Etxebizitza eta apartamentu turistikoak arautuko dira Zarautzen

0
PRUEBA

Zararauzko Udalak, bere iraileko ohiko Udalbatzarrean erabaki du, hasiera ematea herriko ostatu erabilera arautzeko Zarauzko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren aldaketa puntuala egiteko prozesuari. Erabaki honek, Udalbatza osatzen duten alderdi guztien babesa jaso du eta aho batez onartu da hilabete honetako ohiko batzarrean. Behin Udalbatzarrean onartuta, Zarauzko Udalak etxebizitza eta apartamentu turistikoentzako araudi propioa sortzeko plan orokorra aldatzeari ekingo dio.

“Aldaketa hau ez da bat-bateko erabakia, baizik eta ibilbide luze eta sendo baten emaitza, gure udalerriaren beharrei erantzuteko eta gure herritarren ongizatea zaintzeko helburuarekin egindako azterketa eta parte-hartze prozesu baten ondorioa”, azaldu du Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Etxebizitza eta Hirigintza zinegotziak. “Momentu honetan gure Plan Orokorrak ostatu erabilera arautzen du orokorrean, ez erabilera motaren arabera eta Zarautzen bizi parte-hartze prozesuan adostasun maila zabala izan zuen Etxebizitza Turistiko eta Apartamentu Turistikoentzako araudi propioa sortzeak”.

Erabaki honetara iristeko aurretik egindako bidea luzea da. 2024ean, Udalak “Zarauzko etxebizitzaren egoerari eta etxebizitza eta apartamentu turistikoen eraginari buruzko azterlana” landu eta aurkeztu zuen, non datuetan oinarritutako egoeraren diagnosia gauzatzen zen. Datu horiek oinarri hartuta, aurtengo maiatzean Zarautzen bizi hausnarketa partekatua abiatu zen, besteak beste, Etxebizitza Turistikoen eta Apartamentu Turistikoen gaia herritarrekin jorratzeko. Prozesu hori oso baliagarria izan da erabakia martxan jartzeko, baina baita araudi aldaketaren oinarriak ezartzeko ere. Hala ere, aurrerantzean ere izango da gaiaren inguruan ekarpenak egiteko aukera, planaren aldaketa behin betiko onartu bitartean parte hartzeko programa ere onartu baitzen atzoko bilkuran.

Urtebeteko etenaldia

Ostatu turistikoen araudia moldatzeko prozesuari hasiera ematearekin batera, Udalak establezimendu eta erabilera berriak baimentzeari utziko dio urtebeteko epean.

Epe honetan, Hirigintza departamentuak ez du establezimendu eta erabilera berriak ezartzeko txosten, baimen, lizentzia berririk egingo, dagoeneko obra-baimena duten establezimenduak bakarrik zabaldu ahalko dira. Udalak beste bi urtez, edo behin betiko dokumentua onartu bitartean, etenaldia luzatzeko aukera ere izango du. Horretarako plan aldaketari hasierako onespena eman beharko dio urte beteko epe horren barruan.