María Jesús San Josék barkamena eskatu die Monbar Hoteleko biktimen familiei, «lau hamarkadatako erakundeen presentzia faltagatik eta isiltasun sozialagatik”

0
PRUEBA

 

  • Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak ‘Hotel Monbar, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik’ erakusketa zabaldu du
  • San Josek kargu politiko ohien adierazpenak gaitzetsi ditu, «min handiagoa eragiteko, gure demokraziaren sinesgarritasuna urratzeko eta giza eskubideen eta balio demokratikoen defentsan sustraiak dituen alderdi politiko baten siglak zikintzeko bakarrik balio izan zutelako»

María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak ‘Hotel Monbar, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik’ erakusketa ireki du gaur arratsaldean, Donostian. Erakusketa hau atentatuaren urteurrenaren testuinguruan ireki da; 1985eko irailaren 25ean, ETAko lau kide, Jose Mari Etxaniz, Iñaxio Astiasuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaide, metrailatuta hil zituzten GALen esanetara zeuden bi mertzenariok eta bosgarren pertsona bat zauritu zuten.

Sailburuak irmo hitz egin du: «Erakusketa honek Zuzenbide Estatuaren mugei buruzko hausnarketa izan nahi du. Salaketa eta gaitzespen irmoa izan nahi du, balio demokratikoak babesteko eta defendatzeko agindua zuten pertsonak izanik, Legetik kanpo, Zuzenbide Estatutik kanpo, jardutea erabaki zutenena; Estatuaren mekanismoak erabiliz gure gizarteari hainbeste kalte eragin zion erakunde terrorista finantzatu eta mantendu zutenena».

“Indarkeriak ez du sekula beste indarkeria baten erabilera justifikatuko.   Ezerk ezin du justifikatu, minimizatu edo erlatibizatu giza eskubideak urratzea. Horregatik, kargu politikoak izanda, eta estatuaren bitartekoak erabiliz, hainbeste pertsonari min emateaz harro eta lotsagabe hitz egin zutenei zera esan nahi diet: zuen hitzak arbuiatu egiten ditut, kondenatu. Min gehiago sortzeko baino ez ziren izan, gure demokraziaren sinesgarritasuna urratzeko eta giza eskubideen eta balio demokratikoen defentsan sustraiak dituen alderdi politiko baten izena zikintzeko. Hori ez da gure bidea, eta ez da inoiz izango «, gaineratu du.

Erakusketa hau Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren ekimen baten parte da. Ekimen horren bidez, gertakarien ezagutza eta Zuzenbidezko Estatuaren porrotaren salaketa sustatu nahi dira, biktima horien giza eskubideen urraketak aitortu  eta haien senideek jasan duten babes instituzional eta sozialik eza neurri batean arintzen lagundu nahi da.

María Jesús San José sailburuak adierazi duenez, erakusketa honek lehenik eta behin biktimei eta haien familiei errekonozimendua eskaintzea du helburu «beharrezkoa da hilketa haien krudelkeria eta bidegabekeria gizarteari helarazteko gai izatea. Inork ez zuela besteen bizitzari buruz erabakitzeko eskubiderik eta ez dela onargarria”.

Zentzu horretan, María Jesús San Josék barkamena eskatu die familiei urte hauetako isiltasunak eragin dien saminagatik: «Horregatik, gaur hemen, zuen aurrean, barkamena eskatu nahi dizuet lau hamarkadetako erakundeen aldetik bizi izan duzuen presentzia falta eta baita isiltasun sozialagatik. Badakit hitz hauek apenas arinduko dutela zuen oinazea, baina ziur nago bide luzea izatea espero dudanaren lehen urratsa dela».

Erakusketaren irekiera ekitaldia Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izan da. Ikusleen artean, GALen biktimak, baita ETArenak ere, erakundeetako ordezkari ugari eta hainbat alderdi politikotako kideak. Testuinguru horretan «bere bizitza osoan egin zuen bezala, bizikidetza eta elkarrizketa defendatu nahi nituzke», esan du sailburuak, «batasun hori ez dadila izan bidearen amaiera, baizik eta askoz luzeagoa, konplexuagoa den baten hasiera, amaiera desberdinen arteko bizikidetza eta harmonia duena. Hitz egin dezagun, hitz egin dezagun gure zauriak sendatzeko eta belaunaldi berrientzako etorkizun hobea eraikitzeko”.

Inaugurazio ekitaldia atentatuaren biktimen senideen testigantzak biltzen dituen bideo baten emanaldiarekin hasi da. Ikus-entzunezko pieza hau erakusketaren parte da, eta bertan, besteak beste, GALen inguruko egia argitzeko beharra, erantzukizunak beren gain hartzea, birbiktimizatuta sentitu diren aldiak eta erakundeen babesik eza azaltzen dira.

