Vitoria-Gasteizko Artium Museoak Basque Segurtasun Foroaren, segurtasunaren kontzeptuari buruz ikuspegi integral batetik eztabaidatzeko foroaren, lurralde mailako lehen topaketa hartu du gaur. Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Arabako bileran parte hartu dute gaur goizean. Gainera, Artiumen egindako bileran gizarteko hainbat ordezkarik parte hartu dute, eta Euskadiko segurtasunari eta etorkizuneko erronkei buruzko ikuspegia eman dute. Gaur goizeko bileran, besteak beste, Arabako Batzar Nagusietako, EUDELeko, Ertzaintzako, Osakidetzako, Arabako Probintzia Auzitegiko, UAGAko, AMRAko, Babes Zibileko, Gurutze Gorriko, Mercedes Benzeko, Arabako Txirrindularitza Federazioko, Arabako Parke Teknologikoko, Baskoniako edo Alaveseko ordezkariek parte hartu dute.
Segurtasuneko sailburuak nabarmendu duenez, «ukaezina da segurtasunarekiko kezka badagoela gure gizartean, eta ukaezina da botere publikoei segurtasun-zerbitzu publikoa hobetzeko eskatzen zaiela. Gure betebeharra da eskari horri erantzutea. Eskari horren erronketako batzuk Ertzaintzaren eta udaltzaingoen lanarekin dute zerikusia; beste batzuk, berriz, Justiziaren funtzionamenduarekin eta indarrean dagoen legeria aplikatzearekin edo legeria hori aldatzearekin. Ez genituzke alde batera utzi behar beste politika publiko batzuk, hala nola bizikidetza- eta integrazio-programak, hirigintza, hezkuntza edo prestakuntza «. Zupiriak gaineratu duenez, «segurtasuna kezka da herritarrentzat eta erronka erakundeentzat. Eta horretara bideratuko ditugu gure ahaleginak, prebentzioa indartzeko eta Ertzaintzaren eta udaltzainen arteko koordinazioa hobetzeko. Botere judizialarekin batera lan egingo dugu eta legerian egin daitezkeen aldaketak aztertuko ditugu, alde batetik, pertsona guztien eskubideak bermatzeko eta, aldi berean, gizarte hau osatzen dugun pertsona guztiok ditugun betebehar zibikoak beteko ditugula ziurtatzeko».
Segurtasun sailburuak gogorarazi duenez, muturreko fenomeno naturalek ere arriskuan jar dezakete segurtasuna datozen urteetan, hala nola suteek edo bero-kolpeek, energia eta komunikazio tresnek, iruzur digitalek edo zibererasoek.
Bingen Zupiria sailburuaren adierazpenak eta bere hitzaldiaren testua eskuragarri Irekian.