Euskadik balioa eman dio artisau-arrantzari aurtengo San Sebastian Gastronomikan

0
PRUEBA
  • Kongresuaren edizio hau itsasoari eta bere produktuei buruzkoa da
  • Euskadiko stand-a artisau-arrantzaren, goi-mailako sukaldaritzaren eta Basque Wine edarien arteko topagunea izango da
  • Amaia Barredo sailburuak Donostian munduko gastronomiarik onena biltzen duen kongresu honen inaugurazioan parte hartu du

Astelehen honetan inauguratu da San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country kongresuaren XXVII. edizioa, «Tradizioa eta eraberritzea» izenburupean. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko artisau-arrantzari eta bere produktuen kalitateari balioa ematen dien stand batekin parte hartu du.

San Sebastian Gastronomikaren irekiera ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok parte hartu du eta ekitaldi horrek Euskadik gastronomiaren eta elikaduraren esparruan duen garrantzia indartzen duela azpimarratu du.

«Ekimen ezin hobea da euskal gastronomiaren tokiko produktu osasungarriak eta jasangarriak ezagutzeko, gure herriaren eta gure tradizioen bereizgarri baitira. Era berean, aukera ona da ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana sendotzeko«, adierazi du sailburuak.

Arrantza eta Basque Wine bat eginik Euskadiko standean

Urtero bezala, Euskadik stand bat du San Sebastian Gastronomikan, euskal produktuak eta gure gastronomiaren onena sustatzeko. Azoka-gunean kokatuta, artisau-arrantza, goi-mailako sukaldaritza eta Basque Wine edarien arteko topagunea izango da.

Hiru egunetan zehar, bost uztartze esklusibo egingo dira Mikel Garaizabal enologo adituaren eskutik, baxurako arrainak eta Arabako Errioxako ardoak, txakolinak zein sagardoa uztartuz. Saio bakoitzak 40 minutuko iraupena izango du, hiru arrain-elaborazio dastatzeko aukera emanez, bertako hiru ardo edo edarirekin batera.

Programaren barruan showcooking-ak eta dastatzeak egingo dira Jon Gil, Beñat Ormaetxea, Rebeca Barainka eta Jose Luis Redondorekin, besteak beste. Saioak Itsas Etxea kofradiako Ekaitz Aparaizekin egingo dira, Txakolina, Arabako Errioxako ardoak eta Euskal Sagardoa uztartuz.

Standa erakusleiho bat izango da Euskadiko artisau-arrantzako arrainaren kalitatea ezagutzeko, errezeta berritzaileekin. Hori guztia, Eusko Label zigilua duten baxurako espezieetatik abiatuta, hala nola hegaluze tartarra, hegaluze sashimia edo tomate- eta arroz-zoparekin marinatutako hegaluzea.

Bestalde, Basque Wine markak balioa emango die Arabako Errioxako ardoen aniztasunari eta kalitateari, Getariako, Bizkaiko eta Arabako txakolinei, Euskal Sagardoari eta artisau-garagardoei. Besteak beste, ondorengo edariekin: Itsasmendi, Hiruzta, Zudugarai, Txomin Etxaniz, Amaren, El Mozo Wines, Ostatu edo Basque Beer.

Gainera, San Sebastian Gastronomikaren programazio orokorraren barruan, astelehen honetan, 18:30ean, 10 Aretoan, nazioarteko ospea duten Arabako Errioxako hiru upeltegitako ardoen dastaketa berezia egingo da: Remirez de Ganuza, Amaren eta Macán. Imanol Arruti kazetariak Narru jatetxeko sommelier Javier Canejak zuzendutako dastatze baten aurkezle lanak egingo ditu.

Munduko gastronomiaren onena Donostian

San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Country urriaren 6tik 8ra ospatzen da Kursaal Jauregian. Edizio hau uneko gastronomiaren munduan garrantzitsuenak diren bi joerei buruzkoa da: tradizioaren berrikuspena edo begirada eta birsorkuntzaren aldeko apustua.

Mundu mailako kongresu gastronomiko onenetakoa da, eta nazioarteko chefak eta Euskadiren inguruko adituak biltzen ditu: Mitsuharu Tsamura, Limako (Peru) Maido jatetxea, The World ‘s 50 Best Restaurant zerrendan dagoena, edo Aitor Zabala, Los Angelesko Somni jatetxeko sukaldaria, hiru Michelin izarrekin.