Eusko Jaurlaritzak larrialdietako eta babes zibileko merezimenduen dominak emateko prozedura hasi du

0
PRUEBA
  • EHAAn gaur argitaratu da Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuaren agindua, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren mende dauden organismoei euren proposamenak aurkezteko aukera ematen diena
  • Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren mende dauden erakunde eta organismoek hilabeteko epea izango dute, gaurtik aurrera, hautagaiak aurkezteko

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuaren agindua, larrialdietako eta babes zibileko dominak eta plaka-diplomak emateko prozedurari hasiera ematen diona. Horrela, Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemako zerbitzuen mende dauden erakunde, enpresa, entitate eta antolakundeek, profesionalek nahiz boluntarioek, hilabeteko epea izango dute, aipatutako agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasita, egoki iritzitako 2025eko proposamenak eta hautagaiak aurkezteko.

Segurtasun Sailak 2017an sortu zituen larrialdien eta babes zibilaren arloko ohorezko bereizgarri horiek, publikoki aitortzeko asmoz esku hartzeko zerbitzuetako pertsonalaren jarduketa aipagarriak eta herritarren inplikazioa eta laguntza, arrisku kolektibo larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoera larrietan pertsonak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan.

Sariak hiru kategoriatan banatzen dira: Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina, Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma eta Euskadiko babes zibileko boluntarioen lana aintzatesteko diploma.

Eusko Jaurlaritzak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman sartuta dauden erakunde guztiei dei egiten die aurreikusitako epean aurkez ditzaten euren ustez bereizgarri horiek merezi dituzten hautagaiak.

Saritutako pertsonen eta erakundeen identitatea 2026ko otsailean emango da argitara, 112ren Europako Eguna ospatzeko ekitaldian.