- Sektoreko eragileek beren kezkak, ikuspegia eta proposamenak azaldu ahal izan dituzte.
- Eusko Jaurlaritzak eta sektoreko eragileek muga-zergek ekonomian duten eragina ebaluatu dute, eta hartutako neurrien emaitza baloratu dute.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta sektoreko eragileek Euskadiko Elikagaien Industriaren Defentsarako Taldearen bigarren bilera egin dute, sektoreak bizi duen egoera ekonomikoaren jarraipena egiteko eta Estatu Batuek ezarritako muga-zergei aurre egiteko neurriak hartzen jarraitzeko. Amaia Barredo sailburua izan da bileraren buru, eta, besteak beste, elikagai-klusterreko, upeltegietako eta Kontseilu Arauemaileetako ordezkariek hartu dute parte.
“Foroa baliagarria da sektorea jasaten ari den egoera etengabe eguneratzeko, eta, inplikatutako eragileen iritzien bidez, diagnostiko errealista egiteko; hala, neurriak hartzen jarraitzeko aukera izango dugu, azken buruan Donald Trumpek gure produktuei ezarritako muga-zergen moduko erabakietatik lehen sektorea babesteko”, adierazi du Amaia Barredok.
Diagnostiko hori etengabe eguneratzen jarraitzeko eta orain arte adostutako neurriek izan duten eragina ebaluatzeko balio izan du gaurko bilerak.
Eragina sektorean
Nekazaritza Sailak kalkulatu duenez, Ameriketako Estatu Batuetako muga-zergek 10 milioi euroko eragina izango dute nekazaritzako elikagaien sektorean. Produktu guztiei eragingo die horrek, baina bereziki lauri: ardoari, arrain-kontserbei, gaztari eta sagardoari, eta eragin nabarmena izango du ardoaren azpisektorean.
Ardoen kasuan, esportazioak 35,5 milioi eurokoak izan ziren 2024an. Arrain-kontserben kasuan 4,6 milioi eurokoa izan zen. Bestalde, gaztaren esportazioak 600.000 eurokoak izan ziren eta sagardoarenak 234.000 eurokoak.
Bestalde, sektoreko eragileek egungo egoerari buruz duten ikuspegia azaldu dute bileran, bai eta ezegonkortasun ekonomikoak beren jarduera ekonomikoan izan ditzakeen eraginei buruzkoa ere. Era berean, sektorearen kezkak, beharrizanak eta proposamenak helarazi ahal izan dituzte, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin berarekin neurri berriak adosteko.
Adostutako neurriak
“Sailak hilabeteak daramatza enpresekin, sektoreko eragileekin eta erakundeekin elkarlanean, Estatu Batuek Europako produktuei ezarritako muga-zergek euskal ekonomiari sortzen dizkioten ondorioak arintzeko”, dio Amaia Barredok.
Horri dagokionez, hartutako neurriak aztertu dira gaur, eta aipatutako produktuetarako neurri berriak proposatu eta aztertu dira.
- Ardoa: balio handieneko gamak edo jatorri-deitura duten premium gamak indartzea, kontsumitzaileak prezioarekiko hain sentikorrak ez direlako; Kalifornia edo New York bezalako estatu garrantzitsuetan ahaleginak jartzea, eta Euskadi ardoen lurralde gisa indartzeko jatorri-kanpainak egitea.
- Arrain-kontserbak: profil bereizia indartzea, kanal espezializatuen aldeko apustua egitea, eta kalitate- eta jasangarritasun-ziurtagiriak eta elaborazio-metodo tradizionalak nabarmentzea.
- Gazta: balio erantsi handiko produktuen alde egitea, jatorri- eta benetakotasun-narratiba indartzea eta gourmet nitxoetan kontzentratzea.
- Sagardoa: kanal espezializatuak, formatu moldakorrak (dastatzeko paketeak, adibidez) eta sagardoaren historia kontsumitzaileengana hurbilduko duen narratiba digitala bultzatzea.
Aurretik ere, Eusko Jaurlaritzak jarri zituen abian munduko ezegonkortasun ekonomikoari aurre egiteko hainbat neurri. Hartutako neurrien artean daude nazioarteko merkatu berriak indartzeko apustua —misioak eginda, adibidez, Mexiko eta Japoniara—, eta hamar milioi euro inbertitzea EDA Drinks and Wine proiektuan, posizionamendu global handiagoaren aldeko apustu gisa. Tokiko eta estatuko merkatua ere indartu nahi da, esaterako, Gure Ardoak ekimenaren bidez, retail arloko ekintza espezifikoen bidez, HORECA kanalaren bidez ekintzak indartuta eta euskal kontsumitzaileak sentsibilizatuta.
Horrez gain, nekazaritzako elikagaien kateari, baso-kateari eta arrantza-kateari laguntzak eman dizkie Sailak; guztira, 150 milioi euro. Finantza-tresnetarako laguntzak, enpresei likidezia emateko 450 milioi euro, eta 5 milioi uneko krisialdiei aurre egiteko ezohiko laguntzetarako, bai eta tokiko, estatuko eta nazioarteko sustapena indartzea ere, aparteko 2 milioi eurorekin, Hazi fundazioak garatutako nekazaritzako elikagaien sustapenerako urteko programari gehituta.