ekarpen erabakigarria egiten diete dagozkien Barne Produktu Gordinari eta enpleguari. Euskadik eta Bavariak asmo handiko berrikuntza-politikak garatu dituzte, lehiakortasuna indartzeko eta Europako eta munduko industria-estrategian erreferentziazko eragile gisa finkatzeko. Halaber, nazioartekotzea ardatz duten ekonomiak dira, eta industria-sektoreek esportazio-maila handiak dituzte.
Hori dela eta, Bavaria Euskadiren lehentasunezko bazkide da Europan. Lotura horren harira hainbat Lankidetza Memorandum sinatu dira. Horiei esker, erakundeen arteko lankidetza estutu da, eta ekonomia- eta enpresa-harreman pribilegiatuak indartu dira.
Euskadi Globala estrategiaren baitako bilera honetan, Euskadik eta Bavariak bi eskualdeen etorkizun ekonomiko, sozial eta teknologikoa definituko duten esparru estrategikoetan elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea berritu dute.