-
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak bultzatutako jaialdiak zientzia herritarrengana hurbildu nahi du.
-
Lehenengo edizioak, Kuantika Jaialdia izenekoak, fisika kuantikoaren 100 urteak eta Euskadin IBMren ordenagailu kuantikoa izango dela ospatzen ditu.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Jakinaldiaren, zientzia dibulgazioko urteroko jaialdiaren, lehen edizioa egingo du datorren urriaren 17an eta 18an Donostian. Ekimen honen helburua zientzia herritarrengana hurbiltzea da eta horretarako ezagutza, sormena eta entretenimendua uztartzen dituen programazio anitza prestatu du, publiko guztiarentzat eskuragarria eta erakargarria den formatu batean.
Jakinaldia Sailak jakintzaren hedapen soziala sustatzeko, zientzia espazio publikoan kokatzeko eta gizarte informatuago, parte-hartzaileago eta demokratikoago baterantz aurrera egiteko duen estrategiaren barruan kokatzen da.
Kuantika Jaialdia: mugarri historiko bat ospatzeko jaialdia
Lehenengo edizio honek, Kuantika Jaialdia izenekoak, fisika kuantikoaren mendeurrena omentzen du, musika, dibulgazio zientifikoa, magia, antzerkia eta umorea biltzen dituen programazio zabalarekin.
Jaialdia IBM_Basque Country Europako ordenagailu kuantiko aurreratuenaren etorrerarekin batera egingo da. Ordenagailuaren inaugurazio ofiziala urriaren 15ean izango da, Ikerbasquek Donostian duen eraikin berrian. Azpiegitura horrek Euskal Autonomia Erkidegoa konputazio kuantikoaren abangoardian jarriko du, eta IBMren ordenagailu kuantikoen munduko sarean sartuko da. Gaur egun, sare hori Japonian eta Estatu Batuetan bakarrik dago.
Jarduera programa Musikenen
Jaialdia Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian egingo da, eta bi jardunaldi izango ditu:
- Urriak 17, ostirala (18:00) – Helduentzako saioa.
- «Ipuin kuantikoak» bakarrizketa zientifikoa – Enrique F. Borja
- «LoCuanto Musical» obra musikala – Jon Esnaola
- Magia kuantikoa Tor eta Txoborro Magoekin
- Materia Absurda» umore zientifikoko ikuskizuna – Big Van Ciencia
- Bertsozientzia saioa Jone Uria eta Alaia Martinekin
- Larunbata, urriak 18 (17:00) – Familientzako saioa
- «Abentura Kuantikoa» antzezlana
- Magia Marsel ilusionistarekin
- «Clowntfics» ikuskizun interaktiboa – Big Van Ciencia (esperimentuak eta umorea)
Milia Kuantikoa
Ibaetako campusean IBM Quantum System Two instalatzea jauzi kuantikoa da hiriarentzat. Ordenagailu kuantiko berria eta ikerketa kuantikoan Europako polo aktiboenetako bat ezagutarazteko asmoz, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Milia Kuantikoa ekimena bultzatu du.
Ibilbide zientifiko-teknologikoa da, herritarrei gure komunitate zientifikoa eta mundu kuantikoaren misterioak ezagutzeko aukera ematen diena.
Milia kuantikoa bi modutan gozatu ahal izango da:
- Oinez seinaleztatutako ibilbidea: ikerketa-zentroetarako sarbideetan kokatutako dibulgazio-infografiekin.
- Ibilbide birtuala: laborategi kuantikoak bisitatzeko eta ikertzaileen lana gertutik ezagutzeko aukera emango du.
Horrez gain, urriaren 24an eta 25ean, Quantum SCAPE Street esperientzia eskainiko da, aire zabaleko eta doako escape room bat, 6-8 laguneko taldeentzat, aktore talde profesional batek dinamizatua. Zientzia eta teknologia kuantikoari buruz ikasteko modu ludiko bat, hirian zehar enigmak ebazten diren bitartean.
Sarrerak eta informazioa
Jakinaldia – Kuantika Jaialdiaren programazio osoa doakoa eta publikoari irekia da, lekua bete arte.
Programaren xehetasunak eta izen-emateak hemen daude eskuragarri: