Eusko Jaurlaritzak industria-eraldaketarako eta kalitatezko lanpostuak sortzeko «Industria Plana-Euskadi 2030» onartu du

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak » Industria Plana- Euskadi 2030″ onartu du gaurko bileran. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuaren hitzetan, plan hori «Euskadiren hazkundearen oinarria izango da datozen urteetan».

Industria Planak Eusko Jaurlaritzak industria eraldatzeko eta etorkizuneko belaunaldientzako kalitate handiko lanpostuak sortzeko ildo estrategikoak zehazten ditu. Planak 23 proiektu eraldatzaile barnebiltzen ditu, lankidetza publiko-pribatuaren eskutik garatuko direnak, «Euskadiren eraldaketa industriala lehen lerroan jartzeko”. «Plan honek gure industriari jauzi kualitatibo bat ematen lagunduko dio, gure herriaren etorkizun ekonomikoa eta hurrengo belaunaldientzako ongizatea eta garapena bermatzeko. Industria gure herriaren aurrerabidearen, aberastasunaren, ongizatearen eta kalitatezko enpleguen iturria delako «zehaztu du Jauregik.

Eusko Jaurlaritzak 3.900 milioi euro bideratuko ditu Plan honetara legegintzaldian, eta, horri esker, 12.000 milioi euroko inbertsio pribatua egin ahal izango da. Beraz, inbertsio publiko-pribatuko 15.900 milioi euro mobilizatuko dira guztira.

2030 Landa Garapeneko Estrategia

Gobernu Kontseiluak Lurralde Garapenerako Programa (LGP) eta 2030 Landa Garapeneko Estrategia onartu ditu.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok, adierazi du estrategia horren helburua dela landa-inguruneko ekintza publikoa antolatzea. “Zeharkako programa da, lurralde-antolamendua, trantsizio ekologikoa, etxebizitza, mugikortasuna, osasuna, berrikuntza eta gizarte-kohesioa lotzen dituena eta helburu duena landa-eremuetan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetzea, hiru ardatz nagusiren bidez: eskubide-berdintasuna eta oinarrizko zerbitzuak bermatzea; dibertsifikazio ekonomikoa eta berrikuntza sustatzea eta natura- eta kultura-ingurunea zaintzea eta balioestea”.

Lurralde Garapeneko Programa, aipatu estrategia horren oinarrietako bat da plangintzari dagokionez, eta Landa Garapeneko Eskualdeko Programen (LGEP) esparrua izango da. “LGPren bidez, politikak eta programak koordinatu eta lerrokatuko dira, landa-bermearen mekanismoa aplikatuko da, laguntza- eta finantzaketa-programak zehaztuko dira eta lurralde- eta sektore-ekimenen arteko osagarritasuna bultzatuko da. Hori guztia ezarritako helburuak lortzeko, hala nola, landa-ingurunea eta nekazaritza-espazioa zaintzea, dibertsifikazio ekonomikoa eta enplegua sustatzea, eta landa-eremuko herritarren ongizatea hobetzea”, azpimarratu du Amaia Barredok.

Ekonomia hazi egingo da 2025 eta 2026ean

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak datozen bi urteetarako aurreikuspen ekonomikoen eguneratzea aurkeztu du gaur.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurreikuspenen arabera, ekonomia % 2,2 haziko da 2025ean eta % 1,9 2026an, eta azken aurreikuspenekin alderatuta, goranzkoa da berrikuspena; horrek erakusten du Euskadiko jarduera ekonomikoaren sendotasuna. “Datu horiek agerian uzten dute gure ekonomiaren indarra. Euskadik jakin du norabidea mantentzen zalantzaz beteriko nazioarteko testuinguruan, eta gaur esan dezakegu konfiantzaz eta oinarri sendoz ekingo diogula datozen urteei, aukerak sortzen jarraitzeko” azpimarratu du Torresek.

2025erako lanaldi osoko 14.000 enplegu sortuko direla aurreikusten da, eta horri esker langabezia tasa % 6,4ra jaitsiko da. Aurrerapen horrek “kohesio soziala eta herritarren ongizatea indartzen lagunduko du, horiek baitira gure politika ekonomikoaren helburu nagusiak”, nabarmendu du Mikel Torresek.

Zibersegurtasuna, eraldaketa digitalerako elementu estrategikoa

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak azaldu du Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz sartuko duela zibersegurtasuna 2026tik 2030era bitarteko arriskuen aseguramenduan, eta, hala, Estatu mailan aitzindari izango direla.

Gobernu Kontseiluak prozedura honen hasiera onartu du gaur, jarraipena emateko indarrean dauden eta 2026ko urtarrilean amaitzen diren kontratuetan jasota dagoen arriskuen estaldurari.

“Kasu honetan, berritasuna da – jarraitu du- lehiaketa publiko honen baldintza-agirietan «ziber-arriskua» aseguruaren lizitazioa sartu dela, uste baitugu zibersegurtasuna elementu estrategikoetakoa dela administrazio publikoaren eraldaketa digitalari arrakastaz ekiteko”.

EAEko Administrazio Orokorraren, haren organismo autonomoen eta zuzenbide pribatuko ente publikoen arriskuen estaldurek 133 milioi eurotik gorako lizitazio-prezioaren urte anitzeko aurreikuspena dute.

Segurtasun arloan ere, Gobernu Kontseiluak Ertzaintzaren eta Gaztela-Mantxako Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena onartu du, praktiketako ikasleak prestatzeko. Hitzarmen horren bidez, hezkuntza-arloko lankidetza bultzatu nahi dugu, ikasleei prestakuntza integrala, teorikoa eta praktikoa emateko eta, horrela, prestakuntza profesionala ziurtatzeko, enplegagarritasuna eta lan-merkatuan sartzeko gaitasuna hobetzeko.

Ubarretxenaren hitzetan, “akordio honi esker, unibertsitateko ikasleek Ertzaintzaren bulegoetan egin ahal izango dute praktiketako prestakuntza, haien aholkularitza eta laguntzarekin, eta praktika horiek hartzen eta tutorizatzen dituen programa bati jarraituz”.

Euskadin elikagaien merkataritza indartzeko dirulaguntza

Azkenik, Gobernu Kontseiluak, Euskomer,  Euskadiko Merkataritza Konfederazioari 56.235 euroko dirulaguntza ematea onartu du, Euskadin elikagaien merkataritza indartzeko proiektu estrategiko bat garatzeko, batez ere harategi eta okindegien gremioei arreta berezia eskainiz.

“Proiektuaren helburua da lehiakortasuna indartzea, kontsumo-ohitura berrietara egokitzea eta jarduera tradizional horien belaunaldi-erreleboa bermatzea” azaldu du Ubarretxenak.

Ekimena merkataritza-sektorea suspertzeko 2030erako Merkataritzaren estrategiaren barruan sartzen da, bereziki eremu zaugarrienetan edo ezagutza espezializatua behar dutenetan.

 

Prentsa-txostena

Gai-zerrenda