Euskadiko Erreferentziazko Datuen Zentroak diseinuko TIER III ziurtagiria lortu du

0
PRUEBA
  • Uptime Institute munduko erreferentziazko erakundeak emandako ziurtagiri honek mugarri bat markatzen du Eusko Jaurlaritzaren datu-zentroa modernizatzeko proiektuan
  • TIER III diseinu-ziurtagiria lortzeak EJIEren Data Center erreferentziako zentro gisa kokatzen du Euskadin
  • Datu-zentroak ziurtatzen du datu kritikoak tokiko jurisdikzioaren pean daudela eta eskala handiko kontingentziei aurre egiteko diseinatutako azpiegiturak dituztela

EJIEren Datu Zentroak, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak, mugarri garrantzitsua lortu du nazioarteko ziurtapen-proiektuan, diseinu-fasean TIER III ziurtagiria lortuz. Ziurtagiria Uptime Institutek ematen du, data centers-erako azpiegitura-estandarretan munduko erreferentziazko erakundeak.

EJIE Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailan dago, eta sail honen erronketako bat, administrazioaren modernizazioari, digitalizazioari eta berrikuntzari ekitea da, zerbitzu publiko eskuragarriagoak, efizienteagoak eta seguruagoak eskaintzeko, pertsonen zerbitzura jarriz aurrerapen teknologikoak, egunerokotasuna errazteko, izapideak sinplifikatuz eta desburokratizazioari helduz.

EJIEren Datu Zentroa Eusko Jaurlaritzaren subiranotasun digitalaren eta erresilientzia estrategikoaren estrategiaren barruan dago, Maria Ubarretxena sailburuak gidatuta. Zentro honek ziurtatzen du datu kritikoak tokiko jurisdikzioaren mende daudela eta eskala handiko kontingentziei aurre egiteko diseinatutako azpiegiturak dituztela. Horrela, EJIEk autonomia teknologikoa eta informazioaren segurtasuna indartzen laguntzen du, gero eta zorrotzagoa den ingurune global batean.

Ziurtagiri honekin, EJIEren Datu Zentroak berrikuntzarekin, eragiketa-bikaintasunarekin eta erabiltzaileen konfiantzarekin duen konpromisoa berresten du.

TIER III ziurtagiria

Diseinuari buruzko TIER III ziurtagiriak aitortzen du proiektatutako azpiegiturak erredundantzia-, erabilgarritasun- eta erresilientzia-maila altuenak betetzen dituela, eta ziurtatzen du datu-zentroan ostatatutako zerbitzuak etengabe funtzionatzen jarraitu ahal izango dutela, gerta daitezkeen akatsen edo programatutako mantentze-lanen aurrean.

Egiaztapen honek berresten du datu-zentroaren diseinuak aldi bereko mantengarritasun-baldintzak betetzen dituela, eta horrek esan nahi du osagai kritiko guztiak – sistema elektrikoak, mekanikoak eta banaketakoak barne – esku har daitezkeela eragiketa eten gabe. Horrela, 24/7 zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzen da, funtsezko faktorea baita misio kritikoko prozesuen erresilientziarako.

Ziurtatutako diseinuak funtsezko alderdi hauek biltzen ditu:

  • N+1 erredundantzia sistema elektrikoetan eta klimatizazio-sistemetan,
  • Mantengarritasun konkurrentea, zerbitzuetan eraginik ez duten mantentze-lanak ahalbidetzen dituena,
  • Jarraitutasun operatiboaren bermea, hutsegite- edo eguneratze-egoeretan,
  • Segurtasun fisikoa eta logikoa aktiboak eta datuak babesteko nazioarteko estandarrekin,
  • Etorkizuneko hazkunde teknologikoari laguntzeko eskalagarritasun-gaitasuna.

TIER III diseinu-ziurtagiria lortzeak Eusko Jaurlaritza erreferente bihurtzen du, ezaugarri horiek dituen datu-zentro urrietako bat baita Euskadin. Aitorpen honen ondorioz, EJIE aliatu estrategikoa da bere eragiketarik hauskorrenen kudeaketan ahalik eta eskuragarritasun, erresilientzia eta konfiantza handiena bilatzen duten erakundeentzat.

Era berean, ziurtagiri honek datu-zentroa erreferente aitzindaria bihurtzen du euskal administrazio publikoan. Berritasun bat da Estatuan, egiaztapen hau duten ia datu-zentro guztiak eremu pribatukoak baitira orain arte. Lorpen honen ondorioz, Eusko Jaurlaritza liderra da sektore publikoaren barruan berrikuntza teknologikoan, eta mugarri bat da Estatuko zerbitzu publiko digitalen modernizazioan eta erresilientzian.

Lorpena asmo handiko plan baten lehen etapa da. Bertan, diseinatutakoa gauzatzea ere aurreikusten da (dagoeneko abian da), baita eraikuntza-fasean ondoren TIER III ziurtagiria lortzea ere, eta horrek EJIEren Datu Zentroa erreferentziazko instalazio gisa finkatuko du Euskadin.

Lorpena bereziki nabarmentzen duena da proiektua ekoizpen-eragiketa betean dagoen DPZ batean gauzatzen ari dela, ematen diren zerbitzu kritikoen jarraitutasuna une oro bermatuz. Ziurtagiria eragiketarik egin gabe lortu da, eta horrek agerian uzten du taldearen gaitasun teknikoa, plangintza zehatza eta bikaintasun operatiboa.

EJIEren estrategiak, gainera, eragiketak ziurtatzera bideratutako hirugarren fase bat jasotzen du (Tier III Operational Sustainability). Fase horrek bermatuko du DPZren kudeaketa- eta eragiketa-prozesuak bat datozela sektoreko jardunbide onenekin eta denboran jasangarria den eredu batekin.