- Zaintza urriaren 6tik 12ra bitartean indartuko da
- 2024an erregistratutako trafiko-istripuen %29,54an, gidatzeko arreta galtzea izan zen arrazoi nagusietako bat
Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidatzean distrakzioak eragozteko helburuarekin kontrolak indartuko ditu urriaren 6tik 12ra bitartean Euskadiko errepide-sarean. Errefortzu-kanpaina hau, trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 32 kanpainen egutegiaren barruan kokatzen da.
2024an erregistratutako trafiko-istripuen %29,54an gidatzean arreta galtzea izan zen arrazoi nagusietako bat, abiadura desegokiaren edo alkohol-kontsumoaren gainetik. Arreta galtzearen arrazoi nagusietako batek telefono mugikorrekin du zerikusia. Gidatzen ari garen bitartean telefonoa eskuan eramateak, mugimenduan egon edo ez egon, 6 puntu galtzea ekarriko du; eta ibilgailua semaforo batean edo pilaketa batean geldi egonda ere bai, zirkulatzen ari dela ulertzen baita.
Eusko Jaurlaritzatik gomendatzen da mugikorrean “auto modua” edo “hegazkin modua” aktibatzea, eta ibilgailua aparkatuta dagoenean bakarrik erabiltzea. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar.
Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira.