Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ziurtatu du Bizkaiko bizi-euskarri aurreratuko anbulantzietako medikazioa bermatuta dagoela

0
PRUEBA
  • ESK sindikatuak eman duen informazio okerra gezurtatzen du
  • Joan den udaberrian hornidurarik ezaren arazo puntual bat erregistratu zen Estatuan eta nazioartean, eta gaur egun konponduta dago, eta ez zuen inolako eraginik izan

ESK sindikatuak zabaldutako informazio okerren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du ez dagoela inolako arazorik Bizkanb enpresak kudeatutako Bizkaiko anbulantzietan medikazio faltagatik. Larrialdi-egoerei erantzuteko behar den medikazioa, bihotz-biriketako geldialdiak barne, erabat bermatuta dago gaur egun.

Duela hilabete batzuk, joan den udaberrian, sendagai jakin batzuen hornidurarik ezaren arazo puntual bat erregistratu zen Estatuan eta nazioartean. Hori dela eta, Osasun Ministerioak alerta bat igorri zien autonomia-erkidegoei (AEMPS-Espainiako Sendagaien eta Osasun Produktuen Agentziaren alerta), sendagai horiek atzerriko erosketa-prozeduraren bidez eskuratzea baimentzeko. Hala ere, beste herrialde batzuetan eskuragarritasuna ere mugatua izan zen, eta horrek aldi baterako atzerapenak eragin zituen.

Bizkaian, egoera horrek eragin puntuala izan zuen, eta ez zuen eraginik izan pazienteen osasun-arretan eta segurtasunean. Harrezkero, erabat konpondu da egoera, eta guztiz bermatuta dago funtsezko farmako guztien hornidura.

Horregatik guztiagatik, Osasun Sailak gezurtatu egiten ditu anbulantzietan gaur egun medikaziorik ez dagoela adierazten duten informazioak, baieztapen horiek okerrak direlako eta herritarren artean beharrezkoa ez den alarma sor dezaketelako.