Garabide elkarteak antolatutako ADITU ikastaroaren baitan, munduko hizkuntza gutxituen komunitateetako ordezkariek Eusko Jaurlaritza bisitatu dute gaur euren egonaldiko jardueren barruan.
Taldea Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hartu du, eta bileran hizkuntza gutxituen sustapenean eta normalizazioan Eusko Jaurlaritzak garatzen dituen politikak ezagutzeko aukera izan dute.
Bisita hau ADITU ikastaroko egitarauaren barnean kokatzen da; bertan, hizkuntza gutxituen aldeko nazioarteko aktibistek euskararen biziberritze prozesua gertutik ezagutzen dute, esperientzia hori beren komunitateetara eramateko helburuarekin.
ADITU ikastaroa Garabide elkarteak antolatzen du eta bere baitan, hizkuntza gutxituak dituzten hainbat komunitateetako 20 pertsona inguru Euskal Herria bisitatzen ari dira euskararen biziberritzean egindako ibilbidea ezagutzeko. Hilabete eta erdiz, euskararen alde modu batean edo bestean lanean ari diren zenbait erakunde ezagutu eta hizkuntzan adituak direnen partetik formakuntza saioak jasotzen dituzte.