Tokiko merkataritza digitalizatzeko GANDIK proiektua Portugaletera heldu da

0
PRUEBA
  • Portugaleteko 16 saltokik eta 4 ikastetxek hartuko dute parte proiektuan

  • Eusko Jaurlaritzak eta PUNTUEUSek GANDIK proiektua aurkeztu dute, tokiko merkataritza gazteen eskutik digitalizatzeko

Gaur aurkeztu da Portugaleteko Udaletxean GANDIK proiektua, tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzea eta, aldi berean, gazteen konpetentzia digitalak indartzea helburu duen ekimen berritzailea. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritzak eta PUNTUEUS Fundazioak sustatzen dute proiektua, eta 2025-2026 ikasturtean jarriko da martxan lehen aldiz, Portugaleten eta Beasainen, esperientzia pilotu gisa. Aurkezpenean parte hartu dute María José Blanco Portugaleteko alkateak, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Estibaliz Freije Merkataritzako zinegotziak eta Josu Waliño PUNTUEUSeko zuzendariak. Ekitaldian parte hartu duten zenbait dendetako eta ikastetxeetako ordezkariak ere izan dira, baita Portugaleteko Merkatarien Elkartekoak ere.

Javier Hurtado sailburuak merkataritzaren egungo egoera testuinguruan kokatu du, eta azpimarratu duenez, “digitalizazioa eta belaunaldien arteko erreleboa sektoreak aurre egin behar dien erronka handietako bi dira”. Adierazi duenez, gero eta lehiakorragoa den merkatuan ezinbestekoa da tokiko merkataritzak ikusgaitasuna eta eraginkortasuna tresna digitalen bidez handitzea, baina baita harreman sendoak eta gazteekin lankidetza estua sustatzea ere, etorkizuneko bezero eta aliatu estrategiko bihurtu daitezen.

PUNTUEUSek Google Mapsen datuetan oinarrituta egindako ikerketaren arabera, Portugaleteko 636 saltokietatik 195ek (% 31) baino ez dute webgune aktibo bat. Datu horiek Euskadiko batez bestekoaren antzekoak dira, eta agerian uzten dute negozioen bi herenek oraindik ez dutela Interneten benetako presentziarik.

Josu Waliñok nabarmendu du egoera hori aukera handia dela saltoki txikien ikusgaitasuna eta lehiakortasuna hobetzeko. Haren hitzetan, “saltoki gehienek, bai Portugaleten, bai beste edozein udalerritan, ez dute oraindik presentzia digital sendorik. Horrek esan nahi du digitalizazioaren bidez sakon eraldatu daitekeela, bai salmentei dagokienez, bai komunitatearekiko harremanari dagokionez. GANDIK proiektua urrats sendo eta praktikoa da erronka horri eraginkortasunez erantzuteko”.

Proiektua gazteen eta merkataritzaren arteko lankidetzan eta konfiantzazko harremanetan oinarritzen da. GANDIKen bidez, Portugaleteko DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek, irakasleen eta PUNTUEUSen laguntzarekin, webguneak diseinatuko dituzte tokiko negozioentzat. Lehenengo fasean, gazteek establezimenduak bisitatuko dituzte, haien errealitatea gertutik ezagutu eta proiektuaren helburuak elkarrekin definitzeko. Ondoren, webgunea garatzen hasiko dira, eta, amaitutakoan, webgunea erabiltzen eta kudeatzen irakatsiko diete merkatariei, autonomoki egin dezaten. Prozesu horri esker, gazteek sakon ezagutu ahal izango dituzte merkataritza-sarea eta merkatariak, eta azken horiek, aldi berean, begirada berritzailea eta negozioa indartuko duten gaitasun teknologikoak jasoko dituzte. Horrela, lotura sendoak sortuko dira belaunaldi eta benetako elkarlanen artean, udalerriko kohesio soziala indartuta eta komunitatearen etorkizuna kolektiboki eraikita.

Lehen urte honetan martxan jarriko den fase pilotuan, udalerri bakoitzean hamar denda inguru digitalizatzea aurreikusi da, eta lau ikastetxek eta 100 bat ikaslek hartuko dute parte. Merkatariek ez dute ezagutza teknikorik behar, ezta baliabide handirik ere, ikasleak arduratuko baitira webguneak sortzeaz. Gainera, webgune bakoitzak doan izango ditu .EUS domeinua izango du eta ahokalekua lehen urtean, PUNTUEUSen ekarpenari esker, eta merkatariak prestatu eta laguntza emango zaie beren webguneak erraz eta autonomoki kudeatu ahal izan ditzaten.

