Unai Elorriaga, Karmele Mitxelena eta Maite Rosende jasoko dute Euskadi Literatura Saria 2025

0
PRUEBA
  • Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitateetako irabazleak izan dira, hurrenez hurren.
  • “Francesco Pasqualeren bosgarren arima”, “Aitona Floren” eta “Traba” lanekin irabazi dute saria.

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak gaur goizean eman ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak. Bilboko Bidebarrieta Liburutegian egin den aurkezpenean jakinarazi ditu sailburuak Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitateetako 2025eko irabazleak:

  • Euskarazko Literatura: Unai Elorriaga, Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa).
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Karmele Mitxelena, Aitona Floren (Elkar).
  • Literatur Lanaren Ilustrazioa: Maite Rosende, Traba (Denonartean).

Euskarazko Literaturako sariduna – Unai Elorriaga

Epaimahaiak azpimarratu duenez, Francesco Pasqualeren bosgarren arimak apustu literario sendoa egiten du, nobelaren eta narrazio liburuaren artean mugituz eta puzzle handi eta iradokitzaile bat osatuz. Protagonistaren inguruko hainbat narrazio harilkatu dira, XX. mendeko Europa ekialdeko idazle zenbaiten estiloan, eta kontakizuna Italia hegoaldetik Euskal Herrira doan bitartean pertsonaia bizidunen bizipen eta istorio askotarikoak jasotzen ditu, gordintasunari ihes egin gabe. Idazleak baliabide narratibo ugari modu eraginkorrean erabiltzen ditu, eta irakurketa aktiboa eskatzen du liburuak, irakurlearen esku geratuz hariak jostea eta elipsiak betetzea.

Unai Elorriaga (Algorta, 1973) filologoa da eta irakasle lanetan aritzen da. Bere ibilbidean hainbat nobela eta lan narrazional argitaratu ditu, tartean SPrako tranbia, Van`t Hoffen ilea, Vredaman, Londres kartoizkoa da, Iazko hezurrak eta Iturria. Haur eta gazte literaturan, antzerkian eta komikian ere lan egin du, baita zenbait itzulpen ere.

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako sariduna – Karmele Mitxelena

Epaimahaiak nabarmendu duenez, Aitona Floren dramarik gabe, oso hurbileko kontakizun batean heriotza eta dolua lantzen ditu, haur protagonistaren ahotsetik abiatuta, monologo erabatekoa eta zuzena eraikiz. Pertsonaia kopuru txiki eta zertzelada arinetan oinarritutako eraikuntza kontakizunaren arintasuna, intimitatea eta hausnarketarako bidea bermatzen du. Liburu honek barne-hizketaren erabilera bereziki nabarmentzen du, gizarte isolatuago batean horren garrantzia eta beharra adieraziz.

Karmele Mitxelena (Oiartzun, 1988) irakasle da eta Haur Hezkuntzako gradua du. Bertsolaritza eta literatura narrazioan hainbat sari jaso ditu, eta 2019an album ilustratu bat argitaratu zuen (Erakusleihoa), Peru Abarka saria irabazi ondoren.

Literatur Lanaren Ilustraziorako sariduna – Maite Rosende

Epaimahaiak nabarmendu duenez, Traba proposamen ausarta da kolore aukeraketari eta irudien figurazioari dagokionez. Oinarrizko hiru koloreez gain, beltza eta morea erabilita, album bizia eta erritmikoa sortu du, irudi kaotikotik lasaiagora salto eginez eta lerro berezi garbi batekin. Testuak eta irudiak maisuki bat egin dute, eta liburuaren kutsu espresionista publiko guztiarentzat egokia da, zintzoa, zuzena eta bizipozerako dei egiten duena.

Maite Rosende (Donostia, 1991) jolasetik sortzen du eta gozatu egiten du bere irudiak hainbat euskarrietara eramanez. Ornamentazio-pinturan eta ilustrazioan trebatua, hainbat liburu argitaratu ditu eta hainbat sari jaso ditu. Gaur egun Donostiako Gilda sormen-estudioko kidea da.

Ibone Bengoetxea, lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, adierazi duenez: “Hitzak dira gure etxea, eta euskal literatura gure memoriaren eta etorkizunaren arteko zubia da. Gaur saritutako hiru lanek erakusten dute kultura ez dela osagarri bat, bizitzeko eta ulertzeko modu bat baizik. Horregatik, gaurko aurkezpena euskal literaturara hurbiltzeko eta gure sortzaileen dohainaz gozatzeko gonbita ere bada”.

Sariak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Falta diren lau sariak —Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz— datorren astean iragarriko dira. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago lan saritua beste hizkuntza batean argitaratuz gero. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 26ean izango da Donostiako San Telmo Museoan.