Eusko Jaurlaritzak INGURA plataforma digitala berrabiarazi du, euskara «edonon, edonoiz eta eroso” ikasteko

0
PRUEBA
  • Ibone Bengoetxea lehendakariordea: «Hiztun berriak euskarara erakarri nahi ditugu eta eremu digitalean ere errazago eta eskuragarriago jarri nahi diegu»
  • INGURA kalitatezko ikus-entzunezko materiala duen webgune bat da, A1 eta A2 mailetan euskara modu gidatuan ikasteko.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu du INGURA, euskara online ikasteko plataforma digitala, edozein gailutatik, edozein lekutan eta edozein ordutan ikasteko aukera ematen duena. Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkezpen ekitaldian azpimarratu duenez, «hiztun berriak euskarara erakarri nahi ditugu eta eremu digitalean ere sarbidea erraztu nahi diegu».

Aurkezpena Bilboko Euskalduna Jauregian egin da ehun lagun baino gehiagoren aurrean, horien artean euskaltegietako ordezkariak, gizarte eragileak eta kultura eta hezkuntza arlokoak.

 

Euskararen erabilera sozialerako proiektu estrategikoa

Ekimena Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera soziala bultzatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da, euskaltegien lana osatuz eta esparru digitalean ate berriak irekiz. INGURAk ingurune irisgarria, malgua eta erakargarria eskaintzen du, edozein pertsonak hizkuntza ikasten hasteko edo aurrera egiteko aukera izan dezan.

Gaur egun, 14.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute INGURA. Munduan 44.184 euskara ikasle daude gaur egun, eta Eusko Jaurlaritzak kopuru hori handitzea espero du tresna berri horri esker.

INGURAREN ezaugarriak

Erabiltzaileek 4 hizkuntzatan jaso dezakete informazioa (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa). Jarduerak egin eta emaitzak gordetzeko aukera ematen du plataformak. Maila bakoitzeko ikastaroetako eduki batzuk doakoak dira eta beste batzuk matrikulapekoak: gaur egun INGURAN A1 maila eta A2 mailako doako edukiak daude eta ikasten jarraitu nahi izanez gero edota maila egiaztatu, INGURAK aukera ematen dizu euskaltegietan barneratuta dagoelako.

Beste eduki batzuk:

  • Egoera errealen bideoetan oinarritutako ikastaroak, ikasleak hasiera-hasieratik hitz egiten jartzen dituen hizkuntza natural eta hurbilarekin.
  • 140 egoera-bideo eta140 azalpen-bideo, 4 hizkuntzatan azpititulatuta.
  • 000 jarduera eta ariketa baino gehiago ahozko adierazpena, idazketa, gramatika, hiztegia eta eduki kulturalak lantzeko.

Erakundeen arteko lankidetza eta Europaren laguntza

INGURA HABEk bultzatutako proiektua da, Nafarroako Gobernuaren, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren eta Europar Batasunaren laguntzarekin, POCTEFA funtsen bidez.

Bengoetxea lehendakariordeak honako hau azpimarratu du: «Proiektu hau hainbat erakunderen artean eraikitzen ari gara, helburu partekatu batekin: gero eta jende gehiagok euskara ikas dezan eta eguneroko bizitzan erabil dezan erraztea».

Etorkizuna: maila berriak eta teknologia berritzaileak

INGURAren garapenak aurrera jarraituko du datozen urteetan, maila berriak gehituz eta hobekuntzak integratuz: ITZULI itzulpen automatikoko teknologia integratzea, ahots, tutore eta mintzalagun birtualen bidez ebatzitako jarduerak edo adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako plataforma egokitzea, garapen teknologiko eta didaktiko espezifikoekin.

Jauzi kualitatiboa euskararentzat

INGURA euskara mundu digitalean sartzeko ate gisa finkatu da, hiztun berriak erakartzeko eta euskaltegien sarea indartzeko baliabide gisa. Lehendakariordeak adierazi zuenez, «euskara ikastea errazagoa, erakargarriagoa eta irisgarriagoa izatea nahi dugu».