GANDIKek hiru helburu nagusi ditu modu integratuan. Lehenik eta behin, tokiko merkataritza digitalizatzea, tresna erreal eta erabilgarriak emanda, beren negozioak Interneten ikusgai egin daitezen eta bezero berriak erakar ditzaten. Bigarrenik, gazteen gaitasun digitalak garatzea, esperientzia praktikoa eta etorkizun profesionalerako prestakuntza sendoa emango dieten proiektu errealetan lan eginda. Eta, hirugarrenik, belaunaldien arteko harremanak eta gizarte-kohesioa indartzea, gazteek tokiko merkataritza hobeto ezagut dezaten eta merkatariek gazteen ekarpen berritzailea balora dezaten sustatuta.

GANDIKen ezaugarri bereizgarrietako bat da euskararen presentzia digitala bultzatzen lagunduko duela. Webgune guztiak gutxienez euskaraz sortuko dira, eta merkatariek beste hizkuntza batzuk gehitu ahal izango dituzte, hala nola gaztelania edo ingelesa, bezeroen beharren arabera. Josu Waliñok gogoratu duenez, “euskarak protagonismoa du GANDIK proiektuan. Edukiak euskaraz sortzeak balio erantsia ematen dio merkataritzaren digitalizaziotik harago doan proiektuari, hizkuntza eraldaketa digitalaren erdigunean kokatuta”.

Fase pilotu honetan erreferente bihurtzeko erronka gain hartu du Portugaletek. 2025-2026 ikasturtean Portugaleten eta Beasainen egingo den esperientziari esker, ereduaren indarguneak eta hobetzeko arloak identifikatu ahal izango dira. Ondoren, 2026-2027 ikasturtean, beste lau udalerritara hedatuko da, lurralde historiko bakoitzean bana, eta 2027an beste lau gehituko dira, guztira hamar udalerri izan arte. 2027 urtearen amaierarako, 100-150 saltokik webgune propio eta aktiboak izatea aurreikusten da, 30-40 ikastetxek proiektuan parte hartzea eta 1.000 gazte inguruk prestakuntza praktikoa eta gaitasun digitaletan esperientzia baliotsua jasotzea.

Aurkezpenean, María José Blanco Portugaleteko alkateak Udalaren konpromisoa azpimarratu du: “Gure sare komertzialak oraindik aukera asko ditu digitalizazioari dagokionez, eta GANDIK proiektuak horretarako aukera ematen du.

Aldi berean, gure gazteei benetako proiektu batean parte hartzeko aukera eskaintzen diegu, beren prestakuntza indartuta eta gure udalerriaren etorkizuna eraikitzen lagunduta”. Oso proiektu interesgarria da, eta baditu beste balio erantsi batzuk: belaunaldien arteko proiektua da, eta, gazteek erosketak egiteko nagusiki frankizia handiak eta online plataformak erabiltzen dituztenean, baliagarria izan daiteke gure gazteak tokiko merkataritzara, hiriko merkataritzara eta auzotarrek duten merkataritzara hurbiltzeko, udalerrian duten eskaintza ezagutzeko eta tokiko ekonomiarako eta hiriko bizitzarako merkataritza txikiak duen garrantziaz jabetzeko.

Bestalde, Javier Hurtado sailburuak Euskadirentzako ikuspegi globala azaleratu du: “Merkataritza txikiaren digitalizazioa ezinbestekoa da egungo erronkei aurre egiteko. GANDIK bezalako proiektuek frogatzen dute berrikuntza eta belaunaldien arteko lankidetza posible direla, eta horretan Eusko Jaurlaritzak laguntza osoa eskainiko du”.

Portugaleteko eta Beasaingo saltokiek oraindik garaiz dute izena emateko, www.gandik.eus web-orriaren bidez. Parte hartzea doakoa da, eta aukera paregabea da establezimenduek digitalizazioranzko lehen urrats handia egin dezaten gazteen eta komunitate osoaren laguntzarekin.

Dagoeneko abian dira proiektuaren lehen urratsak: urriaren hasieran, ikastetxeek eta saltokiek hasierako prestakuntza jasoko dute, eta lehen webguneak 2026ko udaberrirako aktibo egotea aurreikusten da. Proiektu honi esker, Portugalete erreferente bihurtuko da merkataritza txikiaren digitalizazioan, gazteek eta komunitatearen indarrak bultzatuta.

Informazio gehiagorako, kontsultatu: www.gandik.eus