- Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek iragarri du plataforma berri hau sortuko dela, Osasun Sailaren 2025-2030 aldirako Euskadiko Onkologia Plan Integralaren barruan
- Martínez: «Ikerketa gehiago egiteak osasun gehiago eta hobea esan nahi du, aukera gehiago eta itxaropen handiagoa pazienteentzat»
- Euskadiko Onkologia Plan Integralak eta Euskadiko Osasun Itunak plangintza-, laguntza-, ikerketa- eta koordinazio-konpromisoak ezartzen dituzte
- Onkologiako azpiegituretan nazioarteko erreferente gisa akreditatua izateko prestatzen ari da Euskadi
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martínezek Onkologiako Saiakuntza eta Ikerketa Proiektuen Plataforma Bakarra martxan jarriko dela iragarri du gaur goizean Bilbon. Urrats aitzindaria izango da, pazienteek EAEn eskuragarri dauden saiakuntza klinikoetarako sarbide ekitatiboa izango dutela bermatzeko eta sistemak baliabideak erakartzeko eta minbiziaren aurkako borrokan berrikuntza sortzeko duen gaitasuna indartzeko.
Tresna berri horren aurkezpena, onkologian erreferentzia diren Europako adituen taldearen hirugarren eta azken bisitan egin da. Elkarrekin urtebetez lan egin dute, Osakidetzako profesionalei, Osasun Saileko Osasun Ikerketa Institutuei eta pazienteen elkarteei lagunduz 2025-2030 aldirako Euskadiko Onkologia Plan Integrala prestatzen eta hobetzen.
Europako maila goreneko adituen taldeak azken lan-saioa egin du gaur euskal osasun-sistemako profesionalekin, minbiziaren azpiegitura integralak optimizatzeko programaren esparruan. Programa horretarako, Euskadi hautatu du Europar Batasunak, eremu horretan aurreratuta dauden beste 8 herrialde eta eskualderekin batera. Martínezek lan-saio honen hasieran parte hartu du, Gontzal Tamayo Osasun, Eraldaketa Digitaleko eta Osasun-alorreko Emaitzetako sailburuordearekin eta Iñaki Gutiérrez Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko zuzendariarekin batera.
Saiakuntza kliniko gehiago eta parte hartzen duten pertsona gehiago
Plataforma hau Euskadiko ikerketa sanitarioko ildo nagusiaren esparruan sortu da, onkologian zentratuta. Gaur egun, Euskadik 140 ikerketa-proiektu aktibo ditu, eta minbiziarekin lotutako saiakuntza klinikoetan parte hartzen duten 12.000 paziente baino gehiago. Orain, saiakuntza-kopurua eta pazienteen parte-hartzea handitzea da helburua, aukera-berdintasuna, terapia berritzaileetarako sarbidea eta sortutako datuen kudeaketa aurreratua bermatuz.
«Minbiziak jarraitzen du izaten heriotza-kausa nagusia gure herrialdean. Plan honekin eta saiakuntzen plataforma bakar berriarekin, Euskadik urrats erabakigarria ematen du Europako ikerketa eta arreta onkologikoaren abangoardian kokatzeko. Ikerketa gehiago egiteak osasun gehiago eta hobea esan nahi du, aukera gehiago eta itxaropen handiagoa pazienteentzat «, adierazi du Alberto Martínez Osasuneko sailburuak.
Ekimen horrekin, Euskadik Comprehensive Cancer Centres (CCC) direlakoen Europako ereduan duen posizioa indartzen du. Azpiegitura horiek laguntza, ikerketa eta prestakuntza biltzen dituzte, eta nazioarteko erreferentzia dira minbiziari modu integralean heltzeko. Parte-hartze horrek aukera ematen dio Euskadiri Europako onkologiaren abangoardian kokatzeko, nazioarteko lankidetza indartuz eta bikaintasunean, ekitatean eta berrikuntzan oinarritutako osasun-eredu bat sendotuz.
Europako topaketa Euskadin
Bi jardunaldi izan dira, Europako adituen taldea atzo bildu zen Gasteizen eta gaur Bilbon, 2024ko azaroan hasitako aholkularitza amaitzeko, minbiziaren azpiegitura integralak optimizatzeko Europar Batasunaren programaren esparruan (Comprehensive Cancer Infrastructures).
Bilera horietan funtsezko alderdiak jorratu dira, hala nola:
- Ikerketa- eta berrikuntza-estrategiak.
- Pazienteen parte-hartze eta inplikazio zuzena.
- Fase goiztiarretako saiakuntza klinikoak eta ikerketa translazionalean laguntzea.
- Osasuneko emaitzen datuak biltzea eta aztertzea.
Hirugarren bisita honek esan nahi du prozesu parte-hartzaile bat sendotu dela, hainbat eremutako mila profesional baino gehiago inplikatu dituena, bai eta pazienteen elkarteak eta gizarte-eragileak ere, Euskadiko Osasun Itunarekin bat etorriz. Itunak plangintzarako, asistentziarako, ikerketarako eta irakaskuntzarako eta koordinazio instituzionalerako konpromisoak ezartzen ditu, Osakidetzaren, Osasun Saileko Osasun Ikerketa Institutuen, BIOEF Ikerketa Sanitariorako Euskal Fundazioaren eta inplikatutako eragile guztien arteko lankidetza indartuz.
2025-2030 Onkologia Plana, urrian aurkezpena
2025-2030 Euskadiko Onkologia Plan Integrala datorren urriaren 17an aurkeztuko zaie ofizialki osasunaren arloko profesionalei, elkarteei eta eragileei. Bat dator osasun-politiketan eta antolaketa-ereduetan bultzada berri bat onartzearekin eta Euskadi Europan erreferentziazko Onkologiako Zentro Integral gisa aitortzeko asmoarekin.
Plan horrek konpromiso argiak ezartzen ditu prebentzioan, detekzio goiztiarrean, asistentzia-ibilbide integratuetan, ikerketa traslazionalean eta profesionalen eta pazienteen protagonismoan.






