Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak ‘House Action: Hiri erresilienteak tentsionatutako egoitza-merkatuen aurrean’ Nazioarteko Kongresuaren lehen edizioa aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan. Topagune berri honek etxebizitzaren inguruko eztabaidaren Europako epizentro bihurtuko du Donostia azaroaren 19an Tabakaleran.
Ekimenean bilduko dira nazioarteko hogeita hamar aditu baino gehiago, alkateak, autonomia-erkidegoetako eta estatuko arduradunak, unibertsitateak, gizarte zibila eta sektore pribatua. Guztiek ere konpromisoa hartu dute egoitza-tentsionamenduari aurre egiteko irtenbideak bilatzeko. Kongresuaren xedea da lan-gune erreal eta kolektiboa izatea, eta helburu du etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko aukera ematen duten esperientziak partekatzea eta politika eraginkorrak balioestea.
Aurkezpenean, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak honako hau nabarmendu du: «Orain arte diagnostikoan eta marko legala ematen lan egin dugu, Estatuko Etxebizitza Legea kasu, baina orain beste pauso bat eman nahi dugu eta, neurri zehatzen bidez, ekintzara pasa. Topaketa hau etxebizitza-politikan inflexio puntua izatea nahi dugu”.
Ekiteko pentsatutako programa
‘House Action’ Nazioarteko Kongresua ez da diskurtso-sorta gisa proposatu, eztabaidarako eta proposamenak diseinatzeko saio gisa baizik. Programak gai praktiko eta premiazkoetan jartzen du arreta: nola aplikatu alokairuak kontrolatzeko neurriak eta bestelako erregulazio-tresnak, nola ari diren inplementatzen tentsionatutako eremuak hainbat lurraldetan, eta nola koordinatu daitezkeen erakundeak erantzun sendoagoak eskaintzeko.
Jardunaldia Denis Itxaso sailburuaren eta Jaume Collboni Bartzelonako alkatearen arteko elkarrizketarekin hasiko da. Collboni ‘Mayors for Housing’ nazioarteko aliantzaren liderra ere bada. Europako hiriburu handietan benetako eraldaketak eragin dituzten etxebizitza-proposamen berritzaileak aztertuko dira solasaldian.
Ondoren, Gasteizko, Bilboko eta Iruñeko alkateek euren lurraldeetan tentsionatutako eremuen aplikazioari buruz eztabaidatuko dute. Hiru hiriburu horiek, Donostiaz gain, figura juridiko hori dute dagoeneko indarrean; Donostia da alokairuaren Erreferentzia Prezioen Indizea guztiz operatibo duen tentsionatutako eremu gisa deklaratutako Espainiako lehen hiriburua.
Ondoren, José García Montalvo ekonomialari eta katedradunak hitzaldia emango du, eta mahai-inguru bat egingo da, Bilbo, Donostia, Bartzelona edo Madril bezalako hiriburu handien presioarekin batera bizitzeak dakartzan erronkak aztertzeko. Mahai-inguru horretan Barakaldo, Irun, Alcorcón, Errenteria edo L’Hospitalet de Llobregat hiri metropolitarretako alkateek parte hartuko dute.
Nazioarteko begirada eta tokiko esperientziak
Nazioarteko dimentsioa izango da Kongresuaren ardatz nagusietako bat. Hizlari hauek hartuko dute parte, besteak beste: Mathew Baldwin, Europako Batzordeko Etxebizitza lantaldeko burua; Julien Dijol, Housing Europe erakundeko presidenteordea; Maider Arosteguy, Biarritzeko alkatea; eta Richard Ronald, Amsterdamgo Unibertsitateko katedraduna.
Aldi berean, gai espezifikoei buruzko mahai teknikoak ere antolatuko dira: datuen erabilera ekintza publikoan, egoitza-bazterketa Sareen Sarea edo Provivienda erakundeekin, eta finantzaketa eta lankidetza publiko-pribatua Europako Inbertsio Bankuko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin.
Kongresua amaitzeko, erkidegoetako lege-erreformei buruzko mahaia antolatuko da, eta Asturiasko, Nafarroako eta Kataluniako gobernuetako ordezkariek hartuko dute parte. Isabel Rodríguez Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroak emango dio amaiera jardunaldiari.
Konpromiso politiko eta soziala
Itxasok gogorarazi duenez, halaber, “Euskadi aitzindaria izan da tentsionatutako eremuak legerian sartzen, eta EAEko hiru hiriburuek dute izendapen hori dagoeneko. Horren bidez, neurri eraginkorrak jarri ahal izan dira abian, hala nola, alokairu-prezioak mugatzea, parke publikoa indartzea eta gazte eta kolektibo zaurgarriek etxebizitza eskuratzeko programak”. Azpimarratu duenez, «bizitegi-larrialdiak ezin du izan aitzakiarik, ezta zain egoterik ere. Frogatu dugu kaxako tresna guztiak baliagarriak direla, etxebizitza-eskubidea babesteko balio badute. Horregatik, euren lurraldeetan benetako aldaketak egiten ari direnekin bildu nahi izan dugu».
Amaitzeko, sailburuak honako hau aitortu du: «Herritarrek irtenbideak eskatzen dizkigute. Lankidetza-gune hau maila guztietan antolatu dugu, erakusteko elkarrekin eta Euskaditik etxebizitza duina izateko eskubidea errealitate bihurtzeko bidea ireki dezakegula».
Kongresurako izen-ematea hemen.