Euskadin, 2024an, 5.400 etxebizitza berri baino gehiago eraikitzen hasi ziren, horietatik 2.005 babestuak

0

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gaur argitaratutako txostenaren arabera, 2024an amaitutako etxebizitza babestuen kopurua aurreko urtekoaren bikoitza da (1.956), eta alokairuko adjudikazioak 1.075 izan ziren, 2023koen ia hirukoitza (+% 193,7)

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gaur argitaratutako “Etxebizitzaren merkatuko adierazleak. EAE (2024ko 4. hiruhilekoa)” izeneko txostenak berresten du eraikuntza-jarduerak nabarmen egin duela gora, batik bat etxebizitza babestuen esparruan.

2024an 5.400 etxebizitza berri baino gehiago hasi ziren eraikitzen Euskadin, eta horietatik 2.005 babes publikoko etxebizitzak ziren —% 12,4ko urte arteko gehikuntza—.

Hazkundea are handiagoa izan da amaitutako etxebizitza babestuen kasuan, 1.956 unitate, 2023ko kopuruak nabarmen bikoiztuta —% 112,1eko hazkundearekin—.Etxebizitza horiek Euskadin amaitutako etxebizitza guztien % 42 dira dagoeneko, eta euskal etxebizitzen merkatuan sustapen publikoak eta itunduak duten pisua sendotzen da.

Aldi berean, etxebizitza eskuratzeko politika publikoek inoiz ez bezala egin zuten aurrera. 2024an, alokairuko 1.075 etxebizitza babestu adjudikatu ziren, hau da, aurreko urtean baino ia hiru aldiz gehiago, hain zuzen % 193,7ko urte arteko gehikuntza.

Bolumen horrek, berez, 2020 eta 2023 artean egindako adjudikazio guztien batura gainditzen du, eta agerian uzten du erakundeek etxebizitza duina eta eskuragarria eskaintzeko egindako ahalegina.

Eskariaren gaineko presioak handia izaten jarraitzen du: Etxebiden alokairu-erregimenean inskribatutako pertsonen kopurua 76.571ra iritsi zen, 2023an baino % 20 gehiago, inoizko kopururik handiena. Datu horiek etxebizitza babestuaren eta eskuragarriaren politikak bultzatzen jarraitzeko premia indartzen dute.

Euskadiko ekonomiaren portaera irmoa eta aldeko testuingurua

  1. urtean hazkunde moderatua izan zen Europako ingurunean, baina Euskadiko ekonomiak Europar Batasuneko batezbestekoak baino portaera sendoagoa izan zuen.

Euskadiko barne-produktu gordina % 2,2 hazi zen, eta enpleguak hobekuntza nabarmena izan zuen: langabezia-tasa % 7,4ra jaitsi zen eta 992.650 landun zegoen, 2023an baino % 1,7 gehiago. Eraikuntzaren sektorean, enpleguak zertxobait behera egin bazuen ere, barne-produktu gordinari egindako ekarpena % 4,9 handitu zen, produktibitate handiagoaren isla.

Eraikuntza-kostuek presio-faktore izaten jarraitzen dute, nahiz eta horien hazkundea moteldu egin zen: Eraikuntzaren Kostuen Indizeak 119,2 punturekin itxi zuen 2024. urtea, hau da, 2023an baino % 2,1 gehiago, aurreko urteetako hazkunde handien aldean. 2021. urteaz geroztik, kostuek % 20 inguruko igoera izan dute, eta horrek agerian uzten du bultzada publikoak zer garrantzia duen sustapen-jarduerari eusteko garaian.

Bestalde, salerosketa-merkatuak ere portaera positiboa izan zuen. 2024. Urtean, etxebizitza babestuko 1.395 eragiketa izan ziren, aurreko urtean baino % 56,7 gehiago.

Erabilitako etxebizitza libreak dinamismo handia izan zuen, 22.451 eragiketarekin (+% 22,1); etxebizitza libre berriak, aitzitik, pixka bat behera egin zuen, 2.606 eragiketarekin (-% 4,4).

Hipoteka-finantzaketak ere hazkundea izan zuen. 21.006 eragiketa egin ziren, guztira 3.339,5 milioi eurorekin, hau da, 2023an baino % 9,7 gehiago. Batez besteko zenbatekoa egonkor mantendu zen, 158.978 euro ingurutan, eta zalantzazko hipoteken ratioa % 2,5era jaitsi zen, etxeen eta Euskadiko finantza-sistemaren sendotasunaren isla.

Etxebizitzaren prezioaren bilakaera moderatua

Etxebizitzaren prezioak goranzko joerari eutsi zion 2024. urtean, nahiz eta iturri estatistiko batetik bestera intentsitatea oso bestelakoa izan zen. INEk % 8,5eko urte arteko igoera erregistratu zuen, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren tasazio ofizialek, berriz, hazkunde txikiagoak islatu zituzten: +% 2,4 etxebizitza berrietan (2.896,5 €/m²) eta +% 2,2 etxebizitza erabilietan (2.592 €/m²).

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak ondorioztatu du 2024. urtea urte erabakigarria izan dela Euskadiko etxebizitza babestuaren eginkizuna sendotzeko.

Etxebizitza babestuek gero eta pisu handiagoa dute eskaintzan, Etxebiden erregistratutako eskatzaileen kopurua inoizko handiena da eta adjudikazioen kopuruak gora egin du nabarmen; horrek guztiak erakusten du politika publikoak eraginkorrak direla gizarte-premiei erantzuteko, prezioek gorantz egiten ari diren testuinguruan.

Egonkortasun ekonomikoa, eraikuntzaren dinamismoa eta etxebizitza babestuen parke handiagoa uztartzearekin, etxebizitza-merkatu orekatuagoa, irisgarriagoa eta erresilienteagoa lortzen dela esan daiteke.