Gobernu Kontseiluak Euskal Merkataritza Konfederazioari (Euskomer) 56.235 €-ko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du proiektu estrategiko bat garatzeko, Euskadin elikagaien txikizkako merkataritza indartzera bideratua, bereziki harategien eta okindegien gremioena.
Proiektuaren helburua da lehia-gaitasuna sendotzea, kontsumo-ohitura berrietarako egokitzapena bultzatzea eta jarduera tradizional horien belaunaldi-erreleboa bermatzea.
Merkataritzaren sektorea suspertzeko Merkataritza 2030 estrategiaren barruan kokatzen da ekimena, bereziki eremu kalteberenetan edo ezagutza espezializatua eskatzen duten ezaugarri espezifikoak dituztenetan.
Aurreikusitako jardueren artean daude:
- Joeren jarraipena: kontsumo-ohiturak, salmenta-kanalak eta produktu- eta zerbitzu-eskaintza berriak aztertzea.
- Lehiakortasuna hobetzeko plana: sektore osorako eredu izango diren sei establezimendu pilotutan aholkularitza espezializatua ematea.
- Gizarte- eta enpresa-balioen dekalogoa, hurbiltasuna, kalitatea eta enplegu duina balioetsiko dituena.
- Agerikotasun eta gizarte-dinamizazioko ekintzak, besteak beste, lehiaketak antolatzea eta ekitaldietan parte hartzea, saltoki horiek herritarrei hurbiltzeko eta haien eginkizun kulturala eta ekonomikoa nabarmentzeko.
- Belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea, prestakuntza-eskaintza berrikusita eta Lanbide Heziketaren eta gremioen errealitatearen arteko lotura areagotuta, profesionalen belaunaldi berriak erakartzeko.
Dirulaguntza horrekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du hurbileko merkataritzaren modernizazioarekin, jasangarritasunarekin eta jarraipenarekin duen konpromisoa, elikaduraren funtsezko sektoreak babestuta, kontuan izanik Euskadiko auzo eta udalerrien kohesio sozial eta ekonomikoan laguntzen dutela.