Osasuneko sailburuak 2025eko gripearen kanpaina aurkeztu du, aurten berritasun batekin: 75 urtetik gorakoentzako txerto indartua

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak urriaren 6an hasiko den gripearen eta COVIDaren aurkako 2025eko txertaketa-kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Bilboko Errekaldeko osasun zentroan.  Une honetatik aurrera, 60 urtetik gorako pertsona guztiek, 6 hilabetetik 5 urte bete arteko haurrek, haurdun dauden emakumeek eta gaixotasun hori harrapatuz gero osasun-arazoak izateko arrisku handiena duten pertsonek eska dezakete txertoa jasotzeko hitzordua, Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta. 80 urtetik gorako pertsonei, Osakidetzak telefonoz deitzen die, hitzordua arinago eta errazago hartzeko, eta erosoagoa denean joateko aukera izan dezaten. Gonbidapena azaroaren hasieran bidaliko zaie gainerako herritarrei, biztanle ahulenak babestuta daudenean; izan ere ahalik eta pertsona gehien immunizatzea da helburua. Gainera, 75 urtetik gorakoek gripearen aurkako txerto «indartua» jasoko dute, eta COVIDaren aurkako txertoa aldi berean jartzeko aukera izango dute.

Kanpaina berriaren leloa «Zu zara funtsezko pieza gripea saihesteko. Jarri txertoa» da, eta haren inguruko xehetasunak gaur goizean eman ditu Alberto  Martínez Osasuneko sailburuak ezagutzera Osakidetzako Errekaldeko Lehen Mailako Atentzioko zentroan egin den prentsaurreko batean. Berarekin batera egon dira, Osasun Saileko Osasun Publikoko zuzedaritzako Pello Latasa epidemiogologoa, eta Magdalena Presmanes eta Beatriz Cubeiro Bilbo-Basurtuko ESIko Arreta Integratuko zuzendaria eta Erizaintzako zuzendariordeak. Aurkezpen horretan gogorarazi dutenez, kanpainaren helburua ahalik eta pertsona gehien babestea da, ahulenetatik hasita, horiek baitira arnas gaixotasunen aurrean konplikazio handienak izan ditzaketenak.

Immunizazioa aste honetan bertan hasi da adinekoen egoitzetan, eta astelehen honetatik aurrera gripearen aurkako txertaketa hasiko da xede-populazioan. Honako hau da xede-populazioa:

  • 60 urte edo gehiagokoak.
  • 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrak (59 hilabete artekoak arte).
  • Immunoezabatzea edota patologia kronikoren bat (biriketakoa, bihotzekoa, diabetesa…) duten pertsonak.
  • Haurdun dauden emakumeak.
  • Gizarte zerbituetako eta osasun-alorreko profesionalak, pertsona zaurgarrien zaintzaileak eta pertsona zaurgarriekin bizi direnak.
  • Bestelako langileak, hala nola haurtzaindegietako eta Haur Hezkuntzako ikastetxeetako langileak, animaliekiko zuzeneko esposizioa duten pertsonak (abeletxeak, albaitariak eta abar) eta funtsezko zerbitzu publikoak (segurtasun-indarrak, suhiltzaileak…).

Iaz, biztanleria-taldeen arabera bereizita, estaldura % 57,5ekoa izan zen 60 urte edo gehiagokoen artean (% 64koa, 65 urtetik gorakoen artean), % 41ekoa 6 hilabete eta 5 urte arteko adina zutenen artean, eta % 52koa haurdun zeuden emakumeen artean. Osasun Sailak «oso positibotzat» jotzen ditu datu horiek, baina oraindik ere hobetzeko tartea dago. Horregatik, berriro deitu dituzte herritarrak txertoa hartzeko.

Sudur bidezko txertoa haurrentzat

Beste urte batez, Osakidetzak haurren txertaketan jarri nahi du arreta, ez bakarrik beren osasunean izan ditzaketen konplikazioengatik,  baita gaixotasuna beste pertsona batzuei transmititzeko gaitasuna duen biztanleria delako eta, bereziki, adinekoei.   Hori dela-eta, duela hiru urtetik, Osakidetzak sistematikoki jartzen die txertoa 6 hilabete eta 5 urte arteko haurrei (59 hilabete), bai eta arrisku-egoeraren bat duten 5 urtetik gorakoei ere. Atxikimendua errazteko eta txertaketaren molestiak saihesteko, aurten ere sudur bidezko txertoa emango da 2 urtetik 5 urtera arteko haurren artean.

Gripearen aurkako txertoa bronkilitis akutuaren txertoarekin batzen da. Azken hori duela urte batzuetatik hona biztanle txikienei ematen zaie; zehazki, jaioberriei (aurten uztailaren 1etik aurrera jaio direnei), goiztiarrei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherakoei, birus horren konplikazioetatik babesteko.    Irailaren 15ean txertaketa abiarazi zenetik, 1.500 dosi inguru eman dira jada.

