Euskadik irmo jarraitzen du aurrera osasun-eredu digitalago baterantz, konektatua eta pertsona ardatz duena, Europako funtsetatik etorritako 7,6 milioi euroko inbertsioari esker. Horretarako, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur Eusko Jaurlaritzaren eta red.es enpresa-erakunde publikoaren eta Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmenari. Lankidetza-hitzarmen horren helburua osasun-arloan zerbitzu digital adimendunak garatzea da.
Hitzarmenak Eskualde Garapeneko Europako Funtsetatik (EGEF) eta Estatuaren ekarpenetatik datorren inbertsio hori bideratzen du, eta euskal osasun-sisteman dagoeneko martxan dauden proiektu digitalak eta Osakidetzaren eraldaketa digitalerako proiektu estrategikoak eraginkortasunez ezartzeko aukera ematen du.
Eraldaketa digitala abian Osakidetzan
Baliabideak euskal osasun-sistema publikoan zerbitzu digital adimendunak garatzeko erabiliko dira, pazienteen bizi-kalitatean eragin zuzena izango dutenak. Jarduera estrategikoak hiru eremutan sailkatzen dira:
- Osasun-arretari aplikatutako adimen artifizialeko aplikazioak garatzea, diagnostikoak, tratamenduak eta kudeaketa klinikoa optimizatzeko.
- Irudi medikoaren elkarreragingarritasun-sare bat sortzea, sistemaren edozein tokitatik azterketa diagnostikoetarako sarbide arin eta segurua izateko.
- Urruneko monitorizazioko eta telezaintzako programak ezartzea gaixotasun kronikoak dituzten pazienteentzat, asistentziaren jarraitutasuna eta etxeko arreta hobetzeko.
Ekimen horiei esker, osasun-arretaren irisgarritasuna, pertsonalizazioa eta jarraitutasuna hobetu ahal izango dira, bai eta osasun-datuen ikerketa eta erabilera segurua bultzatu ere.
Horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egiten dute, baliabide komunitarioak erabat aprobetxatuta sistema proaktiboagoa, konektatuagoa eta berritzaileagoa eraikitzeko, Osasun Datuen Gune propio batekin, Osasun Datuen Europako Esparruarekin erabat lerrokatua