Eusko Jaurlaritzak, gaur, Europako Gizarte Funtsa Plus (EGF+) 2021-2027 Planaren Jarraipen Batzordean, berretsi du Europako Batzordeak funtsen plangintza eta betearazpena Estatu bakoitzean zentralizatzeko plan bakarraren aurka dagoela.
Juan Alberdi Ekonomia Politikako eta Europako Kohesioko zuzendariak Donostiako Ekinn instalazioetan egindako EGF+ funtsaren Jarraipen Batzordean adierazi duenez, planteamendu horren aurrean, Euskadik “benetako arkitektura inklusiboa” proposatzen du, Europar Batasuneko gobernantza ekonomikoaren esparru berria ezartzeko legegintza-eskumen propioa duten Estaturik gabeko eskualdeen funtsezko zeregina aitortuko duena. Ekinn Donostiako Udalak hirian duen Sustapen sozietatearen berrikuntza eta ekintzailetza nodo bat da.
2027 osteko kohesio-politika zehazteko prozesuari buruzko jarrera horrekin, Eusko Jaurlaritzak berriz ere aditzera eman du duela urtebete Gasteizen egindako Jarraipen Batzordean azaldutako mezua —Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunaren etorkizuneko finantzaketa-esparruaren eta programen diseinuan parte hartzeko hartu zuen konpromisoa— eta, aldi berean, Europako Batzordeak Europar Batasuneko estatu bakoitzeko Plan bakar bat bultzatzen jarraitzearen inguruko kezka agertu du.
“Eusko Jaurlaritzaren iritziz, proposamen hori atzerapauso larria da legegintza-eskumenak dituzten eskualdeetako gobernuen parte-hartzearen arloan eta Europar Batasuneko maila anitzeko gobernantzan”, adierazi du Juan Alberdik.
Era berean, Ekonomia Politikarako eta Europako Kohesiorako zuzendariak nabarmendu du Europako Gizarte Funtsa Plus behar bezala garatzen dela Euskadin, kalitatezko enplegua lortzea eta enplegu hori mantentzen laguntzea errazteko helburuarekin eta desgaitasuna duten pertsonen eta pobrezia- edo gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea errazteko helburuarekin.
Euskadiko solaskide ekonomiko eta sozialek, EGF+ 2021-2027 programaren onuradunen ordezkariek eta Lanbide, Emakunde eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saileko ordezkariek osatutako batzorde horretan, Euskadiko EGF+ programaren bidez Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako proiektuen betetze-mailan izandako aurrerapenak partekatu dira, behin tarteko berrikuspena egin ondoren. Jarraipen horrek egiaztatu du programa hori erritmo onean ari dela aurrera egiten, batzordean azaldutako egoeraren azterketaren arabera.