Enpleguaren Euskal Estrategiaren bilakaera positiboa eta eragin eraldatzailea azpimarratu ditu Torres Lehendakariordeak

0
PRUEBA
  • Behin-behinekotasuna % 16,7ra murrizteak, hitzarmenen estaldura hobetzeak eta berrikuntzaren aldeko apustuak sendotu egiten dute EEE Euskadiko enplegu inklusibo eta iraunkorraren bide orri gisa
  • Behin-behineko zenbatekoak 3 milioi eurotik gorakoak izango dira 2025-2030 aldirako, eta hiru urteko enplegu plan estrategikoetan ezarriko dira

2030 Enpleguaren Euskal Estrategiaren (EEE) bilakaera positiboa eta eragin eraldatzailea nabarmendu ditu gaur, astelehena, Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak. Eusko Legebiltzarrean, berak hala eskatuta, EEEren bilakaerari eta Enpleguaren Euskal Legera egokitzeari buruzko informazioa emateko egin duen agerraldian azpimarratu duenez, legea eguneratu ostean, “ona da, orokorrean, aurrerapen maila”.

2030 EEE bi arrazoirengatik eguneratu da: batetik, Enpleguari buruzko 15/2023 Legea indarrean sartu delako, estrategiaren denbora esparrua eta edukiak birdefinitzen dituena; eta, bestetik, osasun krisitik irtetearen ondoriozko erronka berrietara, aldaketa teknologiko eta demografikoetara eta nazioarteko testuinguru berri batera egokitu delako, enplegu politikek euskal gizartearen egungo errealitateei eta premiei erantzuten dietela bermatuz, EEE 2021ean onartu baitzen.

“Lan egitea herria egitea da, eta lanaren balioa aurrerabidearen eta hazkunde sozial eta ekonomikoaren motorra da. 2030 Enpleguaren Euskal Estrategia bide horretan aurrera egiteko tresna da, anbizioz, errealismoz eta konpromiso partekatuz”, adierazi du Torres Lehendakariordeak.

Mikel Torresek azpimarratu du urte hauetan behin-behinekotasun tasa % 29tik % 16,7ra jaitsi dela, nahi ez den partzialtasun tasa % 50,9tik % 45,3ra eta hitzarmen kolektiboen estaldura handitu dela. “Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ek Euskadin kalitatezko enplegu inklusibo eta iraunkorrerako bide orria izaten jarraitzen du. Orain arte lortutako emaitzak positiboak dira, baina egiteko dauden erronken eta horiei aurre egiteko beharrezkoa den ahalegin kolektiboaren jakitun gara”, adierazi du.

Ildo horretan, gogorarazi du “datuek bilakaera positiboa” erakusten dutela, eta “erronkak» daudela aurretik, baina ez dela ahaztu behar “EEEri lau urte baino gehiagoko ibilbidea geratzen zaiola, 2030era arte”. 2030 Enpleguaren Euskal Estrategia          ia 3 milioi eurotik gorako zenbatekoetan oinarritzen da behin-behinean, urtean 500 milioi inguru 2025etik 2030era, legearen eskakizunetara egokitzeko. Behin betiko zenbatekoak hiru urteko enplegu plan estrategikoetan ezarriko dira.

Berrikuntza, partehartzea eta etengabeko ebaluazioa

Ondoren, Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusio sailburuordeak tarteko ebaluazioaren datu garrantzitsuenak aurkeztu ditu, Eusko Jaurlaritzak, foro aldundiek, udalek, eragile sozialek, enpresek, sindikatuek, hirugarren sektorekoek eta adituek parte hartu duten prozesu partehartzaile baten ondorioz. Era berean, gogorarazi du hiru urteko bi plan estrategiko geratzen direla aurretik (2025-2027 eta 2028-2030), eta horiei esker aurrera egingo dela hainbat erronkatan; besteak beste, gazteen, 55 urtetik gorakoen eta kolektibo kalteberen laneratzea hobetzea, talentua sektore tradizionaletara erakartzea eta prestakuntza sistema eraldatzen ari den lan merkatuaren beharretara egokitzea.

Gobernantza sistema Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren eta Enplegu Foroaren bidez egituratzen da, erantzukidetasuna eta gardentasuna bermatuz.

Torres Lehendakariordeak ziurtatu duenez, “sareko gobernantza, erakundeen erantzunkidetasuna eta eragile guztien partehartze aktiboa funtsezkoak dira estrategia arrakastatsua izateko. Legeak mekanismo horiek indartzen ditu, enplegu politikak elkarrizketaren, lankidetzaren eta etengabeko ebaluazioaren emaitza direla bermatuz”.

Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak enplegu politiketan berrikuntzarekin, partehartzearekin eta etengabeko ebaluazioarekin duen konpromisoa berretsi du: “Euskal ekonomiak erresistentziarako eta hazkunderako gaitasuna erakutsi du, eta 2030 Enpleguaren Euskal Estrategia kalitatezko enplegu inklusibo eta iraunkorrerantz aurrera egiteko tresna da”.