Kontadoresek gazteei zuzendutako hainbat prestakuntza eskainiko ditu

0
PRUEBA

Berrikuntza gisa formatu txikiko proposamenak ere izango dira Pilulak izenarekin

Kontadoresek 85 plaza eskainiko ditu guztira, 6 laborategi kulturaletan eta 8 pilulatan banatuta, urritik martxora bitartean. Proposamenak gazteen interesak, beharrak eta zaletasunak kontuan hartuta programatu dira, beren poltsikora egokitutako prezioekin.

Aurtengoan, gainera, berrikuntza batekin datoz. Ohiko laborategi luzeez gain, formatu txikiko proposamenak ere eskainiko dira. PILULAK izena hartuko dute arratsalde bat iraungo duten eskaintza horiek. Gai edo diziplina zehatzen inguruko prestakuntzak edo sorkuntza esperimentazioez gozatzeko arratsalde paregabeak izango dira.

Udazken honetan, sorkuntza artistikoari eskainitako laborategiak nabarmentzen dira. Antzerkia, argazkilaritza, dantza, diseinua eta zeramika landuko dira, besteak beste.

Elkarlanean osaturiko proposamenak ere egongo dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gazteak programari esker sexualitatea, ongi-izate emozionala eta begirada kritikoa landuko dira 7 pilula desberdinetan.

Era berean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin batera emantzipazioa gaia lantzeko, Nire lehen katilua, nire lehen etxea pilula eskainiko da.

Horrez gain, dantzaren inguruko pilulak ere izango ditugu. Horien artean, esaterako, IX. Indarkeria matxistak nerabezaroan jardunaldiaren baitan, dantzatzeko tailerrak eskainiko dira Kontadoresen: twerk, afrodance, burlesque eta vogue.

Elkarrekin eta gozamenetik aritzeko espazioak izango dira, zentzumenetatik ikasteko eta gaitasunak zabaltzeko. Gazteak mugimendutik, sormenetik eta euren ongizatetik erlazionatzeko espazioak sortzea da helburua. Laborategietan zehar, nork bere burua ezagutzeko, taldean gozatzeko eta sormen-prozesuak partekatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

 

Parte hartzeko irizpideak

18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako dira proposamenak, eta Donostian erroldatutakoak izango dira aurrena. Dena dela, eskaintza adin tarte horretarako diseinatuta dagoen arren, tokirik geratzen bada eta beste pertsona batzuek ere parte hartzea egoki bada, 18 urte baino gutxiago eta 30 urte baino gehiago dutenek ere izango dute parte hartzeko bidea.