Gure mahaietan dugun produktu bakoitzaren atzean lurra, itsasoa eta pertsonak daude; gure ohiturak, gure nortasuna eta gure ekoizleen eguneroko ahalegina. Bertako ekoizleen lana eta produktuak balioan jartzeko, Hondarribiko Udalak –hainbat eragilerekin elkarlanean– Bertako Produktuaren Astea antolatu du, irailaren 29tik urriaren 5era.
“Ekimen honen xedea lehen sektorea sustatzea, herriko ekoizleen lana balioan jartzea eta bertako produktuak ezagutzeko aukera eskaintzea da, herritarrek elikadura osasungarriago eta kontzienteagoa garatzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Estitxu Urtizberea zinegotziak. Tailerren bidez, parte-hartzaileek bertako produktuak dastatu, prestatu eta ekoizleen egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera izango dute; “horrek tokiko ekonomia eta gastronomia indartu eta naturarekiko errespetua sustatzen laguntzen du”, gaineratu du Urtizbereak. “Lan handia egin dugu. 15 tailer antolatu ditugu haur, nerabe eta adinekoentzat, eta aukera paregabea izango da herritar guztientzat ekoizleen lanaren berri izateko eta gastronomia herrikoia modu aktiboan ezagutzeko”.