- Lehen mailako arretan figura berri hori sortzeak aukera emango du pertsonei “arreta arinagoa eta hurbilagoa” emateko, haien ongizate emozionalean laguntzeko antsietatea, depresioa edo insomnioa bezalako arazoetan
- Gaur goizean egindako mahai sektorialean, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusi berriak parte hartu duen lehenengoan, beste gai batzuk jorratu dira, tartean 23-24-25 EPE, urte amaieran deituko dena
Osakidetzak urrats berri bat eman du pertsonen osasun integrala zaintzeko, Lehen Mailako Arretako osasun-zentroetan psikologoak sartuta. Neurri horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Lehen Mailako Arretatik arreta emozionalaren irisgarritasuna hobetu nahi du, herritarrengandik hurbilen dauden baliabideak hartzen baititu, pertsonen ongizate emozionalean laguntzeko eta osasun mentaleko nahasmendu larriagoak prebenitzen saiatzeko. Hala jakinarazi die gaur goizean Osakidetzak Mahai Sektorialeko sindikatuei proiektu pilotu honen aurkezpenean. Bertan, Lore Bilbao zuzendari nagusi berriak parte hartu du, eta beste gai batzuk ere jorratu dira, tartean datorren 23-24-25 EPE, urtea amaitu baino lehen deitu nahi dena.
Lehendakariak joan den astean Legebiltzarrean aurreratutako neurriak figura berri bat sortzea aurreikusten du, osasun-psikologoarena, Osasun Itunaren ildo estrategikoetako batean jasota dagoena. Profesional hori pazienteen ongizate emozionalaren erreferentea izango da Lehen Mailako Arretan, eta modu mailakatuan jardungo du Familia Medikuntzako profesionalaren –pazientea psikologoarengana bideratuko duena– eta Ospitalez Kanpoko Osasun Mentaleko zentroetan ematen den arreta espezializatuaren artean, kasu konplexuagoei arreta emateko.
Osakidetzan lan egiten duten psikologiako profesionalen presentzia ez da berria, ospitaleetan eta ospitalez kanpoko osasun mentaleko sarean sartuta baitaude. Figura horren hedapen progresiboarekin eta proiektu pilotu honen hasierarekin, Lehen Mailako Arretako pazienteak artatzea da berritasuna.
Hala, Lehen Mailako Arretan sartzen diren psikologoek eguneroko bizitzan eragina duten nahasmendu arinak edo ondoeza emozionalak artatuko dituzte, besteak beste, antsietatea, depresioa edo insomnioa, eta talde-interbentzio bidez artatuko dituzte, non arazo horiei aurre egin ahal izateko trebetasunak landuko diren.
Figura berri horren hedapena esperientzia pilotu gisa hasiko da Osakidetzaren 13 osasun-zentrotan: 4 Gipuzkoan (Altza, Pasai San Pedro, Beasain, Irun_Dunboa); 2 Araban (Lakuabizkarra eta Salburua) eta 7 Bizkaian (Buenavista eta Repelega Portugaleten, Otxoarkoaga, Txurdinaga, Santutxu-Solokoetxe, Gernikaldea eta Basauri-Kareaga).
Horrela, erantzun arinagoa eta eskuragarriagoa eman nahi zaie ondoez emozionala duten pertsonei, beren erreferentziazko osasun-zentroan bertan aurkituko baitute arreta psikologikoa, mugitu beharrik gabe. “Psikologoak sartuta osasun mentaleko arreta profesionala lehen asistentzia-mailara hurbiltzen da, arreta azkarragoa eta hurbilagoa eskaintzeko, eta, horrela, Lehen Mailako Arretako sarean arreta integrala eskaintzeko”, azaldu dute Osakidetzatik.
Lore Bilbao zuzendari nagusiaren aurkezpena Mahai Sektorialari
Gaurko mahai sektoriala Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusi berriak parte hartu duen lehena izan da, eta organo horren aurrean ofizialki aurkeztu ditu bere lantaldearen berrikuntzak, besteak beste, Koldo Berganzo Osasun Laguntzako zuzendari sartu berriarena. Bilbaok lankidetza eskatu die sindikatuei, bai langileei bai Euskal Osasun Zerbitzuari mesede egingo dieten akordioak lortzen saiatzeko, “beti posible ez den arren, gure helburua izan behar du”. Ildo horretan, azpimarratu duenez, “Osakidetzak profesionalei entzungo die“.
Mahai honetan beste gai batzuk jorratu dira, tartean hurrengo 23-24-25 EPE, Osasun Sailak eta Osakidetzak urtea amaitu aurretik deitu eta 4.000 plaza baino gehiago eskaintzea aurreikusten duena.