- Imanol Pradales Gasteizen ospatzen ari den Gobernu Irekiaren Aliantzaren IX. Goi Bilera Globalaren irekiera-ekitaldian izan da
- Lehendakariak gaitasun politiko handiagoa eskatu du «erronka globalei aurre egiteko» eta Euskadik «Europan erabakiak hartzen diren mahaietan parte hartzeko»
“Demokrazia, multilateralismoa eta giza eskubideak gure herri-ikuskeraren bihotzean daude. Horregatik, Euskadi OGPko kide da 2018az geroztik. Horregatik hartu ditugu gobernu irekia bultzatzeko konpromiso ausartak. Eta horregatik gaude hemen”. Hitz horiekin hasi du Imanol Pradales Lehendakariak, 2025 OGP Global Summit – Gobernu Irekiaren Aliantzaren IX. Goi Bilera Globalari hasiera emateko hitzaldia. Goi-bilera Gasteizen egingo da, hilaren 10era arte.
Ziurgabetasun globalaren testuinguruak markatutako goi-bilera batean, demografia-, ingurumen- eta teknologia-erronkak aurrekaririk gabekoak izanik, eta mugimendu autoritarioen gorakada betean, Lehendakaria herritarren desafekzioaren aurka borrokatzeko prest agertu da, «gero eta zorrotzagoak diren gizarteen eskaerei erantzuteko».
Zentzu horretan, “akordioaren kultura lantzea” eta “pertsonen arazoak konpontzen lagunduko duten emaitzak” bilatzearen garrantzia azpimarratu du. “Eredugarritasunean oinarritutako kultura demokratiko eraikitzailea, etengabeko elkarrizketaren bidez desberdinen arteko adostasuna eta lankidetza bilatuko dituena. Akordioak ekintza politiko eta instituzional erabilgarriaren adierazpenik onena dira, herritarren onerako”, defendatu du.
Aldi berean, Pradalesek gaitasun instituzional eta politiko handiagoa eskatu du, eta Euskadik “Europan erabakiak hartzen diren mahaietan parte hartu ahal izatea”. Izan ere, Lehendakariaren ustez, “berrikuntza demokratikoa” ez da soilik Estatuen kontua. “Estatupeko eta tokiko gobernuek, komunitatearekin eta eragileekin batera, funtsezko rola betetzen dugu demokraziaren defentsan eta hobekuntzan. Migrazioa, klima-aldaketa, berrindustrializazioa, desberdintasuna, segurtasuna edo etxebizitza bezalako erronkei aurre egiten lehen lerroan gaudenak gara. Justizia ez ezik, Europako itunetan jasotako subsidiariotasun-printzipioaren aplikazioa ere bada kontua, Euskadikoa bezalako gobernuek erronka globalei aurre egiteko gaitasun politiko handiagoak izan ditzagun”, esan du.
Gardentasuna eta Gobernu Irekia
Azkenik, Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak «gardentasunarekin, herritarren parte-hartzearekin, kontuak ematearekin eta elkarlaneko gobernantzarekin» duen konpromisoa, eta, aldi berean, goi-bileran parte hartzeko aukera azpimarratu du, «demokrazia paradigma berri baterantz eramaten lagunduko diguten aurrerapenak partekatzeko«.
“Balio, kultura eta jokabide demokratikoen gainean indartu eta biziberritu behar ditugu gure sistemak. Herritarrek, komunikabideek eta era guztietako eragileek balio demokratikoak izan behar dituzte bere jardun eta jokabidean iparrorratz”, gonbidatu du Lehendakariak.