Hezkuntza Saila euskarazko ikasmaterialen sorkuntza bultzatzen

0
PRUEBA

Ia milioi bat euroko laguntzen deialdiaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikitako Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak babesa ematen du curriculumera egokitutako eta euskarazko kalitatezko material didaktikoak sortzeko

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak proposatuta, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetan euskarazko ikasmaterialak ekoizteko laguntzetarako deialdia egiten duen Agindua onartu du gaur (EIMA – Euskarazko Ikas Materialgintza programa). Deialdi honek 985.000 euroko zenbatekoa du.

Material didaktikoak funtsezkoak dira hezkuntza-eredu pedagogikoa garatzeko. Ildo horretan, EIMA deialdiaren helburua da curriculum-araudian xedatutakora egokitutako kalitatezko material didaktikoak babestea.

Deialdiak hiru modalitatetan euskarazko ikasmaterialak sortzeko dirulaguntzak ematen ditu: lehenak, euskaraz inprimatutako eskola-materialen edizio-kostuetarako; bigarrenak, “EIMA Digitala”-k, euskarazko eskola-material digitalen sorkuntza-kostuetarako, eta, hirugarrenak, “EIMA 4”-k, euskaraz inprimatutako ikasmaterialak sortzeko. Horrela, Hezkuntza Sailak indartu egiten du irakaskuntza-tresnen sorkuntza euskaraz.

 

EIMA katalogoaren funtsa

EIMA (Euskarazko Ikas Materialgintza) dokumentazio-zentroak euskarazko ikasmaterialak bildu eta katalogatzen ditu. 38.055 material ditu katalogatuta. Artxibo hau duela 20 urtez geroztik ari da euskarazko ikasmaterialak bildu eta katalogatzen. Beraz, katalogoaren egoitzan edo webgunean kontsultatu eta eskuratu daitezke azken bi hamarkadetan sortu diren eta irakasleen eta ikastetxeen eskura dauden curriculum-baliabideak (testuliburuak, material didaktikoak, irakurgaiak…) edo irakaskuntzarako material osagarriak (bideoak, aplikazioak, monografiak, jolasak, literatura-lanak…).