– Eusko Jaurlaritzako Migratzaileen Harrera eta Integrazioko zuzendariak adierazi du hainbat sektoretan lankidetzan aritzeko aukera dagoela
– Afrikatik (Kanariar Uharteen bidez) Euskadira iristen diren migrazioan dabiltzan pertsonen fluxuen joera-aldaketa egiaztatu da
Atzo, Eusko Jaurlaritzako Etorkinen Harrera eta Integraziorako zuzendari Ignacio Fariña, Kanarietako Gobernuaren ordezkaritzarekin batera, estatu espainiarrak Mauritanian duen enbaxadorearekin bildu zen. Pablo Barbará enbaxadorea pozik agertu da Mauritaniako gobernuak Kanarietarako migrazio irregularra kontrolatzeko egindako ahaleginekin. Bere esanetan Kanarietarako migrazio irregularraren fluxuak behera egin duela azken hilabeteetan.
Izan ere, Irunen migrazioan ari diren pertsonen profilei emandako arretek eta Hilanderas (Eusko Jaurlaritza) baliabideak 2025. urtean zehar irailaren 30era arte emandako datuek joera hori adierazten dute. Migrazioan ari diren pertsona hauei arreta emateko Irunen dauden baliabideek 2.642 pertsona artatu dituzte 2025eko urtarrilaren 1etik irailaren 30era arte, 2024an epe berean 4.808 pertsona artatu zituztelarik.
Enbaxadan egindako topaketan, migrazio zirkularra indartzeko urrats gehiago emateko beharraz ere hitz egin da, nekazaritzaren eremutik haragoko profilen alde eginez (bilketa kanpainak), euskal eta kanariar enpresen egungo beharrei erantzungo lieketen profilak azpimarratu dira. Eusko Jaurlaritzak eta Kanariar Uharteek jatorrizko prestakuntzan sakontzeko konpromiso sendoari eusten diote, Afrikako herrialdeen sare sozial eta ekonomikoa indartuz.
Mauritaniako patronalarekin bilera
Patronaleko presidenteak enpresak Mauritanian kokatzeko baldintza bereziak azaldu ditu, baita gobernuak jarduerari ekiteko dituen erraztasunak ere. Zein el Abendine Mauritaniako patronalaren presidentearen hitzetan, herrialde afrikarrak hiru sektore estrategiko ditu garatzeko:
• Nekazaritza: Senegalekin mugan dauden ortuak, batez ere. Mauritaniako estrategia lekaleen ekoizpenean Marokotik independentea izatea lortzea da. Horretarako, hegoaldean azpiegitura garrantzitsuak sortzeko inbertsioa egin dute (Ndiagoko mendatea eta errepideak). 194.000 Ha erabilgarri daude, eta horietatik % 15 baino ez dira ustiatzen ari. Orain arte, herrialdean kontsumitzen diren lekaleen % 40 ekoiztea lortu dute, eta % 100era iristea dute helburu.
• Arrantza: arrantza herrialdeko ekonomiaren eta eguneroko bizitzaren zutabeetako bat da, BPGren % 10 inguru. Patronalak esan du oso garrantzitsua dela pertsonak sektorean prestatzea, eta herrialdean arrantza-prestakuntzako zentro bat sortzeko eskatu du. Eusko Jaurlaritzak adierazi du prest dagoela Euskadiko arrantza-prestakuntzako zentroekin hitz egiteko eta aukerak aztertzeko.
• Burdinaren eraldaketa: Mauritania burdin esportatzaile garrantzitsua da. Orain arte, mineral gordina esportatzen da. Mineral hori beste herrialde batzuetan eraldatzen da pellet-etan. Herrialdean eraldaketa-kate bat ezartzeko lankidetza eskatu da, eta Eusko Jaurlaritza gonbidatu dute hilaren amaieran gai horri buruz egingo den foro batean parte hartzera.
Gazteriaren Autonomizazio, Enplegu eta Kirol Ministerioaren topaketa
Kanarietako gobernuak Barrios de la Esperanza programa aurkeztu du. Programa horretan, Mauritaniako 2.000 gaztek parte hartuko dute, hiriburuko auzo guztietan sakabanatutako taldeen bidez. Agintariek adierazi dute bat datorrela ministerioaren helburuekin, kohesio nazionala dakarrelako, eta uharteetako gobernuarekin lankidetzan aritzeko asmoa agertu dute. Futboleko entrenatzaileak trebatzeko eta herrialde osoan kirol-azpiegiturak eraikitzeko beharraz hitz egiten dute. 2026rako 50 instalazio berri behar dituzte. Garrantzia handia ematen diote gazteak jarduera horretan sartzeari.
Mauritaniako selekzioko entrenatzailea Aritz Lopez Garai (Barakaldo) da eta emaitza historikoak lortzen ari da Munduko Txapelketarako bidean. Ignacio Fariñas Eusko Jaurlaritzako Etorkinen Harrera eta Integrazioko zuzendaria berarekin elkartu da eta Euskadiko futbol-klub nagusiei ideia horren berri emateko konpromisoa hartu du balizko lankidetza bat eskuratze aldera.
Lanbide Heziketako Ministerioaren bilera
Ministroak Kanarietako Gobernuarekiko lankidetza-esparru historikoa nabarmendu du, eta “Tierra Firme” proiektuaren lorpenak nabarmendu ditu. Proiektu pilotu horrek gazteen artean lortu duen arrakastari esker soldaduraren eta arrantzaren sektoreetara zabaldu nahi da. Ministerio honek interes handia agertu du EAEko Lanbide Heziketaren ereduarekin, emaitzak ezagutzen baitituzte. Mauritaniarentzat oso garrantzitsua da prestatzaileen formazioan eta metalarekin zein meatzaritzarekin lotutako familia industrialen garapenean ahalegina egitea.
Nuakchot-eko merkataritza-portura bisita
Portu txikia, edukiontzi eta gas-instalazioekin. Eskoziar batek, portuko zuzendariak, gas-industria herrialdean izaten ari den garapen bizkorra eta gasaren munduan ospe handia hartzen ari diren mauritaniar gazteek prestakuntza-planei egiten dieten harrera ona aipatu dizkio euskal-kanariar ordezkaritzari.
Moda-tailerrera bisita
Eusko Jaurlaritzaren eta Kanarietako Gobernuaren ordezkaritzak ere Ehungintza Industriaren Garapen Proiektuaren berri izan zuen atzo Zeynart Galerian. Galeria hau emakumeek kudeatzen dute eta moda-diseinatzaile batek koordinatzen du.