Eusko Jaurlaritzak 2030 urtera begira politika publikoak gidatuko duen Landa Garapeneko Estrategia onartu du

0
PRUEBA
  • Lurralde Garapenerako Programa (LGP) Landa Garapenerako Eskualdeko Programetarako markoa izango da
  • LGP 2030 Landa Garapeneko Estrategiaren planifikazio neurrietako bat da, landa eremuan ekintza publikoa arautzeko
  • Berosi programa ere abian jarri da, landa-inguruneari oinarrizko zerbitzuak emateko; hasteko, Euskadiko landa-ingurunean kutxazain automatikoak instalatuko dira

Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak aurkeztuta, 2030ko Landa Garapeneko Estrategia eta Lurralde Garapenerako Programa (LGP).

Estrategia horren helburua da landa-inguruneko ekintza publikoa antolatzea. Zeharkako programa da, lurralde-antolamendua, trantsizio ekologikoa, etxebizitza, mugikortasuna, osasuna, berrikuntza eta gizarte-kohesioa lotuko baititu.

Landa-eremuetan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu, hiru ardatz nagusiren bidez:

  1. Eskubide-berdintasuna eta oinarrizko zerbitzuak bermatzea
  2. Dibertsifikazio ekonomikoa eta berrikuntza sustatzea
  3. Natura- eta kultura-ingurunea zaintzea eta balioestea

Horretarako, esku hartzeko arloak hiru eremu nagusitan banatu dira: dinamizazioa, gobernantza eta plangintza. Azken hori da, hain zuzen ere, astearte honetan onartu den LGPak jasotzen duena.

Lurralde Garapeneko Programa estrategia horren oinarrietako bat da plangintzari dagokionez, eta Landa Garapeneko Eskualdeko Programen (LGEP) esparrua izango da.

“LGPren bidez, politikak eta programak koordinatu eta lerrokatuko dira, landa-bermearen mekanismoa aplikatuko da, laguntza- eta finantzaketa-programak zehaztuko dira eta lurralde- eta sektore-ekimenen arteko osagarritasuna bultzatuko da. Hori guztia ezarritako helburuak lortzeko, hala nola, landa-ingurunea eta nekazaritza-espazioa zaintzea, dibertsifikazio ekonomikoa eta enplegua sustatzea, eta landa-eremuko herritarren ongizatea hobetzea”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.

 

Berosi proiektua

Landa-eremuetan banku-bulegoak kentzeak finantza-bazterketa eragin du bizilagun askorentzat, kutxazain batera iristeko kilometroak egin behar baitituzte. Landa eremuari oinarrizko zerbitzuak emateko jarri dute martxan Berosi proiektua. Eta, kasu honetan, ekimen zehatza da, finantza-inklusio hori bermatu nahi duena, gaur egun Euskadiko eremu batzuetan existitzen ere ez dena.

Bazterketa finantzario horri irtenbidea emateko, 38 udalerritan kutxazainak instalatzeko lizitazioa abiaraziko da. Honako faktore hauek kontuan hartuta aukeratuko dira udalerriak:

  • 300 biztanletik gorako herriak, kutxazainik eta banku-bulegorik ez dutenak.
  • Kutxazainik hurbilena gutxienez zortzi kilometrora dutenak.
  • Urtean 100.000 turista baino gehiago dituzten herriak.

38 kutxazain horiek instalatuta —horietatik 31 instalatuko dira 24 hilabeteko epean— 22.500 pertsona baino gehiagorengana iritsiko da, hau da, EAEko udalerrien ia % 93ra eta landa-inguruneko biztanleen % 96ra. Aurrekontua 1,15 milioi eurokoa izango da 2029ra arte, eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du oso-osorik.

Laburbilduz, 2030 Estrategia aurkeztuta, LGP onartuta eta Berosi proiektua abiarazita, Eusko Jaurlaritzak indartu egin du landa-ingurune bizi, berritzailearekin eta aukera-berdintasunarekin duen konpromisoa.