• ALTXOR, erretiroa hartzear edo hartu berri duten milaka pertsonari orientazioa eskaintzen dien zerbitzua da
• Euskadin, gaur egun, 65 urtetik gorako 528.954 pertsona daude eta biztanleriaren %24 dira, 2010ean %19 ziren
Eusko Jaurlaritzak ALTXOR inauguratu du gaur. 60 urteetatik haragoko etapa hau autonomiaz, errealitatearekin bat eginda eta lagunduta bizi nahi duten adinekoentzako zerbitzu publiko aitzindaria da. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak bultzatuta, proiektuak bere lehen hiru bulegoak Bilbon, Donostian eta Gasteizen ireki ditu eta horrez gain urruneko arretako ekosistema digital bat du, lurralde osotik irisgarria.
ALTXOR ikuspegi berritzaile batekin jaio da. Gaur egungo adinekoei, askotarikoei, aktiboei eta bizitza sozial eta komunitarioan parte hartzen jarraitzeko gogoa dutenei entzuteko, orientatzeko eta konektatzeko espazio bat eskaintzea du helburu. Arreta pertsonalizatuaren bidez, bai aurrez aurrekoa, bai online, zerbitzuak pertsonei laguntzen die beren beharrak identifikatzen, beren ingurunean eskuragarri dauden baliabideak eskuratzen eta ahalduntzetik abiatuta bizi-proiektu berriak eraikitzen.
«Zahartzen garenean bizitza oso bat izatea eskubidea da, eta bizitza hori komunitatean parte hartuz egiten bada, benetako altxorra da. ALTXORrek ikuspegi hori islatzen du: adinekoen bizi-ibilbideen balioa babestu, lagundu eta aitortzen duen zerbitzua da», azaldu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Euskadin, gaur egun, 65 urtetik gorako 528.954 pertsona daude, eta biztanleriaren % 24 dira (Eustaten datuak). Duela 15 urte, 2010ean, adinekoak 415.232 ziren, biztanleria osoaren % 19 hain zuzen ere. ALTXOR 60 urtetik gorako erabiltzaileei ere ateak zabalik dago. Izan ere, erretiroa hartzeko urte gutxi falta direnean jubilazioak ekarriko duenari buruzko zalantzak, kezkak, ilusioak edo ideiak sortzen hasten dira.
«Eusko Jaurlaritzan dugun estrategietako bat zahartze aktiboa sustatzea da. Estrategia hori zahartzeari ekiteko eredu berri baten beharrean oinarritzen da, adinekoen protagonismo aktiboa eta ongizatea lehenesten dituena. ALTXOR lanabes bat da, ordaindutako laneko sasoia amaitu ondoren gizarteari ekarpenak egiten jarraitu nahi duten baina zehazki nola ez dakiten milaka pertsonari erantzuna emango diena. Seniorren kolektiboa ez da museo batean gorde beharreko altxorra, gure gizartearen sustraietan, enborrean eta adarretan sortzen den sapa bizia baino. Bizitza ematen jarraitzen duen sapa bizia, familian, auzo elkartean, enpresan edo unibertsitatean» azpimarratu du Nerea Melgosak.
Arreta osoko sarea, gizatiarra eta konektatua
ALTXOR zerbitzua hiri-inguruneetan zein landa-inguruneetan bizi diren adinekoengana iristeko diseinatuta dago, egoera pertsonaletara egokituz. Bulego bakoitzak aurrez-aurreko arreta, orientatzailea eta zalantzak argitzen dituena eskaintzen ditu. Era berean gizarte, kultur eta osasun-baliabideak erabiltzaileen esku uzten ditu.
Gainera, zerbitzuak bideo-deiak egiteko, eduki interesgarriak partekatzeko, jardueretan parte hartzeko eta etxetik laguntza jasotzeko plataforma birtual bat daka. Arreta-eredu hibrido horrek hainbat autonomia-maila, gaitasun digital eta gizarte-testuinguru dituzten pertsonei laguntzea ahalbidetzen du, betiere tratu hurbila eta errespetuzkoa bermatuz.
Erabiltzaileek bereziki baloratu dute ALTXOR ez dela arreta-gune bat soilik, baita elkargune bat ere, lagunduta sentitzeko eta etapa berriak konfiantzaz hasteko gune bat.
Ingurunearekin lankidetzan eraikia ALTXOR partaidetzan eta lankidetzan oinarritutako diseinu-prozesu baten emaitza da. Prozesu horretan, gizarte-erakundeek, gerontologia-arloko profesionalek eta, bereziki, adinekoek parte hartu dute. Bulego-sarea EAEko hiriburuetako udalekin aliantzan eraikitzen da, horiek aktiboki laguntzen baitute lurraldean zerbitzua sustatzen eta errotzen.
Ireki ondoren, ALTXORrek hazten jarraituko du, entzuteko borondatearekin, hurbiltasunarekin eta etengabeko hobekuntzarekin, eta laguntzeko modu berriak txertatuko ditu, tokiko errealitateen eta bizitza-bizitza berriak dakartzan aldaketen arabera.
📍 Informazio gehiago:
📍 Arabako Altxor bulegoa
🏢 Aretxabaleta Merkatalgunea
📫 Iruzaiz-Gauna kalea, z/g, 4. lokala
🏙️ 01006, Vitoria-Gasteiz
📞 Tel: 945 009 819
✉️ araba@altxor.eus
📍 Bizkaiko Altxor bulegoa
🏢 Kanariar Uharteak, 57 behea
🏙️ 48015, Bilbao
📞 Tel: 944 056 722
✉️ bizkaia@altxor.eus
📍 Gipuzkoako Altxor bulegoa
🏢 Mandasko Dukearen pasealekua, 31
🏙️ 20012, San Sebastián
📞 Tel: 943 020 444
✉️ gipuzkoa@altxor.eus
🌐 Ekosistema digitala:
✉️ oficinavirtual@altxor.eus
🔗 altxor.eus






