2026ko udal zerga-arauak onartuta Donostian

0
PRUEBA

23 udal zerga eta tasetatik 11 aldatuko dira

Donostiako Udalbatzarrak 2026ko udal zerga-arauak onartu ditu iraileko ohiko udalbatzarrean. Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontuak kudeatzeko zinegotzi Kerman Orbegozok azpimarratu du, udal gobernuak apustu argia egiten duela zerga-politika moderatu, arduratsu eta gizartearekin konprometituaren alde, hain zuzen ere, eskaintzen diren kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzen lagunduko duen zerga-politikaren alde.

Horiek horrela, Orbegozok azaldu du, ondorioz, 23 udal zergetatik 11 aldatuko direla. Eta aldaketa horiekin bilatzen duten helburua honakoa dela: «udal baliabideak modu eraginkorrean kudeatzea, eta gizarte-justizia indartzea, zerga-sistema bidezko eta progresibo baten bidez, hain zuzen ere, inor atzean utzi gabe etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko digun zerga-sistema”.

Hortaz, Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontuak kudeatzeko zinegotziak segidakoa esan du: “Gaur onartu dugun zerga arauen eguneraketari esker, Udalak 3,1 milioi inguru gehigarri bilduko ditu, eta horiei esker, zerbitzu publikoak bermatu ahal izango ditugu, udalaren oreka ekonomikoa arriskuan jarri gabe”.

Zerga arau berrien tramitazioa amaitu da Udal gobernuaren, EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeen arteko hainbat akordiorekin. Hortaz, Udal gobernuak EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bat eta bi arau proposamen onartu ditu.

Onartutako zuzenketa Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergari buruz da, eta ondorioz, zerga %2 handituko da bakarrik 16 zaldi fiskaletik gorako autoentzat, zein 500 zentimetro kubiko baino gehiago duten motorrentzat. Gainerakoentzat, aldiz, hau da 15,99 zaldi fiskaletik beherako autoentzat zein 500 zentimetro kubiko baino gutxiagoko motorrentzat, ordaindu beharreko zerga %1,5 besterik ez da handituko.

Horren harian, Udal gobernuak EH Bilduk egindako Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergari buruzko arau proposamen bat ere onartu du, eta beraz, motor elektrikoa duten ibilgailuek zergan jasotzen duten hobaria %90 izatetik %95 izatera pasako da.

Era berean, Udal gobernuak babestu du ere bai, EH Bilduk Ur hornidurari buruzko tasa moldatzeko aurkeztu duen arau proposamena. Ondorioz, jabedun finkak ureztatzea eta igerileku pribatuak betetzeagatik ordaindu beharreko kuota aldakorra %2 izatera pasako da.

Udal gobernuak, halaber, Elkarrekin Donostiak OHZri buruz aurkeztutako bi arau proposamen onartu ditu, OHZren gaineko zerga arauan etxebizitza hutsek izan zezaketen hobariak jasotzen zituzten artikuluak kentzeko, eta zerga arauaren 12. artikuluan segidako puntu berria sartzeko: ohiko bizilekua ez izateagatik errekargua duten bizitegi-erabilerako ondasun higiezinek ez dute inolako hobaririk izango.

Aldaketa nagusienak

Tasak

  • Garabia: %2
  • Hondakin bilketa: %4,25
  • Jabari Publikoaren Okupazioa:
  • Hesiak eta aldamioak, ibiak eta espaloietan pasoak, eta mahaiak eta aulkiak: %2
  • TAO: %2, TAO egoiliar txartelagatik ordaintzen den tasa izan ezik.
  • Ur hornidura eta estolderia: %2
  • Udal hilerrietako zerbitzuak: %2. Hiru tarifa berri gehituk dira, kaperen lagapenak eta kontzesioak direla eta.
  • Udal zerbitzu eta jarduerak
  • Larrialdiko etxebizitzak: ordenantzaren hainbat artikulu aldatuko dira hobeto aplikatu ahal izateko.
  • Hondartzetako abonuak: %2

Zergak

  • OHZ: %2. Errekargua duten bizitegi-erabilerarako ohiko etxebizitzak ez direnak izan zitzaketen hobariak bertan behera.
  • Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zerga:
  • %1,5 handituko da 15,99 zaldi fiskal arteko ibilgailuentzat eta 500 zentimetro kubiko baino gutxiagoko motorrentzat.
  • %2 handituko da 16 zaldi fiskal baino gehiagoko ibilgailuentzat eta 500 zentimetro kubikoko motorrentzat.
  • Ibilgailu elektrikoek jasotzen duten hobaria %90 izatetik %95 izatera pasako da
  • Hiri izaerako lursailen balio gehikuntzaren gaineko zerga (Gainbalioen gaineko zerga): %2.
  • Ekonomia Jardueren gaineko zerga (IAE): %2, (2, 3, 4, 5 eta 6 mailei eragingo die).
  • ICIO delakoa: ez da handituko, baina alokairuko sustapen babestuetarako gizarte-intereseko deklarazio bat sartuko da, %95eko hobariarekin.

2025/09/25-an argitaratua