Osasun Sailak eta Osakidetzak gripearen eta covid-aren kontrako txertaketa abiarazi dute adinekoen egoitzetan

0
  • Kolektibo horrek berebiziko zaurgarritasuna duenez arnas gaixotasunen aurrean, hura babestea lehenetsi da, agerraldiak saihesteko
  • Alberto Martínez-ek, Osasuneko sailburuak, Miñaoko egoitza bisitatu du gaur, horrelako baliabideen txertaketa-prozesuaren antolamendua in situ ezagutzeko, Adinekoen Nazioarteko Egunean

Aste honetan, Osasun Sailak eta Osakidetzak instituzionalizatutako pertsonen (hots, bereziki esparru soziosanitarioko egoitzetan bizi diren pertsonen) gripearen eta COVIDaren aurkako txertaketa abiarazi dute. Urtero bezala, kolektibo horren immunizazioa lehenetsi da; izan ere, berebiziko zaurgarritasuna dute gaixotasun horiekiko, gehien bat adineko pertsonak direlako eta, ondorioz, arnas gaixotasun horiek osasun-konplikazioak eragin ahal dizkietelako. Horrela, gainera, egoitzetan gerta daitezkeen agerraldiak ere saihesten dira.

Gaur, Adinekoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Osasuneko sailburuak, Alberto Martínezek, Arabako Colisée Miñano adinekoen egoitza bisitatu du, in situ ezagutzeko egoitza horren antzeko ezaugarriak dituzten baliabideek behar duten antolakuntza txertaketa-prozesua aurrera eramateko. Martinezekin batera, Carla Darriba Osakidetzako koordinatzaile soziosanitarioa izan da.

Txertaketa modu proaktiboan egiten da, hau da, ez da beharrezkoa egoiliarrek eskatzea. Osakidetzak erreferente soziosanitarioak ditu bere ESI bakoitzean, eta kanpaina koordinatzeko lan garrantzitsua egiten dute egoitza guztietan eta txertaketa-zentroetan. Gainera, txertaketa-ekipo espezifikoak dituzte bertara joateko.

Kalkuluen arabera, EAEn 21.000 pertsona inguru bizi dira egoitza horietan, eta, beraz, gripearen eta COVIDaren aurkako txertoaren hartzaile potentzialak dira. Kopuru horri baliabide txikiagoetan bizi diren pertsonak gehitu behar zaizkio, hau da, pisuetan eta abarretan bizi direnak. Kolektibo hori immunizatzeko, gripearen aurkako txerto espezifiko bat erabiliko da (eraginkortasun indartukoa), bai eta COVIDaren aurkako RNA mezulariko txertoa ere (gainerako herritarrentzat erabiltzen den txerto bera).

Bihar, Osasun Sailak eta Osakidetzak xehetasun gehiago emango dituzte gripearen aurkako 2025-2026 aldirako txertaketa-kanpainaren aurkezpenean. Aurkezpena Errekaldeko Anbulatorioan, Bilbon, egingo da.  Bien bitartean, gogorarazten dute garrantzitsua dela arnas infekzioen transmisioa prebenitzeko neurriak mantentzea, hala nola eskuen higienea egitea, espazio itxiak aireztatzea, erabili eta botatzeko musuzapiak erabiltzea edo maskara jartzea, arnas infekzioarekin bateragarriak diren sintomak baditugu.