Miniaturek Gasteiz bihurtuko du pintxoaren hiriburu irailaren 28tik urriaren 1era bitartean

0
PRUEBA

Miniature Pintxos Congress-ek goi mailako miniatura sukaldaritzaren hiriburu bihurtuko du Gasteiz irailaren 28tik urriaren 1era bitartean, gastronomiaren profesionalei, herritarrei eta maitaleei zuzendutako programa zabal batekin. Txapelketa profesionalak osatzeko, proposamen eta jarduera herrikoiak egingo dira, hala nola Miniature Kids, Pintxo Fest eta esperientzia afariak.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak; Maite de Juan Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zuzendariak; Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak; eta Rubén González Miniature Pintxos Congress-eko zuzendariak gaur aurkeztu dute ekitaldi gastronomiko horren hamabigarren edizioa. Ekitaldi horrek 1.100 pertsona inguru bilduko ditu, sukaldariak, gonbidatuak, bertaratuak eta babesleak tartean.

«Miniature Pintxos Congress 2025ek, edizio honekin, bere espiritu berritzailea eta lurraldeen, sukaldarien eta publikoen artean zubiak eraikitzeko duen gaitasuna berresten ditu. Hitzordu honetan, pintxo bakoitza bidaia, kontakizun eta etorkizuna gauza txikietatik irudikatzeko modu bihurtzen da», nabarmendu dute.

Miniaturako sukaldaritza foro ospetsu horren ardatza berriz ere Pintxoen Txapelketa Nazionala izango da, taldeka: autonomia erkidegoak ordezkatzen dituzten hiru chef-eko taldeak lehiatuko dira nor bere sukaldaritza sorkuntzekin, 2025eko Txapelketako irabazle izateko. Taldeek hiriko hainbat establezimendutako afari publikoetan erakutsiko dituzte proposamenak, eta finala urriaren 1ean izango da, asteazkenean, Abastos Merkatuan.

Lehiaketa horrekin batera, programa profesionalak honako hauek biltzen ditu: Euskadiko III. Gilda Innova Txapelketa, lur honetako pintxorik enblematikoenari omenaldia eta sukaldariek azkartasun handiz berrasmatzeko duten gaitasuna; Pintxo Gozoaren I. Txapelketa Nazionalaren berritasun handia, formatu txikiko pastel sormenaren aldeko apustua, mokadu batez jateko; eta «Tenerife, paisaiak platerean» izeneko I. Lehiaketa, uharte natura mahai gainean birsortzera gonbidatzen duena.

Herri programa

Herri programak hiru jarduera nagusi ditu. Miniature Pintxo Fest pintxo barra handiak ateak irekiko ditu irailaren 28ko (igandea) 12:00etatik 16:00etara bitartean, Abastos Merkatuan, animazioarekin, musikarekin eta, jakina, tokiko taberna eta jatetxeetako pintxorik onenekin, hala nola Dólar –Arabako Pintxoaren Asteko irabazle berria– Toloño, Mexicano y mucho más, Peña Vitoriana, Akari Gastroteka, etab.

18:00etatik aurrera, egun eta leku berean, Miniature Kids egingo da, bereziki familiako txikienentzat pentsatutako sukaldaritza proposamena. Hala, tailer interaktiboen bidez, haurrek modu dibertigarri eta sortzailean ezagutuko dute sukaldaritzaren mundua, eta errezetak prestatzen eta elikadura osasungarriaren oinarriak ezagutzen ikasiko dute, beren sorkuntzak probatzeko eta partekatzeko aukeraz gozatzen duten bitartean.

Azkenik, irailaren 30ean, asteartearekin, gastronomia maite duten pertsonek esperientzia afari apartez gozatzeko aukera izango dute. Horietan, Pintxoen Txapelketa Nazionalean parte hartzen duten talde autonomikoek miniaturako goi sukaldaritzako sorkuntzarik onenak aurkeztuko dituzte Gasteizko zenbait jatetxetan eta Abastos Merkatuan.

Urriaren 1eko (asteazkena) amaiera afariak Miniature Pintxos Congressen hamabigarren edizioari amaiera emango dio, eta bertan Hilario Arbelaitz eta Arbelaitz familia osoa aintzatetsi eta omenduko dira, Oiartzungo (Gipuzkoa) Zuberoa jatetxean egindako ibilbideagatik; eta New Yorkeko Txikito jatetxeko Eder Montero eta Alexandra Raij, euskal gastronomiarik onena New Yorken zabaltzeagatik.

Miniature Pintxos Congressen programari buruzko argibideak eta izen emateak hemen: https://miniature.pintxos.eus/

Miniature Pintxos Congress biltzar gastronomikoa baino gehiago da; izan ere, pintxoaren kultura sustatzeaz eta berrikuntza zabaltzeaz gain, aurrerapenaren, berdintasunaren eta kulturaren balioak bultzatzen ditu. Hala, haren helburuen artean dago gastronomia sustatzea ondare kultural eta erakargarri turistiko gisa, sukaldaritza tradizioak babestea eta elikadura osasungarri eta kalitatezkoan heztea, eta aukera berdintasuna eta gizarte inklusioa sustatzea ostalaritzaren eta sukaldaritzaren sektorean.