Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak Flandriako Parlamentuko Finantza Batzordean nabarmendu dute beharrezkoa dela foru-ogasunek nazioarteko zerga-foroetan parte hartzea, bereziki Europar Batasunean eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundean. Aldi berean, bertatik bertara ezagutu dute Belgikako federalismo fiskalaren eredua.
Zenbait foro eta erakundetan Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia- eta finantza-autogobernua ezagutarazteko Bruselara joan den Sail honen ordezkaritzak egindako lehen lan-bilera izan da hau.
Sander Loones Finantza Batzordeko presidentea buru izan den bileran, D’Anjou eta Alonsok Flandriako lantalde horretako kideei aditzera eman diete nazioarteko erakundeek gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari direla egungo eta etorkizuneko fiskalitatearen diseinuan. Testuinguru horretan “gure foru-ogasunen ordezkaritza ezinbestekoa da, bereziki Europar Batasunaren esparruan”, eman du aditzera Alonso sailburuordeak.
“Jarduera ekonomikoen nazioarteko dimentsioak eta eragile ekonomikoen mugikortasun handiak gero eta garrantzi handiagoa dute. Hori dela eta, gero eta eragiketa ekonomiko gehiago dago zenbait jurisdikziotako zerga-administrazioen azterketaren mende”, adierazi du Ogasuneko sailburuordeak, eta erantsi du, errealitate horren aurrean, ezinbestekoa dela administrazio horien arteko koordinazioa, “zergadunen eskubideak bermatzeko eta tratamendu koherentea eta bidezkoa jasotzen dutela ziurtatzeko, edozein jurisdikziotan jarduten delarik ere”.
Bruselan dagoen euskal ordezkaritza, halaber, Nicola De Michelis Zipre, Grezia, Italia, Malta, Portugal eta Espainiako Garapen Adimentsu eta Jasangarrirako eta Programak Gauzatzeko zuzendariarekin elkarrizketatu da, Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikarako Zuzendaritza Nagusian (DG REGIO).
Bilera horretan, d’Anjou sailburuak zenbait adierazle nabarmendu ditu, hala nola Euskadiko egoeraren argazkia:
– Barne Produktu Gordinaren gainetik % 2 hazi da eta enplegu garbia sortu da
– Euskadiren historian lehen aldiz milioi bat pertsona baino gehiago ari da lanean eta kotizatzen
– Industriak eta industriaren zerbitzu aurreratuek gure jardueraren % 42,3 hartzen dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren motorra dira
“Zorroztasun, eraginkortasun eta efizientzia handienari eusten diogu, gastuan zein inbertsio publikoan”, adierazi du d’Anjou sailburuak, eta zor publikoak Barne Produktu Gordinaren gainean duen ratioaren berri eman du. Ratio hori % 10,9koa da, Espainiako Estatuko batez bestekoa baino hamar puntu txikiagoa.
“Horrek euskal Agenda ekonomikoa aktibatzeko aparteko baliabideak ahalbidetzen dizkigu: inbertsio produktiboak eta etorkizunerako irismena duten apustu eraldatzaileak; Euskal Finantza Aliantzak edo Industria Plan berriak erakusten duten moduan”, erantsi du De Michelisekin egindako bileran.