Jarraian, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Alberto Alonsok hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie lau biktimen senideei, aurreko hilabeteetan elkarrekin lan egiteko prest agertu direlako, erakusketa hau gauzatzeko: «Hilabeteak daramatzagu elkarrekin ibiltzen. Hasierako mesfidantza normala oztopo guztien gainetik egon den eskuzabaltasuna bihurtu da, eta horregatik gaur hemen nire esker ona adierazi nahi dizuet «.

Ainara Esteran Egiari Zor Fundazioko kideak ere hartu du hitza, fundazio horretan ordezkatuta dauden GALen biktimen izenean. Funtsean, biktimak alderdikerietatik aldentzea eskatu du, jasandako giza eskubideen urraketa larrietan arreta jarriz.

Inaugurazio ofizialaren aurretik, Maria Jesus San Jose sailburua, Arritxu Marañon sailburuordea eta Alberto Alonso zuzendaria Jose Mari Etxaniz, Iñaxio Astiasuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaideren familiekin izan dira erakusketa bisitatzen.

Hasiera ekitaldian, atentatuaren biktimen familiez gain, GALen biktima izan diren beste senide batzuk ere izan dira: Pilar Garaialde, Karmen eta Begoña Galdeano, Pili Zabala, Axun Lasa, Maider Garcia eta Lourdes Oñederra. Eta baita ETAren biktimen senideak eta biktimak ere, hala nola Iñaki Garcia Arrizabalaga, Jorge Mota, Alberto Muñagorri, Carlota Arginberri edo Patxi Elola. Bertan izan dira, halaber, Txetx Etcheverry, Monbar hoteleko atentatuaren lekukoa eta bi mertzenarioak jarraitu zituen pertsona harik eta atxilotu zituzten arte, eta Daniel Velez, kazeta-argazkilaria, atentatuaren berri eman zuen, bere argazkiak erakusketaren parte direlarik.

Inaugurazioak ordezkaritza instituzional zabala eta ugaria bildu du. Eusko Jaurlaritzaren izenean, María Ubarretxena, Denis Itsaso, Nerea Melgosa, Susana García eta Javier Hurtado sailburuak izan dira.

Era berean, Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko, Eusko Legebiltzarreko, Gipuzkoako Batzar Nagusietako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko talde guztietako ordezkariak ere bertaratu dira. Urretxu eta Astigarragako alkateak, Joxe Mari Etxaniz eta Iñaki Astiazuinzarra, hurrenez hurren.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia, Olatz Peon EAJ-PNVko Gipuzkoako zuzendaritzako kidea eta Muriel Larrea Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidentea ere bertan izan dira.

Erakusketa

13 panelek osatuta, bertan, azalpen-testu, artxiboko dokumentu, eta garaiko hemerotekaren bidez, talde terrorista horren 1983tik 1987ra bitarteko jardunaren jarraipena egin daiteke. Guztira 27 hilketa eta, gutxienez, 24 zauritu egozten zaizkio GALi. GALekin lotutako ikerketa judizial eta kazetaritza-ikerketak ere jasotzen ditu erakusketak.  Erakusketako zenbait argazki Daniel Vélez argazkilariaren artxibokoak dira, garaiko egunkarietarako lan egiten zuen Vélezek.

Monbar Hoteleko biktimen senitartekoen testigantzek osatzen dute erakusketa, justizia ezak eta erakundeen eta gizartearen babes eta aitortza faltak eragindako minaz dihardute, baita elkarbizitzarako beharrezko ikusten dituzten pausuez ere.

Horrela, erakusketa honek Euskadiren iragan hurbileko gertakari ia-ahaztu honetan jarri arreta jarrita, ‘estatu-terrorismoak’, ‘gerra zikinak’ eta horiek dakarten zuzenbide-estatuaren porrota salatu nahi ditu.

‘Monbar hotela, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik’ erakusketa urriaren 20a bitarte egongo da zabalik, Ernest Lluch kultur etxeko ohiko ordutegian.

Urriaren 7an, solasaldia

Erakusketaren harira, Gogora Institutuak solasaldi bat programatu du, estatuak eragindako indarkeriaren larritasuna nabarmentzeko eta terrorismoa eta horren ondorioak salatzeko eta ikusarazteko.

Jeronimo Riosek, Jon Mirena Landak eta Ainara Esteranek hartuko dute parte, eta Maitena Salinasek moderatuko du hitzaldia. Ernest Lluch Kultur Etxean izango da, urriaren 7an, 19:00etan. Sarrera librea izango da lekua bete arte.