PEDIATRIAREN MUNDUKO EGUNA, GAUR URRIAK 8
- Ekimen honen bidez, programatutako zitetara joaten diren 14 urtera arteko haurren kopurua % 25 handitzea lortu du.
- Urtebetean, Osakidetzak 40.000 mezu inguru bidali ditu, eta 15.600 haur baino gehiagori zita ematea lortu du
- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak haurren eta nerabeen osasuna prebenitzeak eta sustatzeak duen garrantzia azpimarratu du, eta familiei dei egin die Haurren Osasunerako Programaren barruan ezarritako aldizkako azterketen egutegia bete dezaten
Gaur, urriaren 8an (asteazkena) Pediatriaren Eguna ospatzen da. Hori dela-eta, Osasun Sailak eta Osakidetzak berriro ere azpimarratzen dute haurren eta nerabeen osasunaren sustapenak eta prebentzioak duten garrantzia. Horretarako, familiak animatzen dituzte Haurren Osasunerako Programaren barruan ezarritako aldizkako azterketen egutegia betetzera. Egutegi horrek haurrak 14 urte bete arte egin behar dituen ekintzak biltzen ditu. Jarraipena bermatzeko, Osakidetzak SMS bat bidaltzen die 6, 8, 10 eta 13 urteko seme-alabak dituzten familiei, zita hartu behar dutela gogorarazteko. Ekimen horrekin, programarekiko atxikimendua % 25 inguru handitzea lortu da.
Haurren jarraipena egiteko ardura duten Pediatriako taldeek antzeman dute 6 urtetik gorako haurren kasuan murriztu egiten dela programa horrekiko atxikimendua. Horregatik, joan den urtetik, Osakidetzak SMS bat bidaltzen die 6, 8, 10 eta 13 urteko seme-alabak dituzten familiei, zeinak berrikuspenera joan behar izan zutenetik sei hilabete igaro ondoren oraindik ez baitira joan. Mezuak 2024ko martxotik 2025eko martxora bitartean bidali dira, 39.231 mezu guztira, eta emaitzak oso onak izan dira; izan ere, aurtengo irailera arte 15.600 haur baino gehiago zitatzea lortu da. Mezu hori bidali gabe, ziur aski, ez ziren dagokien berrikuspenera joango, eta, gainera, ez da ahaztu behar familiek sei hilabeteko epea dutela zita eskatzeko SMSa jasotzen dutenetik. Aurreko urteko aldi berean baino % 25 zita gehiago izan dira, aldi horretan ez baitzen oroigarri hau bidali.
Osakidetzak Haurren Osasunerako Programa (PSI) hedatu du, punta-puntako dokumentua da, Lehen Mailako Arretako osasun-zentro guztietan haurren osasuna zaintzeko jarduera sanitarioak ezartzen dituena, ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Dokumentu horrek honako hauek finkatzen ditu, adibidez:
- Bisita-egutegi estandarizatua, adinen araberakoa.
- Bisita bakoitzean egin beharreko jarduerak, hala nola: garapen fisikoa gainbegiratzea, baheketak (orpoaren proba, hipertentsioa, gaixotasun zeliakoa eta abar), aho-hortzen osasunaren zainketa, gripea eta bronkiolitisa prebenitzea, eta beste txerto mota batzuk.
- Jarduera bakoitzean esku hartzen duten profesionalak eta jarduerari eskaini beharreko denbora.
- Familientzako informazio eta dokumentazio homogeneoa.
HOP funtsezko tresna bihurtu da haurren osasun egokia bermatzeko, bai gaixotasunen agerpenari aurrea hartuz, bai goiz detektatuz, garaiz heldu ahal izateko. Programaren bidez, funtsezko alderdiak indartu ahal izan dira, hala nola elikadura, garapen motor edo kognitibo egokia, gaixotasunen detekzio goiztiarra baheketen bidez, eta alderdi emozionalak. Horretarako, funtsezkoa da haurraren osasun-kartilan adierazitako aldizkako azterketa eta kontroletara joatea.
«BIZITZAKO LEHENENGO MILA EGUNEN» GARRANTZIA
Gainera, Pediatriaren Egun honetan, Osakidetzak prebentzioa eta osasunaren zaintza azpimarratu nahi ditu bereziki jaio aurreko etapan eta jaio ondorengo hilabeteetan. Horiexek dira bizitzako lehenengo mila egunak (hots, haurdunalditik 2 urtera bitartean). Iratxe Salcedok, Osakidetzako Pediatriako arduradunak, honela definitzen ditu: «Denbora-tarte erabakigarria da, bertan ezartzen baitira osasunaren oinarriak, garunaren garapena, immunitatea eta gaitasun emozionalak».
Etapa horretan hainbat faktorek eragin zuzena dutela epe luzeko osasunean, hala nola amaren nutrizioak, ingurune emozionalak, lotura afektiboak eta familia-inguruneko gizarte-baldintzak. Ildo horretan, nabarmentzekoa da emaginak haurdunaldian zehar duen garrantzia; izan ere, elikadura orekatuari, edoskitzeari, osasun mentalari, jaio aurreko loturari eta erditzeko prestakuntzari buruzko orientazioa ematen du, baina arreta integralagoa behar duten balizko kalteberatasun-egoerak ere behatzen ditu.
«Emaginek, Pediatriako erizainek eta pediatrek misio komun bat partekatzen dugu: familiei lehen taupadatik laguntzea, haur bakoitzak bere potentzial guztia zabaldu ahal izan dezan», gehitu du Salcedok, lan koordinatua adingabe bakoitzaren garapen eta ongizate aukera onenak bermatzeko giltzarria dela ziurtatuz.