Marian Olabarrieta: «Mendekotasuna duten pertsonei ez ezik, urte askotan modu aktiboan biziko direnei ere zuzendutako politikak diseinatu behar ditugu»

0
PRUEBA

Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Bizitza Osoari Laguntzeko zuzendariak adierazi duenez, Euskadin 65 urtetik gorako pertsonak biztanleriaren % 24 dira gaur egun, eta talde horretan gehienak ez dira mendekoak. «Hori dela eta, erakundeok mendekotasuna duten pertsonei ez ezik, urte askotan modu aktiboan biziko direnei ere zuzendutako politikak diseinatu behar ditugu», adierazi du Olabarrietak gaur, Adinekoen Nazioarteko Egunean, Herri Irratian egindako elkarrizketan. Eusko Jaurlaritzako Bizitza Osoari Laguntzeko zuzendariak gogorarazi du azken horiek erretiroa hartzen duten pertsonak direla, eta kultura, lana eta historia alorretako jakinduria dutela, aprobetxatu beharrekoa. Ostiral honetan Ongizate Sailak 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ALTXOR zerbitzu publikoa aurkeztuko du.

Adinekoei zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren beste zerbitzu bat Beti On telelaguntza-zerbitzua da. Gaur egun, 82 mila pertsona inguru dituen zerbitzua da, eta erabiltzailearen profila bakarrik bizi den 83 urteko emakume batena da. Gainera, bakarrik bizi diren 100 urtetik gorako ia 300 erabiltzaile ditu Beti Onek. «Zerbitzu proaktiboa da, erabiltzaileek egunero 1.300 dei inguru egiten dituzte, eta langileek 3.000 dei baino gehiago egiten dituzte. Gripearen txertoa, iruzurren prebentzioa, abisu meterologikoak… bezalako gaiak jorratzen dira, azkenean Beti On laguntza bihurtzen da» adierazi du Marian Olabarrietak. Eusko Jaurlaritzako Bizitza Osoari Laguntzeko zuzendariak azaldu duenez, telelaguntza prediktiboko proiektu pilotu bat egiten ari dira Oarsoaldean, Beti Onen dominatik haratago doana. «Beste gailu batzuk erabili ditugu, ez domina bakarrik, eta horrek askoz datu gehiago izatea ahalbidetzen du, erorikoak eta beste arazo batzuk saihesteko. Zerbitzu hau laster sartuko da Beti On zerbitzuan»aipatu du Olabarrietak. Era berean, azpimarratu du Beti On plataforman 200 langile daudela. «Oso inplikatuta daude eta erabiltzaileek beren jarrera ona nabaritzen dute» gaineratu du Ongizate saileko ordezkariak.