Pedrosa Sailburua: “Eskola da euskerari arnas emango dion espaziorik emankorrena”

0

Euskal Hezkuntza Sistemaren aniztasuna eta kulturartekotasuna “euskaratik besarkatzea” etorkizuneko belaunaldiei eman diezaiokegun ekarpenik aberatsena dela ondorioztatu du Begoña Pedrosak eta euskararen indarberritzean elkarrekin, ilusioz, lan egitera deitu du ikas komunitatea.

Aurtengo Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen jaia, Elgoibarren ospatzen ari dira. Bertako Ikastolan abiarazi dute eguna “Salto saltoka” lelopean eta bertan izan da Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, beste herri ordezkariekin batera. Gizartearen euskalduntzean ikastetxeek duten papera azpimarratu du Pedrosak irekiera ekitaldian. Aitortu duenez, “eskola da euskarari arnas emango dion espaziorik emankorrena”. Euskararen indarberritzea eskolarik gabe ezinezkoa dela gaineratu du, “euskaraz bizi, ikasi eta munduari ekarpena egiteko baldintzak sortzen ari gara egunez egun, hezkuntzatik, instituzioetatik, herrigintzatik… gizartea osatzen dugun erpin guztietatik” azaldu du. Izan ere, Pedrosak elkarlanaren beharrean egin du azpimarra hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzen jarraitzeko, baita euskararen biziberritze prozesuan aurrera egiteko ere.

Hezkuntza komunitatea sendotzeko beharra ere aipatu du, gero eta globalagoa eta konplexuagoa den gizarteari erantzuteko. Euskal Hezkuntza Sistemaren “aniztatsuna eta kulturartekotasuna” hezkuntza sistemak duen “oinarrizko baliotzat” hartuta, “euskaratik kulturartekotasuna eta aniztasuna besarkatzeko” deia egin du, etorkizuneko gure belaunaldiari eman diezaiokegun ekarpenik aberatsena baita. Horretarako, gure hizkuntza baliotsi eta besteekiko harreman giltza izan dadin lortzearen beharra ikusten du Pedrosak. Zentzu honetan, aurtengo Kilometroak jaiaren leloari erreparatuta, “ikasle konprometitu eta aktiboak bilakatzea da etorkizunean salto egiteko sor genezakeen sokarik sendoena”.

Euskararen irakaskuntzan eta erabileran aurrerapausoak emateko premia ekarri du gogora. Besteak beste, aniztasunaren trataeran eta euskararen transmisioan prestatutako irakasleen eskutik eta ikastetxeen hizkuntza-proiektu sendoen bitartez lortuko da hori sailburuaren ustez, proiektuak gauzatuko dituzten klaustro ahaldunduen bitartez. “Ilusioa, gogobetetasuna, elkartasuna, ezagutza, esplorazioa eta lanaren esfortsua” nabarmendu ditu Pedrosak euskararen sokari eragin eta “salto saltoka” jarraitzeko.