Zarauzko Udalak aurtengo hondartza denboraldian martxan izan diren zerbitzuen balorazioa egin du

0
PRUEBA

Jada agur esan diogu udari eta Zarauzko Udalak aurtengo hondartza denboraldian martxan izan diren zerbitzuen balorazioa egin du.

BPXport enpresak 70 pertsona izan ditu uda honetan Zarauzko hondartzako sorospen zerbitzuan lanean eta, zerbitzua martxan izan den epean, 357 eskuhartze izan dituzte (242 eskuhartze 2024an), non horietako 42 (58 2024an) inguruko osasun zentroetara bideratu ziren ondoren. Uretan egindako erreskateei dagokionez, 92 izan dira, joan den urteko zifra baina baxuagoa izanik (126 erreskate 2024an).

Tamalez, heriotza bat izan da aurtengo udan Zarauzko hondartzan. Denboraldiko azken astean ondoezik zegoen bainulari bat erreskatatu behar izan zuten, baina sorosleek ezin izan zuten suspertu.

“Uda denboraldi honetan zehar lan handiko egunak izan dira sorospen zerbitzuko langileentzat, bai hondartzan egin beharreko eskuhartzeengatik, bai eta agertzen ziren marmokak uretatik ateratzeko. Baina, oro har, uda zoragarria izan dela esan dezakegu, azken urteetan izandakoen ildo beretik jarraituz”, adierazi du Iban San Martin (EAJ-PNV) Zerbitzuen zinegotziak.

Honez gain, sorospen zerbitzuak bainu egokitua eskaini du hala eskatu duten erabiltzaileentzat eta, guztira, 7 pertsonari eman zaie zerbitzu hau.
Behin hondartza denboraldia eta sorospen zerbitzua amaituta, Udalak gogorarazten du hemendik aurrera tentuz ibili behar dela uretan, itsasoko korronteekin kontu handia edukiz. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaturiko hondartza garbiketa zerbitzuak hilabete amaiera arte jarraituko du.