Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu du UNEDek Euskadin dituen zentro elkartuen jarduera finantzatzeko

0
PRUEBA
  • Lan-egoera edo egoera pertsonal ezberdinak dituzten pertsonei unibertsitatera sartzea errazten die UNEDek
  • Hiru zentro elkartu daude EAEn: Bergara, Bizkaia eta Vitoria-Gasteizkoa

Gobernu Kontseiluak, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak proposatuta, 500.000 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du, Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalak (UNED) Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dituen hiru ikastetxe elkartuen jarduerak finantzatzeko.

Partida izendun hori Euskadiko 2025erako Aurrekontu Orokorrei buruzko 8/2024 Legean sartuta zegoen, eta Eusko Jaurlaritzak eta UNEDek 2021eko apirilaren 29an sinatutako hitzarmenaren barruan dago. Hitzarmen hori joan den martxoan onartu zuen Jarraipen Batzordeak.

Prestakuntza eta ezagutza garapen sozial eta ekonomikorako gakoak direla uste du Sailak, eta unibertsitate-sistema koordinatua, lehiakorra eta kalitatezkoa defendatzen du. Bere politikak unibertsitateko eskaintza euskal gizartearen beharrekin lerrokatzea du helburu. Alde horretatik, UNEDek, bere hezkuntza-ereduari esker, askotariko inguruabarrak dituzten pertsonei (lanekoak edo pertsonalak) unibertsitatera sartzea errazten die.

UNEDek hiru zentro elkarturen bidez garatzen du bere lana EAEn. Zentro horien ekarpen akademiko, kultural eta sozialak gobernuaren babesa du. Bi erakundeek helburu bera dute: unibertsitate-sistemaren kalitatea hobetzea eta baliabide publikoen erabilera optimizatzea.

Horrela, ikastetxeak finantzatzeko zenbatekoa, neurri handi batean, aurreko ikasturtean matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera ezartzen da. Horrela, bada, gaur onartutako zuzeneko dirulaguntza honela banatuko da:

  • Bergarako ikastetxea: 131.760 €
  • Bizkaiko ikastetxea: 242.236 €
  • Vitoria-Gasteizko ikastetxea: 126.004 €

Finantzaketa hori ikastetxeen jarduerei eusteko, beharrezko azpiegiturak hobetzeko eta mantentzeko, eta UNEDeko ikasleek tutoretza telematikoa EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzeko neurriak aplikatzeko erabili beharko da.