Bihotzaren Mundu Eguna, irailak 29
- Euskadin, gaixotasun kardiobaskularrak dira emakumeen heriotza-kausa nagusia, eta horregatik da garrantzitsua prebentzioa, heziketa eta ohitura osasungarriak bultzatzea
- Bihotzekoaren sintomak desberdinak izan daitezke emakumeen eta gizonen artean eta horregatik da garrantzizkoa detektatzen jakitea eta ahalik eta azkarren jardutea
- Bihotzekoa duten 2 pazientetik batek bakarrik deitu du 112ra eta Osasun Sailak herritarrei gogorarazten die funtsezkoa dela bihotzekoaren susmo txikiena izanda “ez itxarotea eta ez bertaratzea, baizik eta deitzea”
Datorren astelehenean, irailaren 29an, izango den Bihotzaren Mundu Egunarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gaixotasun kardiobaskularren prebentzioan, osasun kardiobaskularra zaintzeko heziketan eta ohitura osasungarrietan jartzen dute arreta; bereziki, emakumeen artean, haien lehen heriotza-kausa baita.
Aurten, gaixotasun kardiobaskularrek emakumeengan duten eragina bereziki azpimarratuz, Osasun Sailak genero-ikuspegitik pentsatutako kanpaina bat jarri du abian, mezu honekin: “Zaindu zure bihotza. Asko du zuri kontatzeko”, osasun kardiobaskularra zaintzeko beharra nabarmenduz. ‘Bizirik dauden bihotzak’ kanpainaren helburuetako bat da gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzearen garrantziaz kontzientziatzea, batez ere emakumeengan, emakumeen osasun kardiobaskularraren garrantzia gogora ekarrita.
Kardiopatia iskemikoen, miokardioko infartu akutuaren edo bularreko anginaren sintomak desberdinak izan daitezke emakumeen eta gizonen artean; horregatik, garrantzizkoa da detektatzen jakitea eta ahalik eta azkarren jardutea.
Emakumeen sintoma bereizgarriak:
- Mina, opresioa, berotasuna bularraldean.
- Mina sabelaren goiko aldean, masailezurrean, lepoan edo bizkarrean.
- Mina urdailean (abdominala) eta/edo indigestioaren antzeko sentsazioa.
Sintoma nagusi horiekin batera beste sintoma batzuk ere ager daitezke, besteak beste:
- Goragalea.
- Arnasketa azkarra edo aire faltaren sentsazioa.
- Muturreko nekea.
- Zorabioak.
- Ondoeza edo antsietatea.
Osasun Sailak gaixotasun kardiobaskularren sintoma, arrisku-faktore edo prebentzioari buruzko informazio argia eta eskuragarria jartzen du herritarren eskura Osakidetzaren online plataforman, Osasun Eskolan.
SUSMORIK TXIKIENA IZANEZ GERO, DEITU 112-RA
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azpimarratu nahi du garrantzizkoa dela 112-ra deitzea, norbait miokardioko infartu bat izaten ari den zantzu txikienaren aurrean: ez itxaron, ez bertaratu, baizik eta deitu. Kasu horietan, segundo bakoitzak berebiziko garrantzia du eta ezinbestekoa da larrialdietako telefonoarekin lehenbailehen harremanetan jartzea, osasun-zentro batera norbere kabuz joaten saiatu beharrean.
Sailaren datuen arabera, bihotzekoa duten 2 pazientetik batek bakarrik deitzen du 112-ra. Gainerakoak beren kabuz doaz zentroetara, eta horrek arrisku handia dakar. Izan ere, pazienteak osasun-sistemarekin harremanetan jartzen eta honek jarduten zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta handiagoa hilkortasuna, eta, bizirauten badu, orduan eta txarragoak ondorioak pertsonaren bizi-kalitatean.
Ildo horretatik, eta infarturik gertatuz gero arreta optimoa bermatze aldera, Bihotzez sareak —“Infartu Kodea” delakoaren inguruan Miokardioko Infartua berehala tratatzeko Osakidetzaren baliabide guztiak antolatzen dituenak—laguntza-protokolo bakarra du Euskadi osorako. Protokolo honek tratamendu-baldintza optimoak bermatzen ditu, pazienteak bihotzekoa izan duen lekua eta osasun-sistemarekin harremanetan jartzeko modua edozein direla ere.
Hori guztia Osasun Itunean lortutako akordioarekin lerrokatzen da eta, zehatzago, denbora-mendeko patologia jorratzen duen ildo estrategikoarekin. Ildo estrategiko horren ardatza asistentzia-erantzuna optimizatzea da, denborak biziraupenarekin eta desgaitasunarekin zuzeneko lotura duen baldintzetan.
Gaixotasun kardiobaskularren intzidentzia Euskadin
Gaixotasun kardiobaskularren prebalentzia oso esanguratsua da Euskadin, 2024ko heriotza-tasetan islatzen den bezala. Iaz bakarrik, 2.137 emakume eta 2.030 gizon hil ziren gaixotasun kardiobaskularren ondorioz. Gainera, nabarmentzekoa da 2.600 pertsonak baino gehiagok miokardioko infartu akutua izan zutela, eta 3.300 pertsona inguruk bularreko angina, eta kasuen % 60 46 eta 75 urte bitarteko pazienteen artean izan zirela.
Bihotzari eta odol-hodiei eragiten dieten nahasmenduen multzoan sartzen dira hipertentsio arteriala, gaixotasun koronarioa, gutxiegitasun kardiakoa, miokardioko infartu akutua eta istripu zerebrobaskularra, besteak beste, eta arrisku-faktoreen konbinazio batek eragiten ditu, tartean hipertentsio arteriala, tabakismoa, diabetesa, kolesterol-maila altuak, gehiegizko pisua eta obesitatea, estresa eta sedentarismoa.
Ildo horretatik, Osakidetzak Arrisku Kardiobaskularra Detektatzeko Programa bat du Lehen Mailako Arretako kontsultetan. Horren bidez, osasun-langileek arrisku-faktoreak identifikatzen dituzte, eta alderdi horiek hobetzeko neurriak hartzea gomendatzen dute, ariketa fisikoaren, elikaduraren eta tabakoa eta alkohola saihestearen bidez; baita tentsio arteriala, kolesterola eta azukre-mailak kontrolatzea ere.