Babes gehiago 75 urtetik gorakoentzat

Osakidetzak aurten erabiliko dituen txertoen artean, sudur bidezko txertoaz gain, txerto adjubatua dago, jada instituzionalizatutako pertsonetan erabiltzen zena (hots, egoitzetan daudenak). Aurten, lehen aldiz erabiliko da txerto hori 75 urtetik gorako pertsonen artean, eraginkortasun indartua baitu. Zehazki, honako txerto hauek erabiliko dira kanpaina honetan:

  • 6 hilabetetik 75 urtera bitarteko pertsonentzat (24 eta 59 hilabete bitarteko haurrentzat izan ezik, horien artean eskuragarri baitago sudur bidezko txertoa). Dosiak: 450.000
  • Txerto adjubatua, 75 urte edo gehiagoko pertsonentzat eta 50 urte baino gehiago dituzten pertsona instituzionalizatuentzat (egoitzetan). Dosiak: 300.000
  • Sudur bidezko txertoa, 24 eta 59 hilabete bitarteko haurrentzako eta arrisku-baldintzak dituzten 15 hilabetetik beherako haurrentzako. Dosiak: 35.000
  • Arrautzari alergia dioten pertsonei eta/edo aminoglukosidoei zuzendutako txertoa, 6 hilabetetik aurrera. Dosiak: 1.200.

Guztira, Osakidetzak 786.200 dosi izango ditu aurten, eta zerbitzu-erakunde bakoitzari emango zaizkio, herritarren beharren arabera. Guztietan, ezaugarri nagusia da gripearen aurkako txerto tribalente bat dela, A andui bi eta B andui bat dituena.

NOLA ESKA DAITEKE ZITA TXERTOA JASOTZEKO?

Hasiera batean, xede-populazioari emango zaio lehentasuna. Horrenbestez,

  • Xede-populazioaren parte bazara: Gaur bertan eska dezakezu zita, Osakidetzaren webgunearen bidez edo zure osasun-zentrora deituta, txertoa urriaren 6tik aurrera jartzeko. 80 urte edo gehiago dituzten pertsonen kasuan, telefonoz deituko zaie zita emateko.
  • Xede-populazioaren parte EZ bazara: Itxaron azaroaren hasierara arte. Egun horretatik aurrera zita eskatu ahal izango duzu gripearen aurkako txertoa jartzeko, web-orrian edo zure osasun-zentrora deituta.

Erizaintza, funtsezko pieza kanpainaren arrakastan

Zita hartzerakoan nora jo esango dizute; gehienetan, Osakidetzako osasun-zentroetara bideratuko zaituzte, eta Erizaintzako profesionalek jarriko dizute txertoa. Beatriz Cubeiro erintzantzako zuzendariordeak prentsaurrekoan azaldu duen bezala, txertaketa-kanpaina honek eskatzen duen deplikazio garrantzitsua egin ahal izateko, Osakidetzak 175 erizain kontratatu ditu, eta zeregin horiek egin ohi dituztenei gehituko zaizkie, dosiak emateko, bai injektagarriak, bai sudurretik ematen direnak.

Cubeirok adierazi duenez, erizainak «funtsezko oinarria gara» gripea prebenitzeko estrategian; izan ere, txertoak emateaz gain, «prozesuari dagokionez, lideratzen, hezten, antolatzen eta laguntzen dugu». Administrazioko langileekin lankidetzan (kanpaina honetarako 103 pertsona gehiago kontratatu dira administrazio-lanetarako), honako zeregin hauek egiten dituzte erizainek: informazioa ematea biztanleei, zalantzak argitzea eta txertoarekiko atxikimendua sustatzea kontsultetan; logistikan parte hartzea, txertaketarako guneak moldatuz edo agendak antolatuz; emandako dosia erregistratzea Historia Klinikoan; baita pazientearen behaketa egitea ere txertoa jarri ostean, berehalako erreakzioak detektatzeko.

COVID-AREN AURKAKO TXERTAKETA

Aurten ere, gripearen aurkako txertoarekin batera, SARS-CoV-2 birusaren aurkako txertoa aldi berean jasotzeko aukera eskaintzen zaie arriskuko biztanleei. Birus horren hedapena jaitsi egin den azken denboraldian eta orain arte ez da uhin epidemikorik ikusi. Hala ere, gomendio luzatzen zaie arriskuko populazioari, patologia kronikoak dituzten pertsonei, 75 urtetik gorakoak esaterako, adin horretatik aurrera ospitalizazio-kopuruak gora egiten baitu.

(COVIDaren zirkulazioa Euskadin 2024-2025 denboraldian).

Txertoa jartzeaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute gripea eta COVIDa prebenitu daitezkeela neurri jakin batzuk betez, hala nola eskuak ongi garbitzea, eztul eta doministiku egitean ahoa eta sudurra estaltzea, erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea, espazioak maiz aireztatzea, eta sintomak izanez gero edo pertsona kalteberekin kontaktuan egonez gero maskarak erabiltzea.

Informazio gehiago:  https://www.osakidetza.euskadi.eus/gripearen-aurkako-txertaketa/