Mikel Torres lehendakariordeak Ramón Rubial Fundazioak antolatutako «Nola aldatu gara: 40 urte Europar Batasunean» Europako Eztabaida Foroan parte hartu du gaur. Bertan, Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroarekin elkarrizketa-mahaia partekatu du, Urte Anitzeko Finantza Esparru berriaren (MFP 2028-2034) erronkei heltzeko.
Bere hitzaldian, Euskal Herriak Europako testuinguruan izan duen eraldaketa ekonomikoan jarri du arreta sailburuak, eta 80ko hamarkadako krisi industrialetik ekonomia moderno, lehiakor eta berritzailea finkatu arteko bilakaera marraztu du.
Ekitaldian, Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordea eta Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea ere izan dira. Torresek nabarmendu du euskal politikek Europar Batasunaren lehentasunekin lerrokatuta jarraitu behar dutela, eta hiru ardatz nagusitan jarri du arreta:
- Enplegu Politika Aktiboak: Enpleguko euskal estrategiak Europako lan-merkatura egokitzea, trantsizio berde eta digitalak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko langileen kualifikazioa ziurtatuz.
- Berrikuntza eta Lehiakortasuna: Faktore horien etengabeko bultzada, hurrengo Urte Anitzeko Finantza Esparruan funtsezko elementu gisa.
- Lurralde-kohesioa eta Europako Funtsak: gizarte-kohesioaren garrantzia, printzipio gidari gisa, eta Suspertze eta Erresilientzia Europako Funtsen eginkizun estrategikoa, etorkizuneko inbertsioetarako.
Lehendakariordeak nabarmendu du MRR Funtsen kudeaketak arrakasta izan duela Euskadin enplegua erresilienteagoa izan dadin. «Funtsen inbertsioa ez da gastu bat soilik, enplegu eredu berri baten hazia da. Euskadin, Sailaren eta Lanbideren bidez jasotako funtsen % 74,5 exekutatu dugu, eta erakutsi dugu langileen trebakuntza lehenesten ari garela gure ekonomiaren eraldaketa handiek eskatzen dituzten arloetan. Hori da garapen sozial eta ekonomiko jasangarriari lagunduko dion kalitatezko enplegu inklusiboa lortzeko oinarria», azpimarratu du.
«Asmo handiko agenda eta finantziazio mugatua» leloa aztertu zuen Foroak, eta Carlos Cuerpo ministroaren hitzaldiarekin jarraitu zuen. Ondoren, hiru aldeko elkarrizketa izan zen, eta Eider Gardiazabal Ramón Rubial Fundazioko lehendakariak hartu zuen